Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:58

KULTURA;2009-01-27;ARBELARI BEGIRA. Tribuaren berbak

Tribuaren berbak

Arbelari begira

Ainara Gorostitzu

HUHEZIk antolaturiko Euskal Kulturgintzaren transmisioaren gradu ondoko ikastaroko lehen egunetik zenbaki bat darabil buruan ikasleak: 9.000. 9.000 lagun inguru direla euskararen inguruko produktuen kontsumitzaileak, hala azaldu zuen Maialen Lujanbiok sarrera hitzaldian. Eta zenbaki horri oso loturiko ideia bat azpimarratuz hasi du Mikel Irizarrek bere hitzaldia: «Euskaldunok minoria bat gara gure etxean». 9.000. Minoria. Eta egoera horren aurrean, hiru jarrera etorri zaizkio burura ikasleari: bata, bertan goxo gelditzea; bigarrena, zenbaki horrekin etsitzea; eta hirugarrena, zenbaki edo egoera horri buelta emateko jarrera aktiboa hartzea.

Hirugarren bide horri heldurik eskaini du Mikel Irizarrek bere hitzaldia, AED, ArKo eta Kutxako esperientziak baliatuz. Euskalgintzan egindako ibilbidean jarrera aktiboa bezala, positiboa erakutsiz, kontrako zenbaki edo egoeraren aurrean: «Inplikatzaileak eta parte-hartzaileak diren proiektuak sortuz egiten da aurrera», laburbildu du bere ibilbidea.

Gaur egun, «ziklo baten amaieraren krisian» ikusten du euskalgintza Irizarrek. Krisi egoera horretan, gizarteko euskalgintza indartzen ikusten du, aldiz, aginteko euskalgintza «erasokor», «bere baitan ahul» -«euskararen etsairik handienetakoa bilakatzen ari da ETB2, euskararik dagoela ere ez dakien 'vascoa'-ren irudia saltzen ari baita»- eta «politikoki kolokan ikusten du». Ondorioz, urteetan politikan edukitako fedea gainditu edo alboratu eta gizarteko euskalgintzaren «oinarri komunak» bilatzea proposatzen du.

«Ahalmena gure eskuetan dago, eta guk egin behar dugu». Federik izatez gero, tribuarengan du fedea Irizarrek: «Herria, nazioa... hitz problematikoak dira; euskara zuzenean ala zeharka jaso dugunok osatzen dugu tribua, eta tribuaren izaeraren funtsa horixe da, jaso, erabili eta geroratzea, hau da, transmititzea». «Baina, nola?» pentsatu du ikasleak. Eta lau proposamen eskaini ditu euskalgintzan arituak: Lehenik, «sare sozialetara itzultzearen premia» aldarrikatu du; bigarrenik, «lobbyetan antolatzea»; hirugarrenik, «hegemoniak baliatuz agintetik eragin» behar dela uste du; eta laugarrenik, politikariak limurtu behar direla, «haurrak bezala tratatu behar dira».

Baina ahalmena «gure eskuetan» dagoen arren, transmisioaren bidean galerak onartzen ditu tokiko komunikabideetan adituak. «Kultur industria garestietan ez tematzea» proposatzen du, eta «politikan eta lurraldetasunean» ez sartzea.

Garapenean galerak daudelako eta transmisioa ez delako kontserbazionismoa, tribuak planteamendu oinarrizkoetara itzuli behar duela dio Mikel Irizarrek. 9.000 zenbakiaren eta minoriaren aurrean, jarrera aktibo eta positibotik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia