Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:50

KULTURA;2008-12-28;LITERATURA. Zer ez den irakurri behar. Zer liburu irakurri behar diren eta zer liburu ez xeheki arautzen du Opus Dei erakundeak bere kideentzat, hainbat lanen iruzkin eta guzti. Zerrenda Interneten aurki daiteke.

Zer liburu irakurri behar diren eta zer liburu ez xeheki arautzen du Opus Dei erakundeak bere kideentzat, hainbat lanen iruzkin eta guzti. Zerrenda Interneten aurki daiteke.

Zer ez den irakurri behar

Angel Erro

Iruñeko Kuria kaleko La Hormiga Atomica liburu denda apainean apalak arakatu, nobedadeen mahaia ikusi eta arreta eman zidaten liburuen artean etxera zein eraman azkenean erabaki nuenean, ordaintzeko mahaian, dendariak esan zidan eskuan neukan liburu bera, Teologías gay y lesbiana izenekoa, aurreko batean jarri zutela erakusleihoan, hortik hurbil den katedraletik abiatzekoa eta liburu dendaren aurretik igarotzekoa zen prozesio bat alaitzeko asmoz. Hurrengo egunean, lepagora eta guzti, apaiz bat sartu zitzaien erakusleihoko liburu hori bera erostera. Bitxikeriatzat edota marketinaren arrakastatzat jo zuen.

Elizabeth Stuart-ena da, queer teologian aditua izanik Erresuma Batuan katedra eskuratu duen lehen pertsonarena, Melusina argitaletxeak 2005ean plazaratua, honako azpitituluarekin: Errepikapenak ezberdintasun kritikoarekin; ikusmira sortzeko moduko azpititulua, baina, hala ere, egia esan, oraindik ez dut irakurri. Erosteko unean, dela begi nekeagatik, dela diagnostikatu gabeko dislexiagatik, edo izenburuko terminoen bateraezintasun ustezkoagatik, teologia gabe, teoria (edo teleologia?) ulertu nuen nik, gay poesiaz idatzi behar dudan artikulu baterako murgilketa teorikoa egiteko balioko zidalako ustean. Horregatik, askoz beranduago arte ez nuen osorik harrapatu La Hormiga Atomicako dendariak kontatu zidan pasadizo erlijiosoaren nondik norakoa.

Opuseko aurkibidea

Beste egun batean, Interneten ez dakit zer begiratzen ari nintzela, baina guraso askok ongi susmatzen duten bezala sarearen arriskugarritasuna beste behin ere egiaztatuta, Opus Dei erakunde erlijiosoak osatu bide duen gida bibliografikoa aurkitu nuen (honako helbide elektroniko honetan: www.opuslibros.org/Index_libros/guia_general.htm) . Index-a ere dei lekiokeena. Jakina denez, aurkibidea esan nahi duen latinezko index izenarekin ezagutzen da Eliza katolikoak 1966ra arte argitaratu zuen Index librorum prohibitorum delakoa, debekaturiko liburuen zerrenda. Opuseko honetan, berriz, aplikazio informatiko berriagoan, liburu bakoitzak fitxa bibliografiko bat du.

Liburuen kalifikazio sistema bitxia dago, 1etik 6ra sailkatzen dira, irakurketaren kaltegarritasunaren arabera. Lehenengo mailakoak denek irakur ditzakete, baita haurrek ere. Numerario eta agregatuentzako liburutegietan 1. eta 2. mailako liburuak besterik ez daude. 3. mailatik aurrera baimena eskatu behar zaio gidari espiritualari (3. eta 4. mailako liburuentzat; azken hauek, bakarrik irakurtzeko beharra izanez gero), delegazioari (5. mailakoentzat) edo prelatuari (printzipioz debekatutako 6. mailako liburuentzat). Zertan ari garen hobeki ikusteko, adibide batzuk jar ditzagun: Mafalda komikia 3. mailako liburua da; Umberto Ecoren Il nomme de la rosa, 5.ekoa, eta Hans Kung teologoaren obra osoa, 6.ekoa. Baina 6 kalifikazio deabruzkoa lortzeko ez dago zertan teologiaz aritu, literatur obra asko ere horretara iristen dira, hala nola Harkaitz Canok berriki euskaratu duen Intimitatea (Txalaparta, 2008), Hanif Kureishi-rena. Hori guztia bitxia da murrizpenetara ohituta ez dagoen batentzat: susmoa dut nire gustuko liburu gehienak, guztiak ez badira, eremu gorri horretan daudela.

Aipamen eta ohar moralak

Baina nire ustez bitxia ez ezik harribitxia dena, behin eta berriz kontsultatu beharrekoa, gida bibliografiko honetako liburu iruzkinen saila da. Bi iruzkin mota daude: oharrak (laburragoak) eta aipamenak (analisi sakonagoak, hemen: www.opuslibros.org/Index_libros/Recensiones_1/0_INDICE.htm). Azken horietan, hainbat libururen laburpen, kokatze historiko eta analisi estilistikoaz gain (bigarren hezkuntzatik aurrera oso erabilgarria izan daitekeena; ikusi Blas de Oteroren olerki lan bati buruzko baliabide poetikoen analisi fina, edo Theodor Adorno zailaren Dissonanzen saiakeraren laburpen merituzkoa), balorazio doktrinalak egiten du iruzkina. Bertan perla batzuk aurki daitezke, ondokoa bezalakoak, Oteroren adibidea utzi gabe: «Beraren jarrera poetikoa prestutasun gutxikoa eta harroegia da». Andre Gidek merezi izan duen izenburu baten izenak atentzioa eman dit: La malignidad de Gide (Gideren doilorkeria), eta utzi ezinik irakurtzeari lotu natzaio.

Klasikoak ere epaituak dira; Montaigne-z, esaterako: «Bere orrialdeetan ez du aukera transzendentalik eskaintzen eta bere idazmoldea, ikuspegi moraletik, kaltegarria da, ez edukia berez gaiztoa izateagatik (halaxe bada ere), baizik eta, Malebranchek dioenez, zentzumenak eta atseginbideak ezarian esnatzen dituelako». Tamalez, ez dute zehazten Montaignek hori zer pasartetan egiten duen hobekien. Beste kasuetan, berriz, egiten dute, hala nola Petronioren Satirikon lanaren harira, non kapitulu batzuk, beren lizunkeriagatik, ez irakurtzera aholkatzen baitute (honakoak: 20, 21, 23, 24, 25, 26, 79, 85, 86, 87, 92, 105, 114, 128, 129, 130, 131, 132, 134, 138, 140), lehenengo seietan, adibidez, «ekintza zitalenak gertatzen baitira, benetan desatseginak».

La Hormiga Atomicara joaten naizen hurrengoan, arduradunari esango diot Teologías gay y lesbiana-k non bukatuko duen seguruenik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia