Bilboko udalaren eta Kafe Antzokiaren arteko bilera akordio barik amaitu da
Kafe Antzokiaren edukiera 420 pertsonakoa baino handiagoa izateko biderik ez dute oraindik lortu
Proiektuaren bideragarritasunerako beharrezkotzat jo dute edukiera handitzea
Ekaitz Goienetxea
BilboEz da erraza izango. Bilboko Kafe Antzokiak ateak betirako itxi ditzake eta proiektu osoa bertan behera gera daiteke irtenbide bat aurkitu ezean. Oraingoz, soluzio argirik ez du inork aurkitu. Bilboko Udaleko eta Kafe Antzokiko ordezkariak bildu egin ziren atzo eguerdian, zer edo zer adosteko asmoz, zer edo zelan aurrera egiteko aukeraren bat aurkitzea posible zen ikusteko. Baina, akordiorik lortu gabe bukatu zuten bilera, eta arriskuak bere horretan jarraitzen du.
Kafe Antzokian, gehienez, 420 pertsona sar daitezke, Udal araudiari kasu eginez gero. Edukiera hori handiagotzea beharrezkotzat jo dute Kafe Antzokiko arduradunek, antzokia eta kulturgune modura duten proiektua bideragarria izan dadin. Ez dute adostu irtenbide posiblerik. Antzokiko kideek, bileraren ostean, ez dute baloraziorik egin gura izan. Urte hasieran itxi zuen Bilboko Udalak Kafe Antzokia, urtarrilaren 10ean, hilabete baterako, zigor modura, eta 2.000 euroko isuna ezarri zion. Udalak emandako arrazoia: iazko apirilaren 2an izandako kontzertu baten baimendutako ikusle kopurua bikoiztu egin zutela. Udaltzainek 920 lagun zenbatu zituzten.
Hala ere, Kafe Antzokiko beharginek uste dute kulturgunearen edukiera handiagoa dela, eta bezeroen segurtasuna ez dutela arriskuan jarri. Xabier Monasterio Kafe Antzokiko kideak azaldu zuenez, «gauza bat da legezko edukiera eta beste bat egiazkoa: Kafe Antzokian egon den nornahik badaki 420 lagun egonez gero erdi hutsik dagoela aretoa». Udalak esan zien antzokiak baduela jende gehiago sartzeko edukiera, teknikoki posible izango litzatekeela, lanen bat eginez gero: atzealdean beste irteera bat jarrita.
Proiektua arriskuan
Ostalari gehiago daude Bilbon egoera berberean, eta Hirigintzako udal arautegia aldatzea aztertzeko eskatu diote oposizioko alderdiek gobernu taldeari. «Bilboko erdigunean halako lokal gehiegi dagoela uste du Udalak, eta, ondorioz, ezin da taberna berririk zabaldu, ezta daudenak handitu ere», esan zuen Monasteriok BERRIAk hari egindako elkarrizketan, eta gogoetarako hainbat galdera planteatu zituen.
Kafe Antzokiak ekonomikoki bideragarria izateari uzten badio, hainbat jarduera geratuko dira aurrera egin ezinik, prentsa ohar bidez herenegun azaldu zuten moduan: «Hamahiru urteotan Bilboko eta Euskal Herriko kulturgintzari egin diogun ekarpenak porrot egingo du eta, harekin batera, neke handiz sortu ditugun 50 lanpostuak galduko dira, bere edukieraren erdiarekin Kafe Antzokiaren jardunbideak ez baitira bideragarriak».
Euskal dantzak, hitzaldiak, tailerrak, Kurkuluxetan umegunea -domekero umeentzako jaiak, musika eta antzerki eskola...-, Bilbo Hiria irratia, Ondarroak Kafe Antzokia... Hainbat ekimen eta proiektu mugitzen dira Bilboko Kafe Antzokiarekin batera, eta denak galtzeko arriskuan egon daitezke. Eta 50 lanpostu ere bai, jarduera horiek guztiak posible izateko behar egiten duten langileak, eta baita, zeharka bada ere, jarduera horien antolamenduan aritzen diren gainerako talde eta norbanakoak ere, «kale gorrian» gera daitezke guztiak, jakinarazi dutenez.
«Kafe Antzokiak bi xede nagusi eskuratu ditu», prentsa oharrean nabarmentzen dutenez, «alde batetik, hemengo zein kanpoko kulturen agertoki bihurtu da eta, bestetik, aditu askok diotenaren arabera, kultura emanaldiei dagokienez, bere edukiera mailako aretoen artean, Europako laugarren garrantzitsuena da».
Sinadura bilketa
Beren burua kinka larrian ikusita, atxikimenduak biltzeko kanpaina bat abiatu dute. Dagoeneko 2.600 atxikimendu lortu dituzte pasa den barikutik hona. «Hau hasi baino ez da egin, eta egun batean atxikimendu uholde benetan harrigarria jasotzen ari gara. Ez dago hitzik elkartasun olatu hau deskribatzeko», adierazi dute webgunean. Hain zuzen, hantxe irakur daiteke Kafe Antzokikoen adierazpena, eta sinatu haren alde, www.kafeantzokia.com helbidean.
Lanbide eta joera guztietako euskaldunek sinatu dutela argitu dute, «baita erdaldunek ere». Izan ere, Kafe Antzokia sortzetik euskalduna izan bada ere, erdaldunek izan dute tarterik, «eta jende horrentzat euskal kulturaren erreferente bakarra da» antzokia, Bilbo bezalako hiri handi baten. Atxikimendu bakoitzak proiektuaren bideragarritasunaren alde beharrean jarraitzeko «adorea» ematen diela adierazi dute.
1995ean, «utopia»
Bi milatik gora lagunek sinatu duten adierazpenean kulturgunearen sorreratik gaur egunera egindako ibilbidea gogoratzen dute: «1995ean zabaldu zen, Bilboko erdigunean. Garaian utopiatzat jotzen zena, gaur egun errealitate oparoa da; euskal kulturan oinarritua, era berezi, zabal eta eraginkorrean garatua».
Aurrera egiten jarraitzeko, atzealdean irteera ate bat ipintzea nahikoa izan daiteke, horrela edukiera handitu eta bideragarritasuna bermatu ahal izateko. Baina, Udalak oraindino ez die baimenik eman, alderdi hori ostalaritza lokalez gainezka dagoela uste duelako, antzokikoek jakinarazi dutenaren arabera. Dena den, kulturguneko kideak «konponbide hori lehenbailehen gauzatzearen alde» agertu dira, eta «partaide, bezero eta herritar askoren babesa» izateaz ziur agertu dira.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
