Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:42

KULTURA;2008-11-26;Etsipenetik itxaropenera bidean. Maitasun istorio bat ardatz duen 'thriller' zientifikoa idatzi du Fernando Morillok: 'Zure arimaren truke'

Etsipenetik itxaropenera bidean

Maitasun istorio bat ardatz duen 'thriller' zientifikoa idatzi du Fernando Morillok: 'Zure arimaren truke'

Irune Berro

Bilbo

Bernat eta Iruri dira Fernando Morillok Txalapartarekin oraintsu plazaratu duen Zure arimaren truke nobela berriko pertsonaia nagusiak. Ikerlaria da Bernat, eta abokatua Iruri. Bikote dira. «Aitortu ezineko ametsa», sarritan liskarrez liskar ibiltzen badira ere. Halako batean, minbizia duela jakingo du Irurik. Eta Bernatek aukera bi baino ez ditu ikusiko: Iruriren alboan jarraitu -eta hura zimeltzen ikusi- edo inoizko ikerketarik zirraragarrienean murgildu -baina bikotekidearengandik urrun-.

Morillok azaldu duenez, Bernatek grina nagusi bi ditu: zientzia eta Iruri. «Zientzian zenbait gauza ohiz kanpoko lortu ditu. Dirua dauka, eta laborategi bat ere bai. Eta pentsatuko du: zergatik ez saiatu borroka egiten?». Zientzialaria den aldetik, Irurik sufritzen duen eritasuna gainditzeko modua aurkitu nahi du Bernatek. Hala, zientzia, artea eta fedearen mugak arakatuko ditu, heriotzari iskin egiteko helburuari jarraiki. Baina ezinezko borroka izango da. «Ezinezko borroka baten kronika» dela adierazi baitu idazleak.

Zure arimaren truke nobela thriller zientifiko gisa definitu du Morillok, eta liburuaren ardatza maitasun istorioa dela esan du. «Baina maitasun hirukia ez ezik, maitasun laukia edo piramidea ere» izan daitekeela azaldu du Morillok. Bernat eta Irurirekin batera, beste bi pertsonaia izango baitira garrantzitsuak kontakizunean. Kike, Iruriren bikotekide ohia -mutil berezia eta espirituala-; eta Maren, Bernaten lankidea-haien artean tentsio sentsuala nabaria da-. Bosgarren pertsonaia heriotza izango da, «thriller batean etsaia beharrezkoa baita beti». Piramidearen tontorra izango da, garaitu beharreko gailurra.

Alabaina, heriotzaren kontrako nobela barik, Zure arimaren truke bizitzaren aldeko liburua dela azpimarratu du Morillok. «Pertsonaia bakoitza saiatuko da ahalik eta gehien bizitzen, bakoitzak ulertzen duen moduan». Liburuan «galdera asko» daudela esan du idazleak, eta «zenbait erantzun». «Pertsonaia bakoitzak berea aukeratuko du».

Bernatek ondo daki bere aurretik zientzialari askok ikertu dutela minbiziaz; alegia, ohiko bideari jarraituz gero, ezer gutxi lortuko duela. Horregatik, zientziaren ertzetan arakatzeari ekingo dio. Dena dela, exoterismora ez duela joko aurreratu du Morillok. «Zientziaren bazterreko gaietara, baizik». Hala, liburuan agertzen den «zientzia gehien-gehiena egiazkoa» dela ziurtatu du idazleak. «Baita azaltzen diren xelebrekeria zientifikoak ere».

Ustekabeko amaiera

«Minbiziaren aurkako lubakietan» dabiltzan «heroi isil guztiei» eskaini die Morillok Zure arimaren truke liburua.

Mikel Soto Txalapartako editoreari Gloria Mundi nobela (Elkar, 2004) gogorarazten dio Morilloren lan berriak. «Zientzia modu dibulgatiboan jorratzeko estiloan eta nobelak lortzen duen abiaduran» hartzen die antza obra biei. Liburuaren bukaerak ez duela inor hotzepel utziko uste du Sotok.

 


Liburuan agertzen den zientzia gehien-gehiena egiazkoa da; xelebrekeria zientifikoak ere bai»

Fernando morillo

Idazlea



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia