Amarica Proiektua abiatu dute, kultur ekoizpena «aberasteko»
Arabako artisten egitasmoak kultur eredu «horizontala eta parte-hartzailea» bultzatuko du
Edurne Begiristain
GasteizArabako ekoizpen artistikoari bultzada emateko xedez, Amarica Proiektua sortu du Arabako artista talde batek. Diputazioaren laguntzari esker jaiotako egitasmoarekin, kultur eskaintzaren kudeaketa eredu berria eta berritzailea martxan jarriko du Amarica Proiektuak. Helburua, argia da: artisten parte hartze zuzenaren bidez, Arabako kultur ekoizpena «aberastea» .
Duela bost urte Amarica Aretoa itxi zutenetik, Arabako artistek kulturaren egoerari buruzko etengabeko hausnarketa eta eztabaida bultzatu dute. Hala, Amarica Aretoak utzitako hutsunea bete, eta Arabako arte sormena kudeatzeko eredu berriak sortzeko ahaleginetan ibili dira. Esfortzu horren emaitza 2008an etorri da, Amarica Proiektua martxan jarrita. Udaberrian, artista talde batek egindako kudeaketa proiektua ontzat jo zuen Arabako Diputazioak, eta orain, bigarren pausoa eman da, Amarica Proiektuaren Kontseilua eratuta. Egitasmoaren kudeaketaz, koordinazioas, eta programazioaz arduratuko da Kontseilua.
Amarica Proiektuaren berri emateko lehen agerraldi publikoa egin zuten atzo Kontseiluko kideek. Natxo Rodriguez, Ana Valdeolivas, Anabel Quincoces eta Ibon Saenz de Olazagoitiak azaldu zituzten egitasmo berriaren xehetasunak, Lorena Lopez de Lacalle Arabako Kultura diputatuak lagunduta. Politika kultural berriak sustatzearen garrantzia azpimarratuta aurkeztu zuen Kultura diputatuak Amarica Proiektua. «Ordua heldu da erakundea bere dorretik jaitsi, kultura ekintza oinarriarekin adostu, eta artearen espektakularizazioarekin zerikusia duten ereduak alde batera lagatzeko».
Izan ere, erakundeetatik bultzatu ohi den kultur politiketatik urrundu, eta «eredu horizontala, parte-hartzailea, malgua, dinamikoa eta zabala» sortu nahi du ekimen berriak. Finean, hemengo artistei euren lana eskaintzeko «formula berriak» proposatu nahi dizkiete.
Horretarako, Arabako Diputazioaren esku dauden Amarica Aretoaren, Ignacio Aldekoa Kultur Etxearen eta Arabako Lurralde Agiritegiaren programazioaren kudeaketari «izaera berria eta eguneratua» emango diete. Hala, arte plastikoa izango da Amarica Aretoaren ardatza; Ikus-entzunezkoen ekoizpena Lurralde Agiritegiarena, eta abangoardia artistikoarekin lotura zuzena ez duten elkarte edo norbanakoen lanak, eta artisautza ereduak Ignacio Aldekoa Kultur Etxearena. Kontseiluko kideen esanetan, Amarica Proiektuak «artxipelago» baten funtzioa izango du, hiru aretoak koordinatuta eta elkarlanean arituko baitira. Hiru gune horietan erakusketa formatuak protagonismoa galduko du bestelako ereduen mesederako: mintegiak, tailerrak,argitalpenak...
Artistek igorritako proposamenen eta proiektuen araberako programazioa eratuko dute Kontseiluko kideek. Bide desberdinetatik heldutako egitasmoei emango diete kabida, gainera: hala nola, deialdi irekietan zein deialdietatik at bidalitakoak, erakundeekin elkarlanean aurkeztutakoak eta kanpoko arte komisarioek proposatutakoak.
'Inmersiones', lehen ekimena
Amarica Proiektuaren lehen ekimena Inmersiones izeneko egitasmoa izango da. Euren burua ezagutarazi nahi duten inguruko arte eta kultur ekoizpenei irekitako ekimena da Inmersiones. Iñaki Larrimbe artistak eta egitasmoaren arduradunak azaldu zuenez, zabalduta dagoen aurreiritzi bati buelta eman nahian martxan jarritako ekimena da: «Artistena baino gehiago, arte gestorien ardura behar du kultur sarean murgildu eta praktika garaikideekin harremanetan jartzea».
Egitasmoa deialdi publiko baten bidez egingo da, eta parte hartu nahi duten artistek abenduaren 8ra arteko epea dute. Kontseiluak aukeratuko ditu zein ekimenek osatuko duten azkenengo proiektua. Aukeratutako 30 lan Amarica Aretoan paratuko dituzte abenduaren 18tik otsailaren 18ra. Egitasmoaren xehetasunak www.inmersiones.net orrian eskegi dituzte.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
