Inauteriak dituzte Ituren eta Zubietan egunotan. Iturenera joateko txanda zuten atzo Zubietako joaldunek, eta bisita bueltatzekoa dute gaur iturendarrek.
Herriak bat eginda
Iñigo Astiz
ZubietaJoareak bizkarrean jantzi eta Iturenera joan ziren atzo Zubieta eta Aurtitz auzoko joaldunak. Inauteriak dira egunotan Nafarroako herriotan. Joaldunena aspaldiko ohitura da, eta bizi-bizi dago oraindik. Atzoko eguna horren erakusle. Goian-behean ari zuen euria, baina berdin-berdin atera ziren herritarrak kalera. Haiek ziren protagonista, bateko eta besteko, denak bat eginda.
Ez ziren dena joaldun gisa atera, halere. Joareak janzteko zaharregia dela zioen Imuntzio Apeztegia aurtiztarrak. Semea eta iloba janzten laguntzen zebilen, halere, herriko elkartean. Bost urte ditu Unaxek, baina atzokoa ez zuen joareak janzten zituen lehen aldia. Soka ongi estutzen ari zitzaion aitona. «Begira, zein argazki polita», hurbildu zen herriko lagun bat kamera digitala eskutan zuela, «hiru belaunaldi, denak joareekin!».
«Oso egun bereziak dira inauteriak guretzat», zioen Kepa Leiza aurtiztarrak. «Ilusio handia izaten dugu egun hauek heltzeko, txiki-txikitatik». Bistakoa zen hori elkartea joareak bizkarrean jarrita zituzten umez beteta zegoela ikusita.
Mozorro batzuk ere baziren kalean joaldunak atera baino lehen, hortzik gabeko motozerra eskutan, iskanbila ederra sortu, eta inauteriak ezagutzera autobusetan joandako eskola haur, gazte eta turistak izutuz.
«Mozorroak eta karrozak ongi dira», zioen Leizak. «Orain lehen baino lasaiagoa da. Duela urte batzuk oso basatiak izan ziren, eta orain, aldiz, gutxiago. Telebistek, azkenean, hori baino ez zuten ateratzen, eta inauteriak joaldunak dira, eta ez bisitan zetorren jendeari botatzen zitzaion kaka eta pixa».
Joareak janzten zebilen Josu Azpiroz ere, Iturengo herriko etxearen sabaian. Lagunaren oina zuen aldakan, eta indar guztiz ari zitzaion joareak lotzen zizkion sokari tiraka. Gogorrago, gogorrago, eta «listo!». «Minik ez da izaten», zioen Azpirozek irribarrez, «norberak hartu behar dio neurria. Gainontzekoak bezala, neurrian egin behar da hau ere».
Ardi larruak emandako beroa zela eta, izerditan zegoen. Ez zuen neke aurpegirik, ordea. «18, 20 urte inguruko gazteek izaten dute neke aurpegia. Dena batera egin nahi dute eta, festa eta joaldun aritu. Denborarekin ikasten da dena ezin dela».
Zapi gorria lepora lotu, ttuntturroa buruan jantzi, eta prest zegoen Azpiroz joareak dantzan jartzeko. Felixi Iparragirrek lagundu zion azken janzkiekin. Berak egindakoa zen Azpirozek buruan zeraman txanoa. «Urrun-urrundik begiratuta ere ezagutzen ditut nik nire eskuz egindako ttuntturroak!».
Lumak izaten dituzten tontorrean, urre koloreko hari batzuk beherago, eta hamaika koloretako tirak goitik beheraino. Ez zuen azalpenetan galtzeko denbora handirik, halere. «Korrika noa, oraindik jantzi egin behar dut eta. 72 urte ditut, baina banoa mozorroz janztera. Halakoa naiz, eta zer egingo diogu ba?».
Elkar laguntzen dute joaldunek janzteko orduan. Pixkanaka-pixkanaka gero eta kamiseta gutxiago ikusten ziren Iturengo sabaian, Aurtizko elkartean, eta Zubietako herriko etxean. Gero eta kamiseta gutxiago, eta gero eta joare gehiago.
Emakumezko joaldun bi baino ez, halere. Biak Iturenen. Jone Altxu zen haietako bat. «Urteak daramatzagu inauterietan atera gabe, eta aurten animatu egin gara». Bakarrak izan dira ateratzen, baina ez dira herrian joareekin ibiltzen diren emakume bakarrak. «Askok dakite joareekin ibiltzen, ez pentsa, errege bezperan baino ez dira ibiltzen, ordea. Egun ofizialean, baina, ez, gu bakarrik aritzen gara egunotan».
Joare denak bat
Ez dago hots bera duen joarerik. Grabeagoak dira batzuk, zorrotzagoak beste batzuk. Bakoitzak bere soinua dauka. Batu egiten dira denak, ordea, joaldunak martxan hasita. Herrikoak herrikoekin lehenik, eta guztiak elkar hartuta, ondoren. Urtero bezala, Aurtizkoekin elkartuta joan ziren atzo zubietarrak Iturengo Lasaga auzora, eta han bildu ziren ongietorria egitera joan zitzaizkien iturendarrekin. Orduan izan zen soinurik handiena, denak Iturenera elkarrekin joatean.
120 bat joare, 120 bat hots, eta kolpe bakarra, halere, bat eginda baitzihoazen 60tik gora joaldun. Iturendarrak lehenik, aurtiztarrak ondoren, eta zubietarrak azkenik.
Ez omen zuten, halere, joareek ohiko burrunba ateratzen. Goitik behera ari zuen euria, eta hark itzaltzen omen zituen. «Joareetan ere sartu da ura-eta!», zioten herritarrek. Ez zuen luze jotzen erantzunak, halere. «Bai eta azkar atera ere!». Eguraldi horrekin, zubietarrek izan zuten okerren, gerria baino ez baitie estaltzen haiei joaldun jantziak, iturendar eta aurtiztarrei ez bezala. Bizkarra ere estalita izaten dute haiek.
Hartzak eta adarjolea izan zituzten lagun bidean joaldunek. Eta baita mozorroak ere. Denetarikoak: toreroak, zezenak... Bisita itzuliko diete gaur iturendarrek zubietarrei, eta hala bukatuko dira aurtengo inauteriak.
Inauteriak, kultur intereseko ondare
Inazio Ariztegi - Isipugilea
«Hemendik aurrera ere izango da isipugilerik»
I. Astiz
IturenAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
