Ziegako ateari kolpea emanez
Euskal preso politiko eta iheslariek eginiko sormen lanak bildu dituzte 'Ataramiñe08' liburuan
Irune Berro
BilboUrtezaharrean, hamabiak jotzean, euskal preso politikoek ziegako ateak kolpatzen dituztela kontatzen du Naiara Mallabia bilbotarrak Ataramiñe kultur elkarteak argitara eman duen literatur lanen bilduma berrian. Zarataka egiten diote ongietorria urte berriari, «hemen gaudela esanez».
Halako uneak presoarenak soilik direla idatzi du Mallabiak Ataramiñe08 liburuaren sarreran. Eta Ataramiñeren bilduma berria ere tankera horretako uneez beterik dagoela ohartarazi dio irakurleari. Errealitatetik abiatutako sormen lanak, fikziozkoak zein egiazkoak, biltzen baititu argitalpen horrek. Euskal preso eta iheslariek sortutako poema, bertso, ipuin, kronika eta gutunak. Baita marrazki eta margolanak ere. «Obra horietan, mundu erreal gordin eta ankerraren ondoan, mundu irreal eta onirikoa aurkituko ditu irakurleak», Olatz Caminos Ataramiñe kultur elkarteko kidearen esanetan.
Aurten, «inoizko libururik mardulena» osatu dutela adierazi du Caminosek -«Ataramiñe elkartearen helburua halakorik inoiz gehiago argitaratzeko beharrik ez izatea den arren»-. 30 preso, deportatu, iheslari eta errefuxiaturen lanak jaso dituzte, orotara.
Batzuek aurreneko aldiz bidali dizkiete lanak Ataramiñekoei: Oier Anduezak, Ana Lopez Mongek eta Ibon Meñikak, esate baterako. Idazle zailduak dira beste batzuk: Iñaki Gonzalo Casal Kitxu, Mikel Albisu Antza eta Zorion Zamakola. Alabaina, lan guztien garrantzia azpimarratu du Caminosek.
«Lan guztiek balio dute lekukotasuna emateko», azaldu du Mitxel Sarasketak. «Kartzela beste mundu bat» dela dio Ataramiñeko kideak. Eta, horrenbestez, presoen lanak irakurtzea «mundu horren berri izateko baliogarria» dela pentsatzen du. Espainiako nahiz Frantziako espetxeetan preso dauden lagunen lanak jasotzeko, hala ere, oztopo ugari izan dituztela salatu du Sarasketak. «Ezaguna da Sarrik [Joseba Sarrionandiak] zioena: funtzionarioak paper bila ari dira ziegan». Sarasketak azaldu duenez, «kartzelan euskarazko literatura egiteak jazarpena dakar».
Horretaz gain, Zorion Zamakolak Clairvauxko espetxean sortutako mahai jokoa eramango du Ataramiñek Durangoko Azokara. Mendian gora, ibaian behera, Euskal Herrian zehar du izena zortzi urtetik gorako umeentzat Zamakolak prestatutako jokoak. Euskal geografia ikasiz gozatzeko aukera izango dute jokalariek, fitxekin taulan aurrera eginez.
Urtzi Zubizarretaren lehen poema liburua plazaratu du Ataramiñek
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
