Esther Ferrer 'performer'-ak Arte Plastikoen Espainiako Saria irabazi du
Ibilbide artistikoagatik, nazioartean lortutako ospeagatik eta eragin pedagogikoagatik saritu dute
Agentziak
MadrilEsther Ferrer (Donostia, 1937) artista eta performer-ak irabazi du Espainiako Kultura Sailak urtero banatzen duen Arte Plastikoen Sari Nazionala. 30.000 euroko sari hori gazteengan lortu duen eraginagatik, bere ibilbide artistikoaren garrantziagatik eta nazioartean lortu duen onarpen agatik eman diote.
Ferrerrek sariaren garrantzia azpimarratu du irabazlea dela jakin ondoren: «Ez dakit sariari ohore egin ahal izango diodan, erantzukizun handia baita». Era berean, epaimahaiak saria merezi izana espero duela adierazi du.
Ibilbide oparoa
60ko hamarkadan ekin zion ibilbide artistikoari Espainian performance-aren aitzindaritzat jotzen duten artista horrek. Jose Antonio Sistiagarekin batera, haurrentzako lehen adierazpen libreko akademia sortu zuen, Ferrerren ondorengo hainbat lanen oinarria izan dena.
Sistiagaren bitartez, Walter Marchetti eta Juan Hidalgo ezagutu zituen, eta horiekin Zaj talde artistikoan elkartu zen. Hasieran abangoardiako musikaren inguruko mugimendu modura sortu zen arren, arlo guztietako artistek lan egin zuten bertan. Dadaismoaren eragin zuzena zuen kolektibo hark nazioarteko Fluxus taldearekin harremanak izan zituen. 1996a arte iraun zuen 70eko hamarkadatik aurrera hirukote bilakatu zen Zaj taldeak. Desegin zirenean, Madrilgo Reina Sofia museoan taldearen ibilbideari buruzko erakusketa egin zuten.
Talde horri esker John Cage musikagilearekin lan egiteko aukera izan zuen Ferrerrek. Artista estatubatuarrak mundua entzuten erakutsi zion performer-ari
Bakarka ere ibilbide oparoa egin du Esther Ferrerrek. Lan gehienetan, denboraren aldaketa, espazioa eta bertan gizakiak duen presentzia izan ditu abiaburu. Argazki landuak, instalazioak eta zenbaki lehenetan oinarritutako koadroak izan dira bakarka eginiko ondarearen zatirik garrantzitsuena.
1999an, Manolo Valdesekin batera, Veneziako Biurtekoan izan zen. Besteak beste, Donostiako Koldo Mitxelenan, Stuttgart-eko (Alemania) Staats Galerien eta Sevillako Arte Garaikidearen Zentroan egon dira bere lanak.
Ideologiari lotutako artea
Ezein ideologiarekin esplizituki lotutako lanik egin ez duen arren, artistaren pentsamenduak obran agerpena izatea normala dela uste du Ferrerrek. Hain zuzen, askotan anarkismoarekin eta feminismoarekin lotu izan dituzte haren artelanak.
Esther Ferrerrek aberri edota Jainkorik ez duela onartu izan esan du askotan. Anarkistatzat dauka bere burua, sormenari lotutako ideologia baita, artistaren ustetan. «Ikuspegi politikotik interesgarriena iruditzeaz gain, sormenarentzat oinarrizko baldintza da, Jainkorik gabe eta aginduak emango dizkizun inor gabe gauzatzen baita sormena».
Performer-aren ustez, obra artistikoak testuinguruarekin zerikusia du. Hala nola, ez du lan amaituetan sinesten. Obra bat beti alda daitekeela uste duenez, bere lanei ez die datarik jartzen.
Esther Ferrerrek sakonean beti bere buruarentzat lan egin duela aitortzen du. Bere helburua ez da gauza jakin batzuk komunikatzea: «Ez dut inoiz artea egin inori ezer erakusteko». Hain zuzen, arte mesianikoaren aurka dago.
Arte Plastikoen Saria
Kultura Ministerioak urtero ematen duen sari honek aurreko urteko obra bat saritu ohi du. Artista baten ibilbidea saritzea, oraingoa bezalako ezohiko kasuetan besterik ez da gertatzen.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
