Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:44

KULTURA;2008-12-03;Barea bezain azkarra. 'Hegalik gabe hegan' disko berriarekin, rockera gerturatu da Une, metala erabat baztertu barik

Barea bezain azkarra

'Hegalik gabe hegan' disko berriarekin, rockera gerturatu da Une, metala erabat baztertu barik

Irune Berro

Bilbo

Une taldeak «kontrastez beteriko diskoa» osatu du, Ritxi Aizpuru editorearen esanetan. Aitor Uriartek (Latzen, Sen) gidatzen duen bandak Hegalik gabe hegan bigarren diskoa plazaratu du Baga-Biga diskoetxearekin. Eta rockera bidean beste urrats bat egin du, «metala guztiz atzean utzi ez duen arren».

2006an atera zuen taldeak lehen diskoa Oihuka diskoetxearekin, Une nare eza. Lan berria aurrekoa baino rockeroagoa izatea ez dela neurtutako zerbait izan adierazi du Uriartek. «Ez gara halako disko baten atzetik ibili». Dena sinpleagoa izan dela dio. «Konplexuak alde batera utzi ditugu, eta unean-unean atera zaizkigun abestiak sortu ditugu». Zuzenekoei begira, «kantu dibertigarriak» egin dituztela adierazi du Uriartek. «Aurreko lanekoek zuten metal puntu hori galdu dute, batzuek pop ukitua izateraino», esan du Uneko abeslariak.

Beren buruari mugak jarri barik lan egin dute Unekoek. Emaitza: «bigunetik gogorrera» egiten duten kantuak -12, orotara-. Horregatik iruditzen zaio Aizpururi kontraste handiak dituen diskoa egin dutela Unekoek. «Abesti lasaiak ez bakarrik, gogorrak eta azkarrak ere bildu dituztelako», editorearen ustez. Uriartek, horrenbestez, Hegalik gabe hegan disko «osoa» dela pentsatzen du.

Letrak, «minimalistak»

Letren kantuak «minimalistak» direla azaldu du Uriartek. «Musikari ematen diogu lehentasuna abestiak sortzean; doinuak datoz arinago, eta doinuak zehaztuta daudenean, abesti direnean jada, orduan jartzen dizkiegu letrak». Bizitzako «gauza txikiei» erreparatzen diete hitzetan. «Gauza txiki horien handitasuna bilatzen dugu abestien bidez».

Uneko musikariek idatzi dituzte abestiak. Rober Garzia gitarristak, Xabi Oraa de Zumarraga bateria jotzaileak, Karmelo Aretxaga baxu jotzaileak eta Uriartek berak. Kantu denak, bi izan ezik: Dabilen arima eta Itsas zabal haunditan hil kanpaiak Gorka Lazkano Latzeneko bateria jotzaile ohiak idatzi ditu, Uriarterekin batera. Kolorezko kamaleoiak kantua idazteko ideia, berriz, Josu Igartuak eman zien Uneko kideei.

Diskoko abestiak Mikel Santos eta Ander Shinova teknikariek grabatu dituzte Ondarroako Santos estudioan. Eta Oswaldo Terronesek eta Ruben Gonzalez Uneko gitarrista ohiak egin dituzte nahasketak, Bartzelonako Epifita Labs estudioan.

Abestiak konposatzeko eta grabatzeko behar adina denbora hartu dute Uneko musikariek. Azken urtea «mugitua» izan arren -Uriarte Latzenekin ibili da biran-, taldea sendotu dela diote. «Musikalki, askoz hobeto ezagutzen dugu elkar». Harremanak estutzeak musikan eragina duela sinetsita daude, eta hori Hegalik gabe hegan disko berrian antzematen dela.

Heldu den ostiralean aurkeztuko dute Bilboko Plaza Barrian. Gose eta Betagarrirekin batera ariko dira. Abenduaren 12an emango dute hurrengo kontzertua. Larrabetzuko gaztetxean joko dute Deabruak Teilatuan taldearekin.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia