Natxo de Felipe - Musikaria
'The pub ibiltaria' euskal abesti tradizionalen bildumako azken diskoa grabatu du berriki Oskorrik. Alabaina, taldearen izateko arrazoi nagusia abesti moderno eta berriak direla azaldu du.
«Herri anormal bateko musikariak garelako landu ditugu kantu zaharrak»
Irune Berro
BilboGoiz hotz, euritsu eta hezean erantzun die Natxo de Felipe Oskorri taldeko musikariak BERRIAren galderei, Bilboko Kalderapeko kulturgunean, bozgorailuetatik Itoizen musika entzuten den bitartean. Bestelako eguraldia egin zuen iragan abenduaren 20an. Oskorrik The pub ibiltaria bildumako azken diskoa, hamahirugarrena grabatu zuen egunean, Bilboko Santo Tomas azokan. «Oso ondo joan zen grabazioa; oso giro polita egon zen, beharbada jendeak bazekielako azkena izango zela. Emanaldi berezia izan zen».
The pub ibiltaria-ren iazko grabazioa hondatu egin zen ezta?
Bai. Gaur egun ere gertatzen dira halako istripuak, gauzak ondoen eta errazen egiten diren garaian. Argindarra sei edo zazpi aldiz joan zen kantu berberean, hamairugarren kantuan. Guretzat beti zenbaki polita izan da, baina... Gu ez ginen ezertaz ohartu, aurrera segitu genuen, jotzen. Eta bukatzean jakin genuen. Grabazioa ez zen inondik agertzen, ez disko gogorrean ez inon. Larri paratu ginen, zeren ez zegoen berreskuratzerik. Iruñera eraman genituen ordenagailuak, eta kontzertua berriro prestatzen ari ginela deitu ziguten esanez berreskuratu zutela kantua. Osorik, gainera.
Ibilian-ibilian, 226 abestiko kantutegia osatu duzue. Zergatik eman duzue amaitutzat bilduma? Beti aipatzen duzun karpeta horretako abestiak amaitu zaizkizue?
Kantuak ez dira inoiz bukatzen. Milaka kantu ezagutzen ditugu; eta orain, are gehiago. Milaka kantu daude bilduta Azkue eta Aita Donostiaren kantutegi handietan, Iparraldeko Gure herria aldizkariaren zenbakietan, Antonio Zabalak Hauspoa bildumaren baitan osatu dituen 300 liburuetan... Kantuak milaka daude. Baina gure galbaetik pasatu direnak bukatu dira. Gustuko ditugunak, gure perlak, maila batetik gorako abestiak... Horiek bukatu dira. Eta inongo pena eta nostalgiarik gabe esaten dugu bukatu direla.
Abesti berriak aurkituz gero, proiektuari berriro ekiteko aukera aztertu duzue?
Egunen batean, hemendik urte batzuetara, gure peskizetan topatuko bagenitu beste hamazazpi-hamazortzi kantu, akaso egingo genuke hamalaugarren diskoa. Orrazketa handia egin dugu, eta ez dut uste gauza gehiagorik aurkituko dugunik. Lau zoro ibili gara horretan. Jendeak galdetzen du: «baina nondik ateratzen dituzue dokumentu horiek?». Bada, erraza da. Lan pixka bat hartu eta berehala agertzen dira, edozeinen eskura daude dokumentu horiek. Baina ez dut uste gehiago agertuko direnik.
Nola bururatu zitzaizun kantuak berreskuratzeko eta kaleko jendearekin batera interpretatzeko ideia?
Jendearekin lan egiteko gogoa izan zen proiektuaren motorra. Beterano garenak ezagutu dugu kantuaren beste paisaia bat, ezagutu dugu nola kantatzen zen modu naturalean egoera askotan; tabernetan eta. Orain oso gustura gaude hemen [Kalderapekon] Itoizen musika entzuten, baina guk ezagutu ditugu telebista eta musikarik gabeko tabernak, eta orduan jendeak beste modu batera ibiltzen zuen kantua. Edozein lagun biltzarrean, edozein bazkaritan, edozein poteoan kantatzen zuen jendeak. Hori dena galtzen, higatzen, degradatzen ikusi dugu. Lastima da, mundu zital honek aktore baino gehiago espektadore bihurtzen gaituelako. Eta ikusten genuen kantua eta musikaren plazera, plazer kreatibo baino gehiago, plazer espektatibo bihurtzen ari zela. Denok adoratzen genituen gure artistak eta kontsumitzen genituen haien lanak, baina ez genituen praktikan jartzen gure ahalmenak. Entzuten baino gehiago gozatzen da norbera, neurri batean, artista ere badenean. Jende asko pasatu da musika eskoletatik. Eta hainbeste indar inbertitu ondoren, indar hori erabiltzeko eta gozatzeko aukera eman nahi genien.
Beraz, ikerketa eta dibulgazioaz gain, dibertimentua izan da The pub ibiltaria-ren ardatz nagusietako bat.
Ikerketa lan handi eta sakon bat egin baino gehiago, musikaren plazera jendearen eskutan jartzea izan da gure helburua. Gure asmoa sekula ez da izan operazio hauetako protagonista izatea. Jendea bihurtu nahi genuen protagonista bere hirian, herrian, auzoan... Praktikatzea, edozein kirol moduan. Amurizak esaten zuen bertsoa kirola dela. Kantua ere kirola da. Gainera, arlo fisikoa tartean dela, ariketa da, kirola. Praktikatzen ez baduzu futbola ez zara futbolari ona izango. Eta praktikatzen ez baduzu kantua, ez duzu sekula ondo kantatuko.
Duela gutxi kantu zahar baten partitura aurkitu zenuen Bilboko Plaza Barriko Azokan, ezta?
Duela bost bat hilabete topatu nuen. Igandero joan ohi naiz liburu zahar bila. Batzuetan topatu izan ditut balio handiko gauzak, euskarazko liburu zaharrak agertzen dira noizean behin; Euskaltzaindiari eman dizkiot asko. Eta, halako batean, erretratu zahar bat ikusi nuen, oso zimurtua eta higatua. Bost euroan saldu zidaten. Erretratu horrek Espainiako Liburutegi Nazionalaren zigilua zuen. Ziurrenik ikerketaren bat egiten ari zen norbaitek eginiko erretratua izango zen, garai batean fotokopiarik eta halakorik ez zegoelako. Partitura bati ateratako erretratua zen, hamar koplako kantu baten partiturari eginikoa. Trastriskilistras, gaur dugu gabon du izenburu kantuak.
Ba al dakizu zein garaiko abestia den?
Jabier Kaltzakorta eta Adolfo Arejitari kopia bat pasatu nien, eta bien artean aztertu dute. Nik ere pentsatzen nuen XVIII. mende hasierakoa izango zela, eta halaxe ematen du. Kaligrafoek eta denek esaten dute 1700. urte inguruko kantua dela. Hizkeragatik ikusten da Bizkaikoa dela, baina mugakoa, Bergara edo alde horretakoa.
The pub ibiltaria bildumarekin egin duzuen bidean gertaturiko anekdota edo pasadizo hunkigarri, harrigarri edo pozgarriren bat gogoan duzu?
Pozgarria da leku batzuetan The pub ibiltaria-ren abestiekin urtero kontzertu bat egiteko ohitura hartu dutela. Santo Tomas egunean grabatu ditugu urtero diskoak, eta maiatzean, diskoa kalean dela, bira bat egin dugu hainbat herrietatik. Eta batzuetan ohitura hartu dute urtero egiteko. Elgoibarren, esaterako. Eta mobilizatzen da horren inguruan musika eskola, korua, ikastola... Oso giro polita sortzen da, musika eskolako eta ikastolako ume guztiek kantuak ikasten dituztelako. Jendeak esaten dizu kantu batzuk ezagutzen ez zituela eta beste batzuetatik bertso batzuk baino ez zekizkiela. Politena izan da ikustea leku batzuetan inbento honen filosofia ondo asmatu dutela. Baita ere Santo Tomas eguneko kontzertura etortzen direnek aurretik egin duten lan isila. Zuen hutsune sumatuko dute San Tomas egunean... Ez duzue pentsatu bestela ere kantaldi bat egitea azoka egunean?
Bilera bat egin behar dugu BBK-rekin. Guztientzako izan da sorpresa. Lehenengo urtean bota genuen harria, esperimentu gisa, jendeak nola hartuko zuen ikusteko. Primeran hartu zuen, eta jarraitzea erabaki genuen. BBK-koek esaten dute tradizioaren parte bihurtu dela, Bilboko San Tomas festaren zatitxo bat kantaldi hori dela. Oso pozik gaude egin dugunarekin.
Azkenaldian beste sortzaile batzuk ere ari dira euskal kantu tradizionalen inguruan lanean; Kepa Junkerak, esaterako, euskarazko abestiak hartu ditu hurrengo urteetan garatuko duen lanaren oinarri gisa.
Bai, eta ez dugu esan, baina esan behar dugu guretzako hau ez dela gure arlo nagusia. Oskorrirentzako garrantzitsuenak dira sortzen dituen kantu berriak eta modernoak, gure sentimendu eta espiritua adierazten dutenak. Guk egiten dugu hau herri anormal bateko musikariak garelako. Euskaldunak ez bagina, gure obra bestelakoa izango litzateke. Ez ginateke sartuko hainbeste sartu garen arloetan. Baina batzuetan tokatzen da. Hori izan da guretzat hau. Armairu bat irekitzea eta han perla batzuk topatzea. Oso astoak izango ginateke, ez bagina konturatu zer-nolako altxorra genuen esku artean. Eta hori da egin duguna: gaur egungo irizpide estetikoen arabera politenak diren kantuak bildu eta jendearen eskutan, belarrietan eta ahoan jartzea. Baina inolaz ere ez da sortzaile modernoen eginkizun nagusia beste garai bateko gauzak adoratzea. Baizik eta guk geuk sortzea gauza berriak. Halere, kantu zaharrak esperimentuak eta operazioak egiteko materiala dira, horregatik egin du Kepa Junkerak egin duena, baina horretaz nik ezin dut ezer esan.
Ez zaude administrazioaren jokabidea salatzeko 250etik gora musikaririk babestutako manifestuaren sinatzaileen artean. Ondo iruditzen zaizu Eusko Jaurlaritzak 702.000 euroko diru laguntza eman izana Kepa Junkerari?
Gai korapilatsua da, eta niretzat korapilatsuago. Maitasun harremanak edo familia harremanak daudenean ez zaude behartuta auzitara jotzea. Kepa praka motzetan ezagutu genuen. Trikitia jotzen zuen eta gurekin hartu genuen, gurekin atera zen plazara. Eta gero, jakina, egin du bere ibilbidea. Gauza horiek konplikatuak dira. Eta nik bere kasuaz hitz egin eta sinatu baino gehiago nahiago izan dut ez egin, harreman afektibo bat dagoelako. Nire ustez, administrazioa guztiz erraturik eta okerturik dago. Eta Keparen kasuaz baino, nahiago dut gureaz hitz egin. Oskorrik 37 urte egin ditu plazan, eta orain pare bat urte plazaratu genuen 35. urteurrena ospatzeko proiektua: Banda band. Eta horren karietara aurkeztu genuen dossier bat euskal gobernuan. Batik bat, esportatzeko. Akaso kanpoko bandek interesa izango zuten Oskorrirekin aritzeko. Txostena aurkezteaz batera, bilera eskatu genuen. Uste dut Oskorrik, adinagatik bakarrik bada ere, errespetu minimo bat merezi duela. Eta ez ziguten bilerarik eman. Ez ziguten erantzun ere egin. Uste dut hori nahiko larria dela. Ni oso minduta nago, uste dudalako oso talde gutxik egin dutelako 37 urteko ibilbidea Euskal Herrian euskaraz kantari, eta erantzun bat edo bilera bat merezi genuen, behintzat.
Banda band diskoa Bilboko Udal Bandarekin grabatu zenuten. Bandak plaza taldeak dira, gizartean inplikazio handia dutenak. Oskorri bera musika talde horien antzekoa dela uste duzu?
Jendeak ezagutzen gaitu. Nazionalismoak ere ezagutzen gaitu ondo hasieratik, talde gorri bat bezala. Halaxe pasatu genituen guk ere gorriak. Ez bakarrik boikotak, atentatuak ere izan ditugu gure kontra, eta ni hemen zurekin nabil hizketan txiripaz, egon nintekeen beste munduan aspaldi, gure organizazio askatzaileak beste barriora bidalita. Baina tira, hemen nago. Salbatu naiz; ez behin, behin baino gehiagotan. Saiatu gara erakusten gure ibilbide osoan: inplikazioa izan dugu gure buruarekiko eta gure obrarekiko. Eta beti saiatu gara esaten jendearen artean, ikusle izateari utzi eta aktore izan behar garela. Giro askotako kontzertuak daude; denak ez dira parte hartzeko. Ez da berdina Arriagan kantatzea neguan; edo Aste Nagusian, Plaza Barrian. Taldeko beteranoek hartu genuen udal bandekin lan egiteko erabakia. 35. urteurrena ospatzeko, baziren beste aukera batzuk. Ospe handiagoa duten beste erakunde batzuekin lan egiteko, adibidez. Orkestra sinfoniko batekin edo. Baina taldeko zaharrenek, Bixentek [Martinez], Antxonek [Latxa] eta hirurok egin genuen indar bandekin egiteko. Bandak beti talde mespretxatuak izan direlako eta listouste askok pentsatzen dutelako bigarren mailako taldeak direla, zarzuelak, zortzikoak, pasodobleak eta halakoak jotzen besterik ez dakitela. Ez da bidezkoa: bandak izan dira mende batean edo bi mendetan herrietako musika eskolak, benetakoak. Eta handik atera dira denetariko musikariak; arloteak eta ikasiak.
70eko hamarkadaren hasieran sortu zen Oskorri. Harrezkero, nabarmen aldatu da gizartea, euskal musikaren mundua... Nola bizi duzu prozesu hori? Zer oroitzapen duzu taldearen hasierako garaiaz?
Oso sentimemdu kontraesankorrak daude. Alde batetik garai tristeak eta grisak ziren, baina beste batetik bazegoen gauzak egiteko eta aldatzeko gogo ikaragarria. Gauzak egitea zailagoa zen gaur egun baino. Baina bestetik jendearen espiritua eta mobilizazioa zeuden, eta euskal kantuaren unerik distiratsuenak horiek izan ziren. Bai kreazioaren aldetik (adiago geunden gauza berriak egiteko asmoarekin), bai antolakuntza aldetik (herrikoiagoa zen giroa). Gero administrazioa zen tartean. Eta azkenean, ez administrazioak ez herriak, inork ez ditu gauzak serio eta ondo egiten. Gehiago galdu dugu irabazi baino. Hedabideetan, euskaraz egiten den edozer gauzaren oihartzuna eskasa da, lehen baino eskasagoa. Arrazoi askorengatik. Ziurrenik borroka armatuak gauzak asko kakaztu dituelako; eta oso aldekoak ez zirenak horretaz aprobetxatzen direlako, gau eta egun, gure kontra ahal duten guztia egiteko.
37 urteko ibilbidearen ondoren, oraindik ere, zuen burua harritzeko gaitasuna duzuela uste duzu?
Saiatzen gara. Oskorrik gauza on bat dauka: taldean nukleo gogor bat dago, aspalditik gaudenak. Gazte jendeari, gu baino prestakuntza tekniko handiagorekin heldu denari paper bat eman diogu, benetako paper bat. Beste talde batzuetan, musikariak mertzenarioak dira. Jotzen dute nagusiek agintzen dutena. Hemen ez. Eman zaie protagonismo hori, eta hartu dute. Eta zaharrontzako ere osasuntsua izan da, zeren guk ere gauza asko ikasi ditugu.
Noiz arte jarraituko du Oskorrik?
Ez dakit [barrezka esan du]. Galdera horrek du zerikusia musikaren ikuspegi kontsumistarekin. Pentsatzen da musika industria dela. Eta gure kasuan ez da indutria bat, gu artisauak gara. Musikari batzuk botak jantzita hil ziren. Stephane Grappellik ez zion jotzeari utzi, eta Atahualpa Yupanqui hil zen, bezperan, Parisen kontzertu bat egin ondoren. Mikel Laboak ere segitu zuen. Azken diskoan ikusten da boza eta indarra galdurik zituela, baina eredu bat izan da. Guk nahiko genuke desagertzen garenean, jendeak gogoratzea Oskorri. Talde bat egon zela hainbat urtean eta zahar-zaharrak zirenean ere jotzetzen segitzen zutenak. Gauzak egiteko gogoa dugun bitartean segituko dugu. Jende batek pelma hutsak garela pentsatuko du, badakigu. Baina beti izan gara artista minoritarioak, eta publikoaren zati baten indarra daukagun bitartean segituko dugu. Oso ondo pasatzen dugulako, asko disfrutatzen dugulako.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
