Rafa Rueda - Musikaria
Ezarritako bideetatik at pausoak emanez osatu du Rafa Ruedak disko berria. New York inguruko musikariekin grabatu du, eta bere kabuz jarri du plazan, diskoetxerik gabe.
«Maiteminduta nago musikarekin»
Irune Berro
BilboRafa Ruedak (Mungia, Bizkaia, 1972) J.T. Lewis, Fernando Saunders eta Jane Scarpantoni musikariekin grabatu du Zuhaitz okerretan gora noa disko berria, bakarka eginiko hirugarren lana. Pop britainiar eta pop-rock estatubatuarraren arteko diskoa osatu du, oinarri erritmiko beltzeko lana, soul ukituak dituena. Gaur zortzi aurkeztuko du Bergaran, urtarrilaren 4an. Urtarrilaren 16an, berriz, bere herrian ariko da, Mungian. Eta urtarrilaren 30ean, Donostian. Hemengo musikariek lagunduko diote: Borja Barrueta bateria jotzaileak, David Gonzalez baxu jotzaileak eta Joseba Irazoki gitarristak.
Zuhaitz okerretan gora egin duzu, baina bide zuzena hartu duzula dirudi. Halako disko bat egitea duela urte batzuk zuretzat pentsaezina zela esan duzu.
Hemen oso musikari onak ditugu, baina Lewis, Saunders eta Scarpantonirekin lan egitea pribilegioa izan da niretzat. Jende horren kalitatea itzela da. Jonan Ordorikak harremana du Saundersekin, askotan joaten da New Yorkera. Eta harekin disko bat egitea proposatu zidan. Saundersekin harremanetan jarri ginen orduan, eta gero jo genuen besteengana. Lana nola egiten duten ikustea, nire lanaz duten ikuspegia ezagutzea... itzela izan da. Asko ikasi dut. Tamaina horretako musikariekin lan egitean, zalantza sortzen zaizu hasieran; ondo arituko ote nintzen galdetzen nion neure buruari. Baina konturatzen zara artista handiak izateaz gain, pertsona handiak ere badirela. Badago mito bat: artista galaktikoak pertsona urrunak direla. Baina nire esperientzia bestelakoa izan da. Hizkuntza konbentzionala ez den beste baliabide batzuk erabili ditugu elkarrekin komunikatzeko. Musikak lagun zaitzake nahi duzun elkarrulertze horretara iristen. Esperientzia aberasgarria izan da, bai pertsona gisa bai artista gisa.
Lan egiteko modu espontaneoa dute haiek, inprobisatzeko ohitura dute. Kostatu zitzaizun lan egiteko era horretara egokitzea?
Intuizioaren bidez lan egiten dute. Lau hilabete pasatu nituen kantuak grabatzen eta maketak egiten, estudiora sartu aurretik haiei emateko. Entzun zituzten maketak, baina grabatu aurretik behartu ninduten zuzenean jotzera. Momentuko bibrazioa gustatzen zaie, musikariaren aurpegia ikustea, zer transmititzen duen, gero horren arabera jotzeko haiek ere. Konturatu barik emozio batzuk transmititzen dituzu kantu bat jotzean, eta kantuari buruzko ageriko informazioa da haientzat.
Uste duzu haiekin lan eginda hazi egin zarela? Erronketan hazteko joera izaten dugu.
Bai, bai. Hazi egin naiz. Beste pauso bat eman dut nire ibilbidean. Esperientzia hori pasatu eta gero duela urtebete baino egoera hobean nagoela uste dut.
New York ingurukoak dira, eta, ondorioz, bakarka egin behar izan duzu diskoa sortzeko prozesu artistikoaren gehiena. Ez duzu faltan sumatu talde baten babesa?
Orain arte gertuko musikariekin lan egin dut, eta diskoa prestatzeko prozesuan ondoan izan ditut. Ondo dago iritziak kontrastatzeko, kantuak taldean muntatzeko, zer dimentsio har dezaketen ikusteko... Oraingoan beste modu batera egin dut. Neure buruarekin lan egin dut: nik sortu dut, nik grabatu dut, nik aukeratu dut... Hilabete asko eman ditut bakarka lan egiten, Jonanekin [Ordorika] batera. Horrela lan egiteak badu arrisku bat: zeure buruarekin kutsatzea, ikuspegia galtzea. Niretzat erronka izan da horrela lan egitea; neure burua noraino jasaten dudan ikusi ahal izan dut.
Aztertu duzu talde bat osatzeko aukera? Edo nahiago duzu zeure kabuz moldatu eta diskoen araberako taldek osatu?
Askatasun handiagoa dakar diskoen araberako taldeak osatzea. Oraingoz ez dut ikusi talde bat osatzeko beharrik. Musikari berberekin denbora luzez aritzean konplizitate bat sortzen da, eta horrek isla bat behar izaten du: Ruper Ordorika eta Mugalariak, esaterako. Orain arte egin ditudan diskoetan musikariak aldatuz joan dira, David [Gonzalez] baxu jotzailea izan ezik. Ibilbide luzerik ez dut egin inorekin. Alde batetik, ona da, egiteko modu gehiago ikusten dituzulako, zure kantuak bideratzeko beste modu batzuk. Baina, auskalo, beharbada egunen batean beste joera baten aldekoa izango naiz.
Idazleengana jo duzu abestien letrak egiteko. Gotzon Barandiaran, Edorta Jimenez, Kirmen Uribe eta Unai Iturriagak idatzi dituzte kantuetako asko. Nahiago duzu letrak haiei eskatu zuk zeuk idatzi baino?
Kantuak egitean, musika lantzen dut lehenengo. Melodiak batzuk egiten hasten naiz, sasi hizkuntza batean, thingelesa deitzen diot, ingelesaren fonetika imitatzen duelako. Horren arabera, istorioak eta hitzak josten hasten naiz. Irakurtzea eta idaztea asko gustatzen zait, baina idazten hasten naizenean saturatu egiten naiz askotan, blokeatu. Lagunengana jotzen dut halakoetan. Diskoaren kontzeptua, izenburua eta zer kontatu nahi dudan aurretik izaten dut pentsatua. Eta haiekin biltzean hori guztia kontatzen diet, kantua tristea edo alaia den. Datu horiekin osatzen dute testua. Hurbileko jendearekin lan egiten dut, eta idaztean nire izaera kontuan hartzen dute. Finago idazten dute nik baino.
Zer kontatu nahi izan duzu disko honekin?
Bizitza osoa ematen dugu egindako hutsak zuzendu nahian, huts horien bertuteak ikusi barik. Zuzentasuna ez da existitzen; nork bere hutsak ditu, eta horrek badu bere edertasuna. Halako ideiak defenditu nahi izan ditut diskoan. Zuhaitz okerren edertasuna. Politenak dira niretzat. Askotan erabili den metafora da: zuhaitz okerra txarra adierazteko; eta zuhaitz zuzena, berriz, ona erakusteko. Zuhaitz okerrari parterik txarrena tokatu zaio, eta polita iruditzen zitzaidan haiekin elkartasuna agertzea, eta erakustea haien edertasuna okertasunean oinarritzen dela.
Diskoetxe baten laguntza barik atera duzu diskoa. Zergatik?
Gauzak desberdin planteatu ditut oraingoan. Oso babesturik sentitu naiz; Jonan Ordorikak eta KAP bulegokoek laguntza handia eman didate. Urte batzuk daramatzat musikaren munduan, eta dagoeneko badakit zer bide jarraitu behar diren disko bat egiteko. Beste satisfazio bat ere izan dut; okin baten moduan sentitu naiz: nire eskuekin eginikoa zuzenean eskaini diot jendeari. Durangoko Azokan egona nintzen beste urte batzuetan diskoak sinatzen, baina, aurten, saltzen egon naiz. Eta jendearekiko gertutasuna sentitu dut. Esperientzia polita izan da.
Gero eta musikari gehiagoren hautua da autoprodukzioarena. Abantaila handiak ditu?
Lehen diskoetxe batekin lan egiteak bazituen abantailak. Apustu ekonomiko erakargarriak egiten zituzten. Aldiz, gaur egun eskaintzen dituzten tratuak ez dira horren interesgarriak. Eta eskaintzak halakoak diren bitartean, gero eta musikari gehiagok autoekoizpenera joko dutela iruditzen zait. Zure diskoaren bide osoa egiteko aukera ematen dizu ekoizpenak; egunetik egunera zer pauso ematen ari den ikusteko; sortze prozesutik merkaturatzera, jendearen eskuetara.
Durangoko Azokan saltzen egoteak zure publikoa ezagutzeko aukera eman dizu. Zer-nolakoa da?
Berezia izan da diskoa zer jendek erosten zuen ikustea. Batez ere, hogeita bost urtetik gorakoek erosi dute. Jendeak zure musikaz eta lanaz pentsatzen duena esaten dizu; interesgarria da lanaren erradiografia bat egiten duzu eta. Ondo saldu da, eta pozik nago, ez naizelako disko mordoa saltzen duen horietakoa. Niretzat oso pozgarria da tantaz tanta diskoak saltzen direla ikustea. Espero baino gehiago saldu nuen Durangon.
Ekoizle ere aritu zara azken urteetan. Musikari askoren lanak ekoitzi dituzu, Anje Duhalderen azkena, esate baterako. Gustatzen zaizu estudioaren bestaldeko lana?
Asko. Musikarekin lan egitea gustatzen zait. Sortzen eta interpretatzen difrutatzen dut, baina ekoizle aritzeak mugaren bestaldetik lan egiteko aukera ematen dit, gauza berriak ikasteko. Nire egiteko modutik aldentzen nau, haize berria hartzen dut. Beste artista baten dinamikan sartzean, musika beste ikuspegi batetik ikustea lortzen dut, eta horrek nire lanerako ere balio dit gero. Maiteminduta nago musikarekin, izugarri disfrutatzen dut bai nire kantuak sortzean bai besteen kantuen konponketak egitean.
Oraingo musika entzunda, zaila egiten da Rafa Rueda PILT taldearekin lotzea. Heldutasun musikalera iritsi nahi zenuela esan zenuen bakarkako bidea hastean. Heldu zarela uste duzu?
Heldutasunera iritsi baino gehiago, beste estetika bat probatu nahi nuen. PILTen hasi nintzenean ere oso gustuko nuen pop-a. Eskolako garaitik ezagutzen genuen elkar taldea osatu genuenok, eta ikaragarria izan zen diskoak grabatzen hastea. Artean, ez genuen imajinatzen zer bide egingo genuen. Musikak eman dizkidan unerik politenetako asko PILTekin izan nituen. Talde horrekin jo nuen 15.000 lagunen aurrean. Radio3en ere gure musika jartzen zuten, eta estatuan ezagun izatea lortu genuen. Halako bizipenak nostalgia apur batekin gogoratzen ditut. Baina beste bide bati ekin nahi nion, ez proiektu helduago bati, bestelako estetika duen lan bati baizik. PILTek ere heldutasuna izan zuen bere garaian eta bere estiloan.
Gaur egun egiten duzun lanak PILTen ditu sustraiak?
Bataren eta bestearen artean jarraipena dagoela uste dut. PILT nahiko eklektikoa zen, kantuetan bazegoen pop kutsu bat. Beharbada jende batentzat zaila izango da oraingo Rafa Rueda PILTen sartzea, baina nik oso modu naturalean bizi izan nuen batetik besterako urratsa. Gainera, ate hori ez dago itxita. Beharbada hemendik urte batzuetara disko bat sortu edo biraren bat egingo dugu, nork daki.
Txuma Murugarrenekin eta Pettirekin Hauxe diskoa grabatu zenuen duela urte bi, Gu Ta Gutarrak taldearen azken kontzertuan jo zenuen, Bihotz Bakartien Klubaren Katamalo-ren azkeneko emaldietan ere bai... Ekimen askoren parte izan zara azken urteetan, lapiko askoren saltsa...
Herri txikia da gurea, eta denok ezagutzen dugu elkar. Gotzon Barandiaran lagun handia dut, eta Katamalo-ren sorrera gertutik ikusi nuen. Gu Ta Gutarrak taldearekin ere askotan egona naiz, eta modu naturalean sortu zen elkarlana. Baita Txuma eta Pettirekin ere. Musikaren munduan hainbeste urtetan mugitu ondoren, jendea ezagutzen duzu, eta laguntasun harreman horiek halako elkarlanetara zaramatzate. Ederrak izan dira esperientzia guztiak.
Halaber, Zaharregia, txikiegia agian obrako partaide izan zinen Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin.
Oraindik ere bagabiltza horrekin. Datorren urtean laupabost emanaldi egingo ditugu Mallorcan eta estatuko beste toki batzuetan. Proiektuaren sortzailea Kirmen izan zen. New Yorkera gonbidatu zuten poesia irakurketa batzuk egitera. Magikoa izan zen lehenengo emanaldia etxetik milaka kilometrora egitea eta zurea ez den beste hizkuntza batean mintzatzen ez direnek harrera ezin hobea egitea. Musikaren eta literaturaren benetako indarraz jabetu nintzen. Euskaraz egiten dugulako ez dugu natural ikusten Madrilen, Bartzelonan edo beste lekuren batean ondo hartzea gure proposamena. Esperientzia horrek begiak zabaldu zizkigun.
Eusko Jaurlaritzak Kepa Junkerari emandako 702.000 euroko laguntzaren harira, musikariek administrazioaren jokabidea salatzeko eginiko manifestua sinatu zenuen, baina ñabardurekin.
Diru hori euskal kultura sustatzeko argudioarekin eman du Eusko Jaurlaritzak, baina ez zait iruditzen modurik eraginkorrena aukeratu duenik. Ñabardura Mikelek [Urdangarin] eta biok egin genuen, indarra egin nahi genuelako Jaurlaritzaren politika desegokian, eta aparte utzi Junkeraren lana. Kepa Junkerak badu bere ibilbidea eta lan egiteko modua, eta horren kontra ezin dezaket ezer esan. Aldiz, Jaurlaritzaren jokabidea kritika dezaket. Uste dut 702.000 eurorekin gauza eraginkorragoak egin daitezkeela euskal kultura sustatzeko. Alde handia dago proiektu batzuek eta besteek jasotzen duten babesaren artean; horregatik ulertzen dut kontra azaldu direnen erreakzioa. Iruditzen zait erreakzioa ondo bideratu beharko genukeela, Junkeraren kontrako sorgin ehiza bihur ez dadin, inora ez garamatza eta.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
