Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:45

TARTEA;2008-12-04;Sehaskatik, musikaren dantzan. Ama hizkuntza ikasten den modua oinarri du Suzuki metodoak; biolina jotzen hasten dira 3 urteko haurrak

Sehaskatik, musikaren dantzan

Ama hizkuntza ikasten den modua oinarri du Suzuki metodoak; biolina jotzen hasten dira 3 urteko haurrak

Anakoz Amenabar

Gasteiz

Txikitatik musika ikasketak jasotzen dituztenek etorkizunean hizkuntza eta matematiketan erraztasun handiagoa izango dutela erakutsi dute hainbat ikerketek. Norberaren garapenean musikak duen garrantzia ondo ezagutzen dute Gasteizko Kimba haurreskolan, eta hari lotutako Suzuki metodologia jarri dute abian.

Sistema horren bitartez, musika ama hizkuntza bezala jasoko dute umeek. Hala, memoria, kontzentrazioa eta bestelako atalak landuko dituzte, Japonian sorrera duen ikasketa musikalak proposatutakoa jarraituz. Ohiko musika ikasketa tradizionalaren aldean, hasiera-hasieratik hasten dira haurrak instrumentuarekin. «Partitura bat irakurtzen hasteko edo hizkuntza zeinu batzuk interpretatzeko, gutxieneko baldintza kognitiboa beharrezkoa da, eta metodo honekin instrumentua hiru urterekin ikasten dute», azaldu du Kimba haurreskolako zuzendari Maria Campok.

Ama hizkuntzarekin harremanetan dago haurra jaio berritan, bereganatzen du, soinuak imitatu eta erreproduzitu egiten ditu. Suzuki metodoarekin ere antzera: haurrari musika aurkeztu, instrumentua erakutsi eta ondoren, imitazioaren bitartez, jotzen hasiko da. Shinichi Suzuki biolinista eta hezitzaileak esan zuen moduan, «haurren potentziala neurrigabea da». 3 eta 5 urte bitarteko haurrek ikasten dute metodoaren bitartez, adin guztietarako modukoa den arren. Bakarka jasotzen dituzte biolin eskolak, eta gurasoak ere partaide dira. «Oinarrizko ezagutza bat jasotzen dute gurasoek gero etxean ere, egunero, haurrekin praktikatu dezaten». Eskoletan guraso eta haurren artean sortzen den «lotura estua» dela ere aipatu du.

Imitazio bitartez, instrumentua jotzen hasi eta gero musika hizkuntza ikasten dute. «Imitazio bidez ikasita nahikoa izan daiteke, hasiera batean, baina musika hizkuntza ere osagarri izan behar dela uste dugu».

Musika ikasketa

Txikitatik solfeoarekin hastea «gogorra» dela aitortu du Campok, eta horregatik Suzuki metodoak abantaila eskaintzen du. «Instrumentuarekin harremanik ez izatea da gogorrena, hasieratik musika sortzea delako gustuko duguna. Solfeoarekin zaila da haurraren motibazioa mantentzea instrumentuarekin gozatzen hasi arte».

Biolina besapean, pozik doaz haurrak eskolara. Ondorioak ikusteko arinegi bada ere, haurren erantzuna bikaina izan dela gogorarazi dute irakasleek. «Gure helburua ez da talentu txikiak bilatzea; gure helburua musika iraskaskuntzarako tresna moduan erabiltzea da». Europako hainbat herrialdetan duela urte batzuk ezarri zuten metodoa, eta emaitza onak izan ditu.

Eskoletan gero eta garrantzi handiago dauka musikak, Camporen arabera, baina profesionalizatu beharra dago oraindik. «Koreografiak edota abestiak lantzen dira, baina uste dut oraindik ez dela sobera lantzen maila profesionalean, musika irakasle profesionala beharrezkoa da».

Musika hizkuntza ezagutu gabe, belarria jarrita ikasiko dute Suzuki metodoarekin. Pieza motzak dira hasieran, errepikatu ahal izateko, eta lau mugimenduko sonatak memorizatzen dituzte denborarekin. Campok azaldu moduan, hamaika arlo lantzen dituzte haurrek musikaren bitartez. Erritmoa, kontzentrazioa, atentzioa. «Kontzentrazio zailtasunak dituzten haurrek ere eskola osoa arretaz jarraitzen dute. Gustura daudela nabari zaie».

Gasteizko Zabalgana auzoko haurreskolak aurten lortu du baimena Suzuki metodoarekin irakasteko, Araban lehena. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere ikas daiteke Suzuki metodoaz.

 

Beste ikasketa batzuetarako sarbidea «errazten» du musikak



Mozarten Txirula magikoak burbuineko ezkerreko hemisferioa garatzen laguntzen du, pentsamendu arrazionalari dagokiona. Ravelen Boleroak, aldiz, eskuinekoa, sormenari dagokiona, adituen esanetan. Maria Campo irakasle eta musikariak argi dauka «tresna garrantzitsua» dela musika haurrentzat. «Musikarekin erlaziorik izan ez duen haurrak gauza asko galduko ditu; ez naiz ausartuko esatera erabateko garapena lortuko ez duenik, baina galera izugarria izango dela bai». Musikarekin harremana duten haurrek, besteak beste, erraztasuna izango dute ikasterako garaian. «Frogatuta dago beste ikasketa batzuetarako erraztasuna emango digula musika ikasteak».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia