Joseba Sarrionandia - Idazlea
Bi liburu berri ditu idazleak Durangoko Azokan. Literaturarekin konprometitua dagoen idazle baten liburuak dira Pamielak eta Elkarrek argitaratuak. Hangoa eta hemengoa lotzeko nahia agertzen du Sarrionandiak.
«Kultura aniztasuna aintzat
hartuta izango gara euskaldun,
edo ez gara izango»
Alberto Barandiaran
«Hara hor albatroa, ez ote da horixe/ geure bandera?/ Albatroa bandera, guretako modukoa, enbaxadore/ garelako, hodeiertzean», aldarrikatzen du Joseba Sarrionandiak, Enbaxadore hodeiertzean kantuan. Eta, albatros bat bezala, itsaso gainean milaka kilometro egin eta gero, noizean behin iristen da kostara, eta mezua botatzen du. Botila batean batzuetan, kantu baten ertzean bestetan. Inork pausatutako galderei erantzuten die inoiz.
Bi libururekin iritsi da albatrosa aurten Durangoko Azokara. Munduko zazpi herrialdetako ipuinak argitaratu ditu Pamielarekin. Gau ilunekoak narrazioa, berriz, Elkarrekin. Lehenaz galdetu eta hara zer dioen: literatura bera, haurren zeregin gisa har daitekeela. «Umeak hartzen du egur zati bat, puntu bi eta marra bat marraztu, aurpegia, eta egur zati horrekin hizketan hasiko da, eta jokoan, egurra edonor delakoan. Pertsona heldu burutik sano batek ezin du halako fantasiarik egin, benetan ari zarela egin behar duzu beti itxura. Idazleari, asmatzeko eta balizkoaren beste hari hori segitzeko umeari bezalako askatasuna uzten zaio».
Bilduma honetan zazpi ume ekarri ditu eskutik, bakoitzak ipuin bat kontatzeko. Umeek Sarrionandia bera hartu omen dute biltzaile, itzultzaile eta idazkari «pasaporterik eskatu ez digulako eta gure ortografia eta gramatika akatsen beldurrik izan ez duelako». Cize Larralde Cabo Verdekoa da eta Bilbon bizi da, Diego Armando Ekuadorkoa da eta Gasteizen bizia da. Hangoa eta hemengoa lotzeko nahia sumatzen da liburuaren atzean, han izanda hemen sentitzeko. Hemengoak hango ere sentiarazteko. Berak hitz hauekin azaltzen du: «Euskaldunen lurraldetasuna mundu guztia da. Identitateak eta kulturak gaur egun, bata bestearen gainean edo bata bestearen alboan, bata bestearekin harremanetan bizitzen dira. Jendea eta kulturak muga politikoen gainetik pasatzen dira, eta halakoak dira ume horiek, jende eta kultura nahasketatik sortuak».
Betiko kezka da mestizajea Sarrionandiaren lanetan. Erbestearen kezka, seguru asko, baina baita kultura artekoaren kezka ere. Baita bizirik irautearen kezka ere. «Errifeko bereber bat errazago hurbilduko da euskarara bere hizkuntza eta kultura bereberraren kontzientzia izanez gero», dio. «Bestela, gizartearen eboluzioaren zurrunbiloan, Darwinen eskemarekin, handiak txikia erremediorik gabe jango duela pentsatzen baduzu, handienaren alde jarriko zara beste txikien kontra. Hala ibili ziren euskaldun asko historian zehar Patagoniako indioak edo Errifeko bereberrak esterminatzen, espainoldu behar zirelakoan. Kultura aniztasuna aintzat hartuta izango gara euskaldun, ala ez gara euskaldun izan ahal izango. Indartsuenaren legea inposatu behar dela pentsatzen baduzu, errazago izango zara espainola edo frantsesa edo, kontsekuenteago, Pentagonokoen kultura horretakoa».
