Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:49

KULTURA;2008-12-17;Antton Lukuk irabazi du Juan Zelaia saria. Ipar Euskal Herriko kultur egoera aztertu du Lukuk 'Euskal kultura?' saiakeran

Antton Lukuk irabazi du Juan Zelaia saria

Ipar Euskal Herriko kultur egoera aztertu du Lukuk 'Euskal kultura?' saiakeran

Iñigo Astiz

Iruñea

Antton Lukuren Euskal kultura? izenburuko lana izan da aurtego Juan Zelaia Saiakera Sariaren irabazlea. Lan hau saritzeko bi arrazoi nagusi aipatu zituzten Joxemiel Bidador, Bixente Serrano Izko, Pilar Yoldi eta Jose Angel Irigarai epaimahaiko kideek atzo Iruñean. Ipar Euskal Herriko kulturaren azterketa «ausart» eta «eraginkorra» egitea, bata, eta «saiakera akademikoa bainoago eztabaida eragile» izatea, bestea.

Antzerkia da bere lengoaia, Lukuren hitzetan, eta bere burua «lur ezezagun» batean sartzen sentitu du saiakerara pasatzerakoan. Ez da, ordea, antzerkia atzean utzita sortutako lana, azaldu zuenez, Fauxto izeneko antzezlana prestatzen zebilela hartutako oharrak baitira saiakeraren abiapuntuan daudenak.

Euskal kulturak azken 30 urteotan izandako bilakaeraz egiten zuen hausnarketa orduan, alde satirikotik, Faustoaren mitoan oinarrituta. Irritik gogoetara jo du Euskal Kultura? idazterakoan, ordea. «Orduko Ateraldi horiek iritzi bilakarazi behar zirela sentitu nuen».

Jon Alonso idazlearen zita batetatik ekin zion gogoetari bi testuetan. «Hark dioenez, garai batean Euskal Herrian biziki untsa jaten zeneko inpresioa saltzen zen kanpoan, jendea gosez amorratzen zegoen bitartean». Kulturaren ikuspuntutik aztertu du kontraste hori liburuan berak; kulturatzat aurkezten denaren, eta jendeak dibertimentutzat bizi duenaren arteko kontrastea.

Lukuren ustez transmisioa eta kultura bi gauza bilakatu ziren euskal pizkundea deitutakoaren ondoren. «Frantziarren kultur ikuspegia txertatu zen gero horren gainean, ikuspegi oso klasista, eta haien sailkapenak hartu eta integratu egin ditugu orduz geroztik, gurea ahaztuz. Gure jendartea bitan banatu zen orduan, ikuskizunetan parte hartzen zutenen eta egiten ez zutenen artean, eta, nire ustez, euskal kultur gisa aurkeztutako nozio horrek ez zuen nehor asetzen».

Transmisioaren alde

Aldarri bat idatzi duela dio Lukuk, kritika bat baino gehiago, «lokartze baten aurkako aldarria». «Nire ustez, arazoa eskola da, nola transmititzen den, nola formatzen den, nola partekatzen den kulturaren plazerra». Dioenez, «ederki» egin dute lan hori orain arte zuberotarrek maskadararekin. «Kulturgintzan profesionalki dabiltzanak kritikatu gabe, baina bide hori ezin dugu baztertu».

Dioenez, ordea, ez da ontzat jotzen den aldarria, berak egindakoa. «Politika parte hartzailea aipatuz gero, jendeari ongi iruditzen zaio, baina populistatzat jotzen dute bat kultura parte hartzaileaz hitz egiten hasiz gero».

2009ko otsailean kaleratuko du liburua Pamiela argitaletxeak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia