Euskal historiaren faltsutze ironikoa
Iban Zalduak euskaraz idatzi duen lehenengo eleberria aurkeztu du, 'Euskaldun guztion aberria' izenekoa
Aitor Abaroa
DonostiaEuskal Herrian iragana aldatzeko obsesioa dagoela uste du Iban Zalduak (Donostia, 1966). Hori, lehen batean, arazo batzuk konponduko dituela uste delako egiten omen da, baina azkenean, aurrekoak baino larriagoak izan daitezkeen arazo gehiago sortzen dituela dio. Hausnarketa horren inguruan dabilen paradoxa aurki daiteke Euskaldun guztion aberria (Alberdania) liburuan.
Unibertsitateko irakaslea da Zaldua, aurkeztu berri duen eleberriaren protagonista den moduan; protagonistak Joseba Anabitarte du izena, eta aspertuta dago Euskal Herriko giro politikoarekin. Hala, Euskal Herriari buruzko ikastaro bat ematera joateko eskaintza jasotzen du Alaskako unibertsitate batetik, eta ihes egiteko aukera ezin hobea ikusten du. Behin Anchorage-n dela, Euskal Herriaren historia fantastiko bat asmatzeari ekingo dio, ikasleek hemengo berririk ez dutela ikusita.
Liburuaren aurkezpena Mikel Hernandez Abaituak egin du. Hernandezen arabera, Zalduaren lana ez da nobela errealista, nahiz eta abiapuntu errealista eta tristea izan: «Atzera eta aurrera begiratzen duen nobela da, eta aurrea begiratzeko moduak baditu bere arrazoiak, liburuaren amaieran geratzen den gauza batengatik; baina suspentsea hor utziko dut irakurleak liburua irakurtzera animatzeko».
Ez da Hernandez liburua aurkeztearen arduraduna kasualitatez izan, hain zuzen ere, Zalduak berak onartu duen moduan, Gasteiztarraren Ohe bat ozeanoaren erdian (Erein, 2001) eleberria oso presente izan baitu aurkeztu berri duen liburua idazterakoan; are gehiago, 2001eko liburu horren jarraipen bat izan zitekeela iruditzen zaio: «Hernandezen liburuan protagonistak Euskal Herritik Italiara alde egiten zuen, eta bidaia horretan egiten zituen gogoetak azaltzen ziren liburuan. Nik, ordea, atzerrira heldutakoan zer gertatzen den kontatu nahi izan dut». Eleberriaren estiloaren inguruko azalpenak emateko ere, paralelismoekin erabili du Zalduak: «Hernandezen liburua tragedia bat bada, nirea komedia bat da, komedia etsi bat». Liburuaren tonua guztiz ironikoa dela azaldu du Zalduak.
Estiloarena ez da izan baina idazleak bere lanaren gainean daukan zalantza bakarra: «Uste dut nobela labur bat edo ipuin luze-luze bat dela. Zuri edo beltz aukera egin beharrean, baina, grisa hautatu idazleak: «Azpi-izenburu gisa Nouvelle bat dela jarri dut, azken finean, tamainari dagokionez, hori delako; nobela laburra, XIX. eta XX. mendeetan tradizio handia izan duen generoa, eleberriaren eta ipuinaren artean kokatzen dena». Genero horren inguruan Jose Maria Eça de Queiroz-ek esandakoekin bat dator Zaldua: «Ez dago digresiorik, ez deklamaziorik, ezta filosofiarik ere; dena da espektazioa eta drama, bizkor kontatua. Gau batean irakurtzen dira, eta inpresioak aste oso irauten du». Horrelako zerbait lortu nahi izan du Zalduak bere liburuarekin.
Baina bada beste arrazoi bat, liburua nobela dela ziurtatzera eramaten duena, hala nola Si Sabino viviría (Lengua de Trapo, 2005) espainolez idatzitakoarekin gertatu zen bezala, «hasieran huts egindako ipuina delako». Zalduak esandakoen arabera, hasieran idatzitako ipuina txarra zen oso, baina behin nobelizatuta, bere benetako neurria hartzen du liburuak.
Erasmus Literatura
Zalduaren arabera, Euskaldun guztion aberria unibertsitate giroko nobela da, gaur egun mendebaldeko literaturan, anglosaxoian barik bat, nahiko zabaldurik dagoen Campus Novel azpigenero horretakoa; David Lodge-ren Changing Places eta Malcolm Bradbury-ren The History Man aipatu ditu inspirazio modura.
Behin hori azalduta, baina, argi utzi nahi izan du bere nobela ez dela egungo idazle gazte batzuk garatzen ari diren Erasmus Literatura (Erasmus Belaunaldiren ordez, moda bat baino ez dela uste baitu) delakoaren bidean kokatzen. Zalduaren aburuz, Erasmus Literaturaren ezaugarri nagusietako bat, idazlearen kosmopolitsimoa erakuste aldera, gertakariak Euskal Herritik kanpo kokatzea da, agertoki exotikoago batean, nahiz eta eta arazorik gabe berton gerta daitezkeen kontuak konta. Bere liburuko gertaerak, aldiz, atzerrian jazotzen dira, baina kontatu nahi duena halabeharrez atzerrian gertatu behar delako. Beraz, Erasmus Literaturaren irakurketa kritiko-satiriko moduan ere ikusten du nobela.
Euskaldun guztion aberria izenburuak lanaren motibo nagusia seinalatzen duela jakinarazi du Zalduak: «abertzaletasunaren eta gure identitatearen edo identitateen auzia». Horren haritik, George Orwell-en aipu bat azpimarratu du: «Nazionalista oro iragana alda daitekeelako ideiarekin obsesionatuta bizi da. Bere denboraren hainbesteko bat fantasiazko mundu batean pasatzen du, non gauzak gertatu beharko luketen bezala gertatzen diren».
Dena dela, ez du uste Zalduak bere liburua euskal abertzaletasunaren kritika soila denik, «mesfidantzaz» begiratzen baitio nazionalismo orori. Hala, tituluak berak ere mesfidantza horri erreferentzia egiten diola dio, eta horregatik gehitu diola guztion hitza: «funtsean ez dudalako sinesten aberri bat, inolako aberririk, guztiontzakoa izan daitekeenik, inoiz eta betirako».
80ko hamarkada
Liburuan sarri agertzen dira 80ko hamarkadarekiko erreferentziak, kantuak batik bat; keinu nostalgikoak. Idazleak azaldu du, baina, nostalgia horrek ez duela zerikusirik 80ko hamarkadarekin berarekin: «Hura garai lazgarria izan zen, baina bazegoen gauzak hobera alda zitezkeen irudipena, une latzak pasatu ondoren zerbait berria eta hobea etorriko zen itxaropena». Zalduaren ustez, gaur egun gauzak ez dira hain ikaragarriak, baina itxaropena galdu egin da; berak, behintzat, galdu duela dio, oraingoz.
iban zaldua
Idazlea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