Obedientziaren parodia
Pelho Leloren harria da lehen ipuina. Cize Larralde caboverdetarrak kontatzen duen ipuineko protagonista, Pelho Lelo, une bateko egiak hurrengo egunean ere balio balu bezala bizi den mutikoa da. Ikasitako leloa errepikatzen besterik ez dakiena. Entzundakoa obeditzen duena. Obedientziaren parodia, egilearen beraren esanetan. «Cabo Verdeko ipuin barregarri tradizional baten bertsioa da», azaldu du Sarrionandiak. «Mundua Pelho Leloz beterik dago. Burua borobila da baina, koadratua balitz bezala erabiltzen da. Entzun duena edo esan duena hitzez hitz bete behar duena da Pelho Lelo. Egoera analizatzeko eta egin behar duena bere kabuz aldatzeko gauza ez dena, eta orduan hanka sartzen du behin eta berriro. Zer dago korrienteagorik munduan? Jende intelijente ugari dabil horrela, eta okerrena da tontoa izan beharrik ez duzula horrela ibiltzeko».
Sua eta hegalak ipuina mutil ekuadortar batek kontatzen du, Diego Armandok. Ipuina baino gehiago, mitoa da hor garatzen dena. Munduaren historiaren azalpen primitiboa. Suaren lorpenaren mitoaren bertsio bat. Djeha eta bere auziak, berriz ere, ipuin barregarria da, umorez eta begirunez eta maitasunez kontatutako ipuina. «Djeharen ipuinak oso ezagunak dira herrialde musulmanetan, Marokotik Indonesiaraino eta Somaliatik Siberiaraino. Izen desberdinak hartzen ditu pertsonaiak. Djeha da Aljeriako parte batzuetan ematen zaion izena; Nasrudin Hodja deitzen da Turkia aldean. Ipuin zaharrak dira, eta Europan ere zabaldu dira, Fernando Amezketarraren batzuk Djeharenetatik etorri dira, nire ustez, eta idazle kultuek ere berridatzi dituzte istorio horietako batzuk».
Pelho Lelo inozoa da, eta Djeha, berriz, maltzurra. «Ez da heroi positiboa», esan du kontalariak. «Baliteke Djeha maltzurra izatea, baina maltzurtasun hori testuinguruan konprenitu behar da. Djeha pertsonaia behartsua da gizarte zapaltzaile eta injustuan. Maltzurtasuna eta umorea erabiltzen ditu, horiexek dira bere arma defentsiboak. Gaiztakeria handien kontrako bere gaiztakeria txikiak». Hondartzako dortoka, berriz, ipuin tradizionaletik urruntzen den kontakizuna da.
Ez omen du alegoriarik egin nahi. Ipuinek irakurketa literala dutela azpimarratu du, «esaten dena da esan nahi dena», baina analogiak bilatzea ere ez da zaila. «Bai, itsasoko mamuetatik urrundu beharrez dabilen marinelarena jakina konpara daitekeela hainbat bizitzarekin», onartu du. «Nahi ez dena baizik ez lortzea drama unibertsala da, gure belaunaldiko gehienei gertatu zaigu, ezta? Ea oraingo umeek suerte hobea duten...»
Euskaldunen arteko mugari buruzko ipuin bat dago, Muga eta Haize hegoa deiturikoa. Bertan, erronkariarrek Iparraldera doan Haize Hegoa bahitu nahi dute. Joseba Sarrionandiak orain hogei urte irakurri zuen Pierre Landheren Autour d'un foyer basque liburuan ematen den ipuin batean oinarrituta dago. «Oso laburra da, eta erronkariarrak xiberotarrekin haserretu zirela eta, neguan, Haize Hegoa zaku batean sartu zutela, iparraldera pasatzen ez uzteko, horixe geratu zitzaidan gogoan».
Munduko Zazpi Herrialdeetako ipuinak liburuko azken ipuina gauza galduena da. «Zeren bila zoaz Gauza Galduen Sarera?». «Hori, Lagun Izoztua-n agertu zen, bestela idatzita, orain hamahiru edo hamalau urte entzundako ipuin baten gainean. Galdu, ia dena galtzen da, ia dena ahazten da. Horrexegatik errekuperatu eta gogoratu behar dira gauza batzuk behin eta berriro».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
