Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:25

KULTURA;2008-11-26;Lakarra: «Kontu honek ez zuen aurrera egin behar, eta kito». Eliseo Gilek orain arte emandako azalpenak ez dira nahikoa hizkuntzalariaren ustez, harrien datatzeaz soilik ari direlako Faltsutzeak aurkitu ziren garaian egin zirela diote hainbat adituk, Lakarrak azaldu duenez

Lakarra: «Kontu honek ez zuen aurrera egin behar, eta kito»

Eliseo Gilek orain arte emandako azalpenak ez dira nahikoa hizkuntzalariaren ustez, harrien datatzeaz soilik ari direlako

Faltsutzeak aurkitu ziren garaian egin zirela diote hainbat adituk, Lakarrak azaldu duenez

Iñigo Astiz

Iruñea

«Erridikulu xamarra litzateke hau, dauzkan ondorio latzengatik ez balitz». Joseba Lakarra hizkuntzalari eta Iruñea-Veleiako aurkikuntzak ikertu dituen batzordeko kidearen hitzak dira. Hala deskribatu ditu Eliseo Gil indusketako zuzendari ohiak aurkikuntzak faltsuak ez direla azaltzeko egin dituen saioak.

Lakarraren ustez, eztabaida ez zen batzordera ere heldu behar. «Honek ez zuen aurrera egin behar, eta kito. Zuzendariak berak [Gilek] azaldu behar zuen hasieratik, hori ez zela ez euskera, ez latina ez ezer, eta idazkunak ez zirela III. mendekoak. Eta berdina egin behar zuen piezak gorde dituen museoko zuzendariak ere [Amelia Baldeonek] ere».

«Pakete osoa da faltsua», dio Lakarrak. «Nahi adina buelta eman diezazkiokegu, baina astuna egiten da broma lehen bost minutuetatik aurrera». Batzordearen ondorioa argia izan dela azaldu du, alor guztietako aditu guztiek egin baitzuten bat ondorio horretan. «Hori esan dute arkeologoek, epigrafistek, hizkuntzalariek, latinistek eta kimikoek, denek esan dute berdina». Areago. «Hainbat txosten gelditu dira idatzi gabe, egile gai zirenek kontu horretan parte hartzeari uko egiten ziotelako, sartzea ere txorakeria iruditzen zitzaielako. Ildo horretatik zetozen ezezkoak».

Orain arte Eliseo Gilek aurkeztu dituen azalpenak ez dira nahikoa izan, gainera, bere ustez, bi data daudelako jokoan; harriena eta idazkunena. Eta, dioenez, Gilek bakarra defenditu nahi du. «Inork ez du dudan jarri harriak III. mendekoak direnik, baizik eta idazkunak. Karbonoaren frogek ez dute, beraz, eztabaidarako balio, partidu hori irabazia dauka. Ez dago hor gerrarik, inork ez du-eta sekula ukatu markoak benetakoak direnik».

Idazkunak benetakoak zirela frogatzeko 2006an egindako piezen patinaren gainean egindako frogek ere ez dute baliorik Lakarraren ustez. Batzordeko kimikoak [Manuel Madariagak], azaldu zuenez, ez omen da froga fidagarria. «Sonorako desertuan erabili oizan da inoiz, baina ez Europan, hezetasunagatik eta ez omen duelako funtzionatzen». «Bitxia» da, bere ustez, halere, Gilek froga horien aipamen gehiagorik ez egitea.

Lakarrak dioenez, batzordeak bere ondorioak aurkeztu baino lehen ere aipatu izan zioten arkeologoek lanak «oso gaizki» egin zituela, eta batzordearen azken saioan, ondorioak argiak zirenean, azalpenak emateko aukera eskaini zitzaionean ere, «ez zela momentua» erantzun omen zuen Gilek.

«Denok nahiago genukeen gauzak lehenago egin izan balira», baina, azaldu duenez, batzordea eratu eta otsailera arte ez zuten piezak ikusteko aukerarik izan. «Hiru baino ez nituen nik ikusi ordura arte, eta oso nabarmenak ziruditen jadanik. Oinarrizko kontuak ziren.Denak ikusi behar genituen, halere, txostenik idatzi baino lehen».

