Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:57

KULTURA;2009-01-18;Kantuaren ospakizuna. Hamar urteko ibilbidea jasotzen duen zuzeneko disko bat eta DVD bat grabatu ditu Bide Ertzean taldeak Tolosako Leidor aretoan, bi orduko emanaldi biribilean. Teknikoki eta artistikoki, akatsik gabea.

Hamar urteko ibilbidea jasotzen duen zuzeneko disko bat eta DVD bat grabatu ditu Bide Ertzean taldeak Tolosako Leidor aretoan, bi orduko emanaldi biribilean. Teknikoki eta artistikoki, akatsik gabea.

Kantuaren ospakizuna

Jon Eskisabel

Tolosa

Beti geratuko zaigu kantua da Bide Ertzean-ek hamar urteotan zabaldu duen esangabeko leloa. Bere lehen abestitik, Bide ertzeanZutaz kantatzeko jaio bide nintzen mundura»), kantuaren aldarria egin du taldeak, haren indar eta ahalmenaz sinetsita dagoela erakutsi, gutako bakoitzaren baitan kantu bat dagoela adierazi. Eta, bestela, bera dago guri emateko. Hamarkada bat geroago ezer ez da aldatu, kantuak jarraitzen du ardatz nagusia izaten, horixe baita, azken finean, taldeak eskaintzeko duena, joan den ostiralean Tolosako Leidor antzokian estreinatu zuten Grafitti kantuak dioen bezala: «Musutruk eskaintzen ditut bi akorde ziztrineko kantuak». Taldearen urtemuga ospatzea zen helburua, eta, bidenabar, tarte horretan Bide Ertzean-en abestiak eta taldea bera nola hazi diren baieztatzeko aukera ematea.

Ia urtebeteko lan neketsuaren emaitza aurkezteko ordua zen. Taldeak zale eta lagunekin partekatu nahi zuen egun handia, handinahikeriarik gabe, sortu zenetik erakutsi duen izaera zintzo eta apalari bizkarra eman gabe. Kantuak izan zitezela protagonista. Hortaz, ez gonbidaturik ez arreta foku nagusitik desbidera zezakeen beste ezer. Bost musikari taula gainean, egiten dutena ondo eta maitasunez egiten dutela erakusten. Haien inguruan, agertokian barreiaturik, hainbat lanpara, batzuk lurrean, beste batzuk zutik, giro epel eta babestua sortzen. Atzealdean, emanaldi osoan, oso ondo aukeratutako irudi ederrak, asmo estetizista hutsaren gainetik ekarriak.

Imanol Ubeda (ahotsa, gitarrak eta ahosoinua), Joni Ubeda (baxua eta ahotsak) eta Karlos Aranzegi (bateria) jatorrizko hiru taldekideei, Bide Ertzean-en bilakaeran ezinbestekoak diren bi musikariek lagundu zieten: Fran Iturbe (gitarrak eta ahotsak), Los Angelesko bizitokitik etorria ospakizunerako, eta Joserra Senperena (pianoa, hammond-a, fender rhodes-a, akordeoia eta ahotsak). Dena zainduta zegoen, baita emanaldiari sarrera emateko kantua ere, Buffalo Springfield-en For what it's worth (Zerbaiterako balio badu). Ramon Agirre aktoreak ongietorria eman ostean agertu ziren bost taldekideak, txalo zaparrada bero eta luzea eraginez. Hasiera-hasieratik ekin zioten, Bide ertzean kantutik, bidea errepasatzeari. Teknikoki eta artistikoki akatsik gabekoa suertatu zen bi orduko emanaldi baten abiapuntua izan zen, zeinean orain arte argitaraturiko sei diskoetatik hartutako hogeitik gora kantu eskaini zituzten Iturbek, Aranzegik eta Senperenak eraikitako tarte elektriko sutsuekin (Sinetsi nahi dut, Ia dena eta Zuk esan, hirurak jarraian, izugarri distiratsu agertu ziren, hala nola Bihar helduko natzaizu) eta taldearen sen akustikoak bereganaturiko pasarte intimistekin (Ekaitza naiz, Iritsi dira notiziak, Iturberen gitarra solo eder luze batek burutua, Hotel Bel-Air). Taldearen orain arteko azken diskoko kantuek, Non dira-koek, hartu zuten emanaldiaren erdialdeko zatia, eta Imanol Ubedak 36ko gerran galtzaile izan zirenak gogora tzeko eta haien balioak aldarrikatzeko baliatu zituen kantuen arteko tarteak. Geroago, euskal presoei eskaini zien Badator eguna.

Amaiera gertu zegoela, eskerrak emateko ordua heldu zen. Sentikorrenak Iturberentzat («pilo bat ikasi dugu zurekin») eta Senperenarentzat («bera izan da zuzenekoaren proiektu honetan gehien bultzatu gaituen pertsona»). Eta jarraian Gurea ekarri zuten («Gaurko gaua gurea izan dadila, har dezagun atseden lehertu baino lehen»), Atsegin ditut-ekin agur esan aurretik. Bisetarako, Hiri emanen dizkinat eta Zerotik hasi aukeratu zituzten, azkenengo agurra modu esanguratsuenaz eman aurretik: mikrofonorik gabe, a cappella eta gitarra akustikoak desentxufaturik, lagun arteko giroan, bost kideak 13 rosas rojas abestuz, kantuaren ospakizuna eginez.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia