Dantzaldi ibiltariak egingo ditu Aiko taldeak Bizkaian
Dantza tradizionalean aritzeko aukerak sortzeko xedearekin egingo dituzte hainbat ikastaro eta erromeria
Irune Berro
BilboOhiko moldeetatik aparte, dantza ikasteko bestelako erak ere badaudela pentsatzen dute Aiko taldeko dantzariek. «Naturalagoak, dibertigarriagoak», azaldu du Patxi Laborda koreografo eta dantzariak. Horregatik antolatu dituzte dantzaldi ibiltariak. Dantzan egiteko gogoa duten gazte eta helduei oinarrizko pausoak irakasteko. «Dantza tradizionalak modu dibertigarrian ikasteko eta gozatzeko».
Bizkaiko hamalau herritan egingo dituzte. Honako hauetan: Bermeon (otsailaren 12an), Bilbon (apirilaren 30ean), Erandion (otsailaren 19an), Etxebarrin (apirilaren 16an), Gernikan (apirilaren 2an), Getxon (martxoaren 5ean), Gordexolan (otsailaren 5ean), Igorren (urtarrilaren 29an), Plentzian (martxoaren 12an), Sestaon (otsailaren 26an), Sodupen (martxoaren 26an), Urduñan (apirilaren 23an) eta Zaratamon (urtarrilaren 22an). Ordu bi iraungo dute ikastaroek. Eta Labordak azaldu duenez, edozeinek parte har dezake. Ez da beharrezkoa eskarmenturik izatea. Interesa izatearekin aski da. «Ez dugu goi mailako dantzarik erakutsiko, guzti-guztiek dantza ditzaketen pauso eta piezak baizik». Ikastaroak doakoak izango dira. Hori bai: beharrezkoa da aurrez izena ematea, 646 336 147 telefono zenbakira deituta edo www.aikotaldea.com webgunean.
Horretaz gain, ikastaro trinkoa egingo dute Durangon, martxoaren erdialdera bitartean. Ikasitakoa praktikan jartzeko, berriz, erromeriak egingo dituzte hilean behin Plateruenan, martxoaren akaberatik urtea amaitu arte.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
