9 milioi euro banatuko ditu Eusko Jaurlaritzak kultura sustatzeko 2009an
Kultura Saileko Ondare Zuzendaritzak 3.619.100 euro bideratuko ditu kultur ondarea zaindu, zabaldu eta sustatzera
Museoen eta artxibategien jarduerak bultzatzeko diru laguntzak ere izango dira
Aitor Abaroa
DonostiaEusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eta Ondare Zuzendaritzak 2009an banatuko dituzten diru laguntzen berri eman dute. Kultura sustatzeko 9.044.677 euro banatuko dira, eta kultur ondarea zaindu, aberastu, babestu, zabaldu eta sustatzera, berriz, 3.619.100 euro bideratuko dira; gainera, Ondare Zuzendaritzak museo jarduerak garatzeko 700.000 euro emango ditu, eta artxibategien jarduerak sustatzeko beste 590.000 euro.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Gurutz Larrañagarekin batera, Kultura Sustatzeko zuzendari Iñaki Gomezek eta Kultura Ondare zuzendari Arantxa Arzamendik eman dituzte hasi berri den urtean euren zuzendaritzek banatuko dituzten diru laguntzen berri Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan.
Larrañagak azaldutakoaren arabera, 2009an kultura sustatzera bederatzi milioi eurotik gora bideratuko dira. Diru kopuru hori hainbat kultur arloren artean banatuko dute. Ikus-entzunezkoen alorrak jasoko du diru kopururik handiena, aurreikusitako diru laguntza osoaren ia erdia: 4.206.820 euro. Ondoren antzerkiaren alorra eta Zinema Euskaraz programa daude: 1.254.877 euro eta 1.098.980 euro jasoko dituzte hurrenez hurren. Liburuak, literatura eta itzulpengintza sustatzera, aldiz, 838.000 euro bideratuko dira, eta irudien arteen artean 535.000 euro banatuko dituzte. Azkenik, musika bultzatzeko 499.000 euro emango dituzte, eta dantzaren alorrak, berriz, 262.000 euro jasoko ditu. Diru laguntza horiek guztiak batuta, 8.694.677 euroko poltsa osatzen da, eta Larrañagak jakinarazitakoaren arabera, kopuru horri 350.000 euro gehitu behar zaizkio, hain zuzen ere, hainbat motatako jaialdientzat ematen duten diru laguntza kopurua. Kontuak eginda, beraz, kultura sustatzera 9.044.677 euro bideratuko ditu 2009an Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak.
Gomezek azaldu duenez, diru laguntza horiek konkurrentzia bidez banatuak izango dira, eta diru laguntzak jaso ahal izateko baldintzak urtean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dituzte. Oraingoz, antzerkirako diru laguntzen bi deialdi daude irekita; abenduaren 30ean argitaratu ziren. Lehenengoa antzerkiko profesionalen prestakuntzara bideratutako 150.177 euroko diru laguntza da. Bigarrena, aldiz, antzerkirako testu berriak egiteko 48.000 eurokoa. Eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean amaituko da deialdi bietan.
Ondareak, ia bost milioi
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 3.619.100 euro emango ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur ondarea zaindu eta sustatzeko. Diru kopuru horri museo jarduerak garatzeko emango dituzten 700.000 euroak eta artxibategien jarduerak sustatzera bideratutako 590.000 euroak batuz gero, 4.909.100 euroko poltsa batzen da.
Ondare zuzendari Arantxa Arzamendik azaldutakoaren arabera, kultur ondarea babestu eta sustatzera bideratuko den diru kopurua, 3.619.100 euro, iaz lan horietarako eman zen baino %31 gehiago da. Diru hori guztia hiru diru laguntzen artean banatuko da.
Hasteko, kultur ondarea sailkatu eta inbentarioa egiteko egitasmoak sustatzeko, 3.000.000 euro banatuko dituzte. 2008an, 21 jarduera sustatzeko erabili zen diru laguntza hori, beste batzuen artean, Ortuellako labearen berrerabilera proiekturako (149.860 euro) eta Mutrikuko harresiak txukuntzeko (134.759,41 euro). 2009an diru laguntza hori jasotzeko oinarriak batzen dituen deialdia iragan abenduaren 26an argitaratu zen EHAAn eta eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 26a bitartean izango da zabalik. Laguntza jasoko duten erakundeek 2009 urtean burutu beharko dute aurkeztutako proiektua.
Ondasuna sailkatu eta inbentarioa egiteko edo balizko arkeologia guneetan eragina duten plangintzako tresnak sortu eta aldatzeko erabiliko dute bigarren diru laguntza. Horretarako, 450.900 euro banatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Iaz, bost jarduera bultzatu zituen diru laguntza horren bidez, besteak beste, Bergarako zein Ondarroako hirigune historikoaren plan berezia idazteko bi udalei emandakoa, eta Gasteizko Hirigintza Agentziari hirigune historikoaren arkeologia azterketa egiteko esleitutakoa. Deialdiaren oinarriak abenduaren 29an argitaratu zituzten EHAAn, eta urtarrilaren 29ra bitartean aurkez daitezke eskabideak. Kasu honetan, diru laguntza jasoko duten proiektuek 2011ko abenduaren 31ra arteko epea izango dute lana burutzeko.
Azkenik, 168.200 euroko diru laguntza bideratuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden arkeologia aztarnategietan esku-hartze baimenduen ondorioz aurkitutako material arkeologiko edota paleontologikoen inbentarioa egiteko. 2008an, 15 jarduerak jaso zuten aipatutako diru laguntza; horien artean bi azpimarratu ditu Arzamendik: Aranzadi Institutuari emandakoa Donostiako Ametzagañan egindako indusketetan ateratako materialen inbentarioa egiteko, eta Euskoikerri emandakoa gasteizko Santa Maria Katedraleko materialen inbentarioa egiteko. Diru laguntza hori jaso ahal izateko oinarriak abenduaren 30ean argitaratu zituzten EHAAn, eta urtarrilaren 30ean amaituko da eskabideak aurkezteko epea.
Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak beste bi diru laguntza banatuko ditu Ondare Zuzendaritzaren bitartez. Alde batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo jarduerak garatzeko 700.000 euroko laguntza banatuko dute. Diru laguntza horren deialdia abenduaren 26an argitaratu zuten, eta beraz, urtarrilaren 26ra arte aurkez daitezke eskabideak. Bestalde, artxiboetan jarduerak garatzeko, 590.000 euroko laguntza banatuko dute. Kasu honetan, abenduaren 22an argitaratu zuten deialdia eta urtarrilaren 22an itxiko da eskabideak aurkezteko epea.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
