Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:55

TARTEA;2009-01-07;EZARIAN. GALILEO GALILEI. Izarren mezularia . Galileo Galileik bere teleskopioa izarretara begira jarri zuen lehen alditik 400 urte beteko dira aurten. Horrekin zientziaren bidea inork gutxik bezala argitu zuen.

Galileo Galileik bere teleskopioa izarretara begira jarri zuen lehen alditik 400 urte beteko dira aurten. Horrekin zientziaren bidea inork gutxik bezala argitu zuen.

Izarren mezularia

Irune Lasa

Donostia

Duela 400 urte Parisen jostailu moduan saltzen ziren, 1609ko udaberrian. Teleskopioa aurreko udazkenean asmatu zuen Herbehereetan bizi zen Hans Lippershey betaurrekogileak, baina Galileo Galileik ez zuen tresnaren berririk izan 1609ko uztailera arte, Venezian bisitan izan arte. Zientzialaria berehala jabetu zen asmakizunaren balioaz. Urrutiko objektuak ikusteko gaitasunak balio militar handia izango zuen Venezian, eta, zer esanik ez, baita balio komertziala ere, garrantzitsua baitzen porturatzen ziren itsasontziak identifikatzen lehena izatea

Oraindik Venezian zegoela, Galileok jakin zuen herbeheretar bat Paduan zela tresna berri horietako batekin. Berehala abiatu zen Galileo garai hartako bere etxera, Paduara. Baina iristerako herbeheretarra joana zen, Veneziara: Dux-ari saldu nahi zion gailua. Aukera izugarria galtzear zegoela sumatu zuen Galileok, eta, zoratuta, teleskopio propio bat egiten hasi zen, asmakizunaz soilik tutu batean ezarritako bi leiar zituela jakinda.

24 orduan, garaiko teleskopio onena egin zuen. Bi leiar ahur erabiltzen zituen bertsio holandarrak, eta, ondorioz, irudi alderantzikatua eskaintzen zuen. Galileok egun bakarrean landutakoak, berriz, leiar ahur bat eta leiar ganbil bat konbinatzen zituen eta horrela irudi zuzena eskaintzen zuen. Lorpenaren berri emanez mezua bidali zion Veneziako senatuko aholkulari zen Paolo Sarpi lagunari, eta hark holandarraren tresnari buruzko erabakia atzeratzea lortu zuen.

Abuzturako itzuli zen Galileo Veneziara, denbora tartea baliatuz landutako hamar handitzeko teleskopio ederrarekin -bestearen teleskopioa hiru handitzekoa zen. Demostrazioa San Marko plazako Campanilen egin zuen eta ikusleak harrituta gelditu ziren: bi kilometro eta erdira zegoen Murano bertan, 300 metrora izango balitz bezala ikusten zen! Arrakasta itzela lortu zuen Galileok eta teleskopioa Veneziako Duxari oparitu zion. Ordainetan, Paduako Unibertsitatean bizitza osorako lanpostua eta soldata bikoiztea erdietsi zuen.

1609ko abendurako, 20 handitzeko gailua zuen landuta. Eta zerura, izarrei begira jarri zuen. Ilargiaren faseak behatuz, jabetu zen ez zela esfera berdin perfektua, teoria aristotelikoak hala baieztatzen zuen arren. Are gehiago, Ilargiak mendiak zituela ondorioztatu zuen.

Jupiterren ilargiak

Esne Bidea ezin konta ahala izarrez osatua zegoela ere ikusi zuen teleskopioarekin, eta ustez izarrak ziren batzuk egiaz izar multzoak direla.

Gaurko egunez, 1610eko urtarrilaren 7an, Jupiterrek bere inguruan hiru izar txiki zituela ikusi zuen. Gau batzuk gehiago eta laugarren bat ere topatu zuen. Gaur egun Kalixto, Europa, Ganimede eta Io izenez ezagutzen ditugun Jupiterren ilargi handienak zenbaki erromatarrez izendatuko zituen Galileok, planetarekiko hurbiltasunaren arabera. Hori bai, Medicien izar edo satelite mediciar moduan ere izendatu zituen. Medicien familiaren faborea eskuratu nahi zuen Galileok, Florentziara joan nahi zuelako. Eta lortu ere. Dena den, Jupiterren sateliteei satelite galilearrak esaten zaie gaur egun.

1610eko apirilean argitaratu zituen bere ikerketak Sidereus Nuncius (izarren mezularia) liburuan. Munduko pertsona kulturadunen artean ezagun egin zen Galilei -bost urte baino lehen txinerara ere itzulita zegoen bere liburua- eta Venezia utzi eta Florentziara joatea lortu zuen, Pisako Unibertsitatean lanpostua eta soldata handi xamarra lortuta.

Arrakastaz gain, Galileoren aurkikuntzek beste ondorio bat ere izan zuten. Ez da harritzekoa, izarrei begira hark ikusi eta ikasitakoak Nikolas Kopernikok teorizatutakoa baieztatu besterik ez baitzuten egiten.

Jupiterren ilargiek haren inguruan orbitatzen dute, eta era berean Jupiterrek beste zerbait orbitatzen du. Beraz, zeruko gorputz guztiak ez dira ari lurraren inguruan biraka. Zergatik ez pentsatu Ilargiak Lurra inguratzen duela eta Lurra ere mugitu egiten dela?

Florentzian, Venusen faseek planetak eguzkia inguratzen zuela esango zioten ere. Eta eguzkiaren orbanek zeruen perfektutasuna ezeztatu zioten berriz ere.

Aristotelesen pentsamenduaren jarraitzaileek teleskopioan antzemandako irudiak ez zirela egiazkoak esango zuten. Gerora, haien diskurtsoa erradikalizatu egingo zen, eta Eliza tarteko, Galileok arazo latzak izango zituen izarren mezulari izateko.

 

Zientzia modernoa, mundua ulertzeko modu berria



Galileok aurkikuntza ugari egin zituen eta hainbat pentsamolde irauli. Hala ere, bere ekarpen garrantzitsuena bere lan egiteko modua izan zen: hipotesiak egiaztatzeko esperimentu zehatz eta errepikatuak egin beharra defenditu eta praktikatu zuen. Ez zen fidatzen munduaren funtzionamendua ulertzeko logika purua eta arrazoia soilik erabiltzeko planteamendu filosofiko zaharrarekin. Zientzia modernoaren lehen liburutzat hartzen da haren Bi zientzia berri. Ordura arte filosofoen esku zeuden hainbat gairi analisi matematikoa aplikatu zien. Eta unibertsoa gizakiak ulertzeko moduko legeek gobernatzen zutela eta matematikarekin kalkulatu zitezkeen ondoriodun indarrek eragina zela azaltzen zuen Galileok.



 

Galileoren aurkakoa, «bidezko prozesua» 350 urteren ondoren



1992. urteko urriaren 31ra arte (Galileoren heriotzaren 350. urteurrenera arte) itxaron zuen Elizak Galileo birgaitzeko. Joan Paulo II. ak garaiko teologoen akatsak kritikatu zituen. Hala ere, ebazpen horren arabera, Galileok ez omen zuen bere heliozentrismoa demostratzeko argudio zientifikorik, eta Elizari obedientzia zor zion. Horregatik Joan Paulo II. ak ez zuen tribunala gaitzetsi, ezta egun Aita Santu eta 1990an kardinal zen Joseph Ratzingerrek ere: «Garai hartan Eliza leialagoa izan zen arrazoiarekin Galileo bera baino; prozesua bidezkoa izan zen».



 

Teoria kopernikarraren aldekoa zen erabat Galileo Galilei, eta hori arriskutsua zen bere garaian. Hainbat urtez atzetik izan zuen Inkisizioa, eta 1633an egin zioten epaiketa ezaguna.

Eliza katolikoaren epaia, errudun

I. Lasa

Donostia



Galileok bazekien kontuz ibili behar zuela. Sidereus Nuncius idatzi zuenean ez zuen ideia kopernikarren inguruko irakurketa publikorik egin. Baina bere gutunetan argi ikusten zer zen pentsatzen zuen: «Esaten dut Eguzkia zeruko orbita en erdigunean dagoela eta ez dela lekuz aldatzen. Eta Lurrak berekiko errotazio mugimendua egiten duela eta Eguzkiaren inguruan mugitzen dela». Baina Bibliak ez omen zuen hori esaten. «Fenomeno naturalei buruzko eztabaidetan», idatziko zuen Galileok, « ez dugu Bibliaren pasarteen autoritatetik abiatu behar, zentzumenen esperientziatik eta beharrezko demostrazioetatik baizik».

Behin bakarrik izan zuen deskuidua Galileok. 1613an eguzkiaren orbanei buruzko liburuxka bat egin zuen. Lincei akademiak argitaratu zuen eta hitzaurrean Galileo orbanak ikusten lehena izan zela zion. Ez zen egia, eta Christopher Scheiner astronomo jesuita haserrarazi zuen, hark orbanak lehenago ikusi zituela baitzioen (baziren lehenago ikusi zituztenak ). Bestetik, liburuxkari egindako eranskin batean Galileok publikoki teoria kopernikarra defenditu zuen Jupiterren ilargiak adibidetzat hartuz.

Kritika gogorrak hasi ziren Galileoren aurka. 1615ean Erromara joan zen bere burua defenditzera. Bitartean, Elizak teoria kopernikarra heretikotzat jo zuen. Eguzkia unibertsoaren erdigunetzat hartzea «lelokeria» zela ebatzi zuen, baita Lurra espazioan mugitzen zela ere. Paulo V.a oraindik aita saindua zen. Galileori bi ideia horiek ez sostengatzeko eta ez defenditzeko agindua eman zion, eta bestela Inkisizioak haiek erakustea ere debekatuko ziola.

Galileok Bellarmine kardinalarengatik jaso zuen agindua, baina areto berean zeuden Inkisizioaren ordezkariek, Galileok lehen agindua betetzeko prest zegoela esan zuenean, bigarrena mahaigaineratu zuen. Bigarren ohar hori, ideia kopernikarrak erakustea debekatzen ziona, erregistro ofizialean sartu zen, sinatu gabe. Bellarmineren agiri sinatu bat lortuko zuen gero Galileok, eta bertan soilik lehen oharraz ohartarazia izan zela baieztatzen zuen kardinalak. Lasaiago, Toskanara itzuli zen Galileo.

Paulo V. hil zen, baita Belarmine ere. Gregorio XV.aren ostean, Galileoren lagunak ziren Barberini familiako kide bat bilakatu zen aita santu: Urbano XIII. 1624an bisita egin zuen Galileok Erromara eta sei audientzia izan zituen aita santuarekin. Honek baimen garrantzitsua eman zion zientzialariari. Tolomeoren eta Kopernikoren bi unibertso ereduei buruz liburua idazteko baimena, hori bai, ideia kopernikarrak ez defenditzeko baldintzarekin.

Baimenarekin Munduko Sistema Nagusiei buruzko Elkarrizketa idatzi zuen. Hiru pertsonaien arteko elkarrizketarekin, besteren hitzetan bere pentsamenduak jarriz, bere burua babestuko zuela uste zuen Galileok. Elizaren imprimatur-a, publikatzeko baimena, baldintzatua izan zen. aita santuarena zen baldintza Ideia kopernikarrak hipotesi soil bat zirela zion zati bat gehitu behar zion. Galileok bere pertsonaietako baten hitzetan jarri zuen hori. Liburua hala argitaratu zenean, aita santua bera iraindua sentitu zen. Batzorde bat izendatu zen gaia epaitzeko.

1663an Erroma bildu zen Batzordea. Kopernikoren teoria erakustea eta liburua italieraz idatzi izana leporatu zion Inkisizioak Galileori. Frogen eta arrazoien gainetik, ordea, arazoa beste bat zen. Heresia zen heresia akusazio faltsu bat egitea, era beraz, Inkisizioak ez zuen beste aterabiderik errudun bat izendatzea baino. Torturaren mehatxupean, Galileok ukatu egin zuen teoria kopernikarra. Zigorra etxeko atxiloaldia izan zen eta hil arte beteko zuen Galileok.



 

Galileok teleskopioa hartu zuela 400 urte bete direla mundu osoan ospatuko da.

Astronomiak urte hau bere egin du

I.L.

Donostia



Zientziara ekarpen izugarria egin bazuen Galileo Galileik, zer esanik ez astronomiara. Bere teleskopioa izarretara begira jarri zuenetik 400 urte igaro dira, eta aitzakia hori hartu dute Nazioarteko Astronomia Batasunak eta Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, Unescok, 2009 Astronomiaren Urte izendatzeko.

Hainbat eta hainbat ekitaldi izango dira urte guztian zehar astronomiarekin lotuak, bai nazioarteko mailakoak baita tokian tokikoak ere. Urtarrila honetan bertan, hilaren 15ean eta 16ean egingo da urtearen irekiera ofiziala Parisen, agintari politiko eta zientzialari ospetsuekin. IYA2009n, erakundeez gain, ekintza desberdinak abiarazi eta egiten badira mundu zabaleko astronomia elkarte eta zaletu ugari ere, parte hartze zabalaren erakusgarri.

Ekimenaren webgunean (www. astronomy2009.org) ikus daitezke nazioarte mailan urtea ospatzeko egingo diren gauzetako batzuk. Adibidez, apirilaren 2tik 5era bitartean hainbat herrialdeetan 'Astronomiako 100 orduak' egingo dituzte, bestea beste aldi berean milaka txokotan behaketa astronomikoak eginez. Aurten 10 milioi lagunek lehen aldiz teleskopio bat hartu eta zerura begiratzea nahi du IYA2009k.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia