Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:43

KULTURA;2008-11-28;Garapena eta tradizioa, eskutik helduta. Jimmy Bidaurreta musikariak 'Cosmonaut Camel' diskoa plazaratu du; musika etnikoaren esparrura hurbildu da

Garapena eta tradizioa, eskutik helduta

Jimmy Bidaurreta musikariak 'Cosmonaut Camel' diskoa plazaratu du; musika etnikoaren esparrura hurbildu da

Aitor Abaroa

Donostia

Teknologia berriek abantaila asko ekarri dute musikaren mundura. Abantaila horiek ondo aprobetxatzen jakin duten musikarietakoa da Jimmy Bidaurreta donostiarra. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratu berri du Cosmonaut Camel. An ethnictronic world trip izeneko diskoa; berak egin ditu konpositore, musikari zein ekoizle lanak.

Bidaurreta Gasteiz Big Bandeko zuzendaria da eta Ortophunk taldeko teklatu jotzailea; beste hainbat talderekin ere kolaboratzen du. Ekoizpenaren arloan, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Dantza Baltza zigiluaren sortzaileetakoa da (disko berria zigilu horrekin atera dute).

Plazaratu berri duen diskoak badu gero eta ohikoago bihurtzen ari den berezitasun bat: Bidaurretak berak egin du diskoa goitik behera. Ordenagailuko software bereziak erabilita, sampler bidez osatu ditu diskoko kantuak. Susana Mujikaren (euskara), Marine Discazeauxen (frantsesa) eta Marisol Blancoren (gaztelania) ahotsak kenduta, diskoan entzuten den oro Bidaurretaren ordenagailutik irten da. «Musika ezberdinak nahastuta zerbait koherente eta homogeneoa lortu nahi izan dut», azaldu du musikariak.

Cosmonaut Camel osatzen duten 13 kantuetan (bi kantu bina zatitan banatu ditu) Indiako, Marokoko, Chicagoko edo Latinoamerikako esentzia musikalak atzeman daitezke. Musikari donostiarrak orain arte ohiko izan dituen funk, acid-jazz eta doinu latinoei kultura hindu eta arabiar tradizionaletako osagaiak gehitu dizkio, beste batzuen artean, flautak, sitarrak eta taulak. «Musika etnikoarekin lan egiten dudan lehenengo aldia da», adierazi du Bidaurretak.

Diskoaren azalean ageri dira diskoari izena ematen dioten bi pertsonaiak. Kosmonautak diskoaren «alderdi teknologikoa» eta «etorkizuna» ordezkatzen ditu; gameluak, aldiz, «tradizioa» ordezkatzen du; teknologikoki garatu gabe dauden herrialdeetako kulturen musika.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia