Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:02

TARTEA;2009-01-29;Mikroidazle handiak. Ruper Ordorika musikariak banatu dizkie sariak Atarrabian (Nafarroa) Euskara Kultur Elkargoak eta Pamielak antolatutako III. Mikroipuinen Lehiaketako irabazleei.

Ruper Ordorika musikariak banatu dizkie sariak Atarrabian (Nafarroa) Euskara Kultur Elkargoak eta Pamielak antolatutako III. Mikroipuinen Lehiaketako irabazleei.

Mikroidazle handiak

Iñigo Astiz

Atarrabia

Ehun bat hitz gehienez. Hori zen Euskara Kultur Elkargoak eta Pamielak antolatutako III. Mikroipuinen Lehiaketara aurkeztutako lanek bete beharreko baldintza. Hartara lotu behar izan zuten idazle guztiek, Nafarroako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak denak. Mikroidazleak, beraz, bai adinez, bai lanbidez. Mikroidazle handiak esan behar, halere, saritutako lanak ikusita.

Atzo izan zuten sariketa eguna, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako kiroldegian (Nafarroa). Hutsik zeuden gelak, horregatik, eguerdian, eta ikasle, irakasle eta gurasoz beteta, aldiz, kirol gunea. Sariketa ikusi eta Ruper Ordorika entzutera bildu ziren denak, hura aritu baitzen sariak banatze lanetan. Bide batez, kanta batzuk ere jo zituen gitarra eta Arkaitz Miner musikaria lagun hartuta.

«Zer harreman dute kantuak eta mikroipuinak, ba?», egin zuen galdera Ordorikak mikroa hartu eta berehala: «Nik uste dut elkarren ondoan daudela, kantuen bitartez kontatu baititu euskaldun jendeak, urteetan zehar, bere istorioak». Hori eman zuen erantzuna.

Sortuz dibertitzearen garrantzia azpimarratu zuen Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko kideak. «Zer edo zer egiteko ausartu egin behar da, eta gero ur sakonetan sartu, eta sortu».

Euskarak idazleak behar dituela esan zien ikasleei Koldo Martinez Euskara Kultur Elkargoko lehendakariak. «Idazleak, bai, baina, batez ere, irakurleak; eta ongi idazteko, guztiz beharrezkoa da irakurtzea. Beraz, idazten eta irakurtzen jarraitu ezazue mesedez».

Jende artean ikasleak ziren nagusi, eta adi entzun zituzten guztien hitzak. Ia guztiek. Lengua y literatura izenburuko liburua eskutan, azken errepasoa egiten baitzebilen baten bat. «Ekitaldia bukatzean, azterketa daukat», eman zuen azalpena, eta ezin, beraz, arreta bete-betean mantendu.

Baten eta besteen hitzen ondoren heldu zen sarien ordua, eta taula gainera igo ziren finalista izendatutako eta ohorezko aipamena jasotako ikasle guztiak; 8 urteko Nerea Martinez, 10 urteko Ohian Urra, 13 urteko Beñat Ziarra, 16 urteko Xabier Alzuguren, 11 urteko Joseba Irazoki eta 10 urteko Olatz Medrano. Lehen saria jaso zuen 14 urteko Ainhoa Asiain igo zen azkenik.

Makro txaloak mikroipuinei

Bere ipuina irakurri zion jendeari mikroidazle bakoitzak mikrofonotik. Eta barre algarak eta txalo zaparradak eragin zituzten guztiek. Makro txaloak, eta makro algarak. Malkoren bat ere isuri zuen, ordea, inork. Hunkituta zegoen, egon ere, Isabel Ramos. Biloba zuen sarituetako bat. «Tafallako ikastolako sortzaile lanetan aritu ginen senarra eta biok. Hila da, ordea, hura, eta negar pixka bat ere egin dut, ekitaldian harekin gogoratu bainaiz».

Sarituei aurreskua dantzatu zieten gero, dantzariek, eta azken kanta jo zuen Ordorikak. Bukatu, eta berehala hasi ziren ikasleak «beste bat, beste bat» oihukatuz. Gustura zeuden, noski; klasean baino gusturago. «Eskolara itzuli beharko dugu ba!», esan zien txantxetan Ordorikak. Berehala jaso zuen erantzuna. Aho batez. Indartsu. Irmo. «Eeeeeeez!».

Hamar minutu geroago, klasean ziren gehienak. Lengua y Literatura-ko azterketa egiten baten bat.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia