Fantasiazko istorioen aitzindaria
Tolkienen 'Hobbita', eta Christieren 'Hilketa lokartua' eta 'Bikarioetxeko hilketa' euskaratu dituzte
Elixabet Epelde
DonostiaHobbita (Igela), J. R. R. Tolkienek (1892, Bloemfontein, Hegoafrika) sortutako fantasiazko unibertsoari hasiera ematen dion eleberria euskaratu dute Sergio Ibarrola eta Xabier Olarrak. Semeentzat denbora-pasa gisa idatzi zuen nobelak lortutako arrakastaren ondoren, Bilbo Baggins hobbitaren istorioaren jarraipena eskatu zioten argitaratzaileek, eta hortik sortu zuen Eraztunen jauna trilogia ospetsua. Ez da euskaraz irakurri ahal izango den klasiko bakarra, Agatha Christieren Marple andereñoa inspektore ospetsuaren lehen eta azken eleberriak itzuli baitituzte Itziar Diez de Ultzurrun eta Xabier Aristegietak: Bikariotexeko hilketa eta Hilketa lokartua (Igela), hurrenez hurren.
Hobbita eleberrian Bilbo Baggins, Gandalf aztia eta ipotx talde batek Smaug dragoiak ipotxei lapurtutako altxorraren bila eginiko abentura kontatzen da. Xabier Olarra itzultzailearen esanetan «joan-etorri bat» da.
Paisaiak, munduak, izakiak, abestiak, hizkuntza bat, idazkera bat edota hainbat poema asmatu zituen Tolkienek. Betiko fantasiazko ipuinen egitura duen nobelako pertsonaia asko izaki mitologikoetan oinarrituta daude. Horrez gain, Hobbita eta Eraztunen jauna obretako pasarte batzuk Tolkienen bizitzako hainbat bizipenekin lotuta daudela uste dute kritikariek. Besteak beste, idazleak I. Mundu Gerran izandako esperientzien eragina ageri dela diote, Tolkienek asmo alegorikoak gezurtatu zituen arren.
Mundu guztian ehun milioi ale inguru saldu ditu, hainbat hizkuntzatan. Sergio Ibarrolak Hobbita euskaratzeko lanarekin ariketa gisa hasi zela azaldu du. Nobelari buruz oso biribila dela esan du: «Deskribapen zoragarriak egiten ditu, pertsonaiak oso landuak daude eta umore fina erabiltzen du». Gainera, Ibarrolaren ustez balio garrantzitsuak biltzen ditu.
Nobelaren egokitzapenak ere ugariak izan dira: BBC irratirako egokitzapena, antzerki obra bat, marrazki bizidunak, telesail bat, ordenagailu jokoak, eta abar egin dira. Guillermo del Toro zinema zuzendariak egingo duen Hobbit-a filma ere hemendik bi urtera ikusi ahalko da zinema aretoetan. Eraztunen jauna-ren kasuan bezala, Hobbit-a ere Zeelanda Berrian filmatuko da, Tolkienek asmatutako paisaietara hurbiltzeko asmoz.
New Yorkeko Herald Tribunek gazteentzako narratibarik onenaren saria eman zion. Haurrentzako Books for Keeps aldizkariak ere XX. mendeko eleberri garrantzitsuenei ematen dien saria eman zion Hobbita-ri.
Klasikoak euskaraz
Agatha Christieren Marple inspektorearen eta lehen eta azken liburuak ere euskaratu dituzte. Lehena, Bikarioetxeko hilketa, zein 1930ean kaleratu zen, Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli du, eta bigarrena, Hilketa lokartua, Xabier Aristegietak. Hilketa lokartua 1976. urtea arte ez zuten argitaratu. Hala ere, ezin da guztiz azkeneko lantzat hartu, Agatha Christiek 1940 inguruan idatzi baitzuen, baina, zergatik ez dakigula, hil arte ez argitaratzeko agindua eman zuen.
Laurogei eleberritik gora idatzi zituen Agatha Christiek, eta horietako dozena bateko protagonista da Marple andereñoa. Xabier Olarra editoreak emakume «begi-zorrotz» eta «kontakatilutzat» jo du. Era berean, haren ikerketarako dohainak goraipatu ditu: «Polizia profesionalek argitu ezin dituzten arazoak eta hilketak argitzeko gai da». Aristegieta itzultzaileak nobelari buruz honako hau azaldu du: «Suspensea oso ondo administratzen du, tarteka elementu zirraragarriak sartuz, amaieran korapiloa askatu arte». Christiek hiltzailea nor den asmatzeko egindako gonbidapena onartzera animatzen du Aristegietak, idazleak jarritako aztarna faltsu eta tranpetan erori gabe.
Marple andereñoaren eleberriek, Hercules Poiroten nobelek izan zuten kritikaren onespena (batik bat Orient-expreseko hilketa) lortu ez bazuten ere, Christieren detektibe istorioetarako maisutasuna nabari da eleberri horietan ere. Hain zuzen, idazle britainiarrari Krimenaren erregina deitzen diote, eta mundu osoan bi mila milioi ale baino gehiago saldu ditu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