Nork egin ditu idazkunak, hori da orain denen buruetan dabilen galdera. Batzordearen eztabaidagaietatik at dago hori, Lakarrak azaldu duenez, eta erantzuna ematea «zaila» dela dio. Denbora tartea ez dela hain zabala aipatu du, hala ere. «Adituek ez dituzte faltsutzeak XVI. mendean kokatzen, baizik eta, gutxienez XX. mendeko faltsutzeak direla. Areago, zenbaitzuk uste dute XX. mende bukaeran egin zirela, 90eko hamarkada inguruan, hain zuzen ere, ustez deskubritu ziren garaian bertan. Pertsona asko kendu dituztu tartetik, eta horrek balizko erantzuleen zenbakia izugarri murrizten du».

Kronologia horrek behartzen du, bere ustez, Gilen taldea azalpenak ematera. Ez horrek bakarrik, gainera, aurkikuntzen kopuruak ere (200dik gora idazkun) faltsutzeak nondik hel daitezkeen azaltzen laguntzen du bere ustez. «Nik ez diot Gilek egin dituenik, inondik inora ere, baina jakin nahi nuke hainbeste urtez hor zuzendari izan denez, zer azalpen ematen dion idazkun horien guztien agerpenari».

Epaile aurrean bukatuko da dena, Lakarraren aburuz.

Hizkuntzalaritza sendotuta

Euskal hizkuntzalariak izan ziren aurkikuntzak faltsuak izan zitezkeela aipatu zuten lehenak. «Susmagarriak» iruditu zitzaizkien «hasiera-hasieratik» euskarazk idazkunak. «Halako aurkikuntzak gertatzean, ezinbestean, ezagutzen ez diren gauzak agertzen dira, ez oraingo forma berak», azaltzen du Blanca Urgell hizkuntzalariak. Eta horixe zen aurkitu zutena. «H-a ikasi ez duen egungo euskaldun baten hitzak ziruditen hasierako idazkunek».

«Beste hizkuntzalaritza batzuk baino tradizio txikiagoa dugu, baina nik uste dut sendotuta atera garela alde batetik behintzat, hasieratik ikusi ahal izan dugulako hori ez zela horrela, hori ezin zitekeela izan III. edo V. Mendeko euskara». Iritzi berekoa da Lakarra ere. «Disziplina bezala, eta harrokeria handirik gabe, esan daiteke hasieratik altoa eman zutenak euskal hizkuntzalariak izan izan zirela, eta hori hor dago».

 


Inork ez du zalantzan jartzen harriak III. mendekoak direnik, baizik eta idazkunak»

Joseba Lakarra

EHUko Euskal Filologiako katedraduna



Sendotu egin da euskal hizkuntzalaritza, hasieratik ikusi baitugu ez zirela III. mendekoak»

Blanca Urgell

Euskal Filologiako doktore





 

Lan arkeologikoari buruzko lehen txostenak, idazkunen aipamenik gabe



Eliseo Gilen zuzendaritzapean egindako lan arkeologikoa «gaitasun zientifiko erabatekoz» egin dela, hori diote Carmen Fernandez Ochoa eta Angel Morillo Cerdán arkeologia irakasleek atzo argitaratutako ebazpen zientifikoan. Gilek haien sustengua zuela aipatu zuenetik egin duten lehen adierazpena da. Ez dute , ordea, material epigrafikoaz, edo errejistro kronoestratografikoaz iritzirik eman, «balorazio objektiboagoa» lortzeko.

Horrez gainera, lehen idazkun multzoa (kalbarioa, hieroglifikoak, latinezko idatziak) zegoen geruza berean aurkitutako pieza batzuren gaineko frogen emaitzak agertu ditu txosten batean Gilen taldeak. Herbereetan egindako C14 frogen emaitzek aztertutako lau piezak K.O. III. mendeko piezak direla dio. Ez da, ordea, ezer aipatzen idazkunei buruz, ez baitute haientzako «azalpen egokirik».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia