Diputazioaren txostenak «iritziak» dituela oinarri dio Veleiako buruak
Orain arte Veleiako aztarnategiko arduradun izandako Eliseo Gilek «lintxamendu mediatikoa» salatu du
Batzordearen kontrako «neurri legalak» hartzeko asmoa duela adierazi du
Anakoz Amenabar
GasteizArabako Aldundiak osatutako batzorde zientifikoak Veleiako idazkunak «manipulatu» dituztela eta aurkikuntzak «faltsuak» direla salatu eta gero, aztarnategiko langileen txanda heldu da. Batzordearen ondorioek «oinarri zientifikorik ez» dutela eta «frogak baino iritziak» izan dituztela oinarri argudiatu du aztarnategiko buru Eliseo Gilek; «erantzukizun politikoak» eskatu eta «neurri administratibo eta legalak» hartuko dituztela iragarri du.
Veleiako idazkunen aferak luze joko du oraindik. Gilen arabera, III, IV eta V. mendeko zeramiketan agertutako idazkunak «gezurra» direla baieztatzeko garaian iritziak baino ez ditu izan oinarri batzorde zientifikoak. Hala adierazi zuen atzo arratsaldean, Iruña-Okan (Araba) egin zuen agerraldi jendetsuan. Azalpenen ondoren ez zuen galderentzako tarterik utzi.
Egoera «kafkarra» dela eta hedabideen aldetik «lintxamendua» jasan dutela adierazi zuen lehenik. «Hamalau urte hauetan ahalik eta hoberen egiten saiatu gara, bai ikerketaren, bai kontserbazioaren eta baita zabalkuntza aldetik ere. Eta, noski, beste edozein kargutan bezala kritikak eta proposamenak onartzeko prest». Bat-batean halako txostena eta erabakiekin topo egitea, ordea, «kolpe latza» izan dela aipatu zuen.
Akusazioei aurre
Veleian aurkitutako idazkunen egiazkotasun salaketen inguruan ez zuen adierazpenik egin. Txostenean aipatutako pare bat akusaziori heldu zien, soilik. Hala, pieza batean itsasgarria erabili izana arkeologian «erabat arrunta» dela gogoratu zien batzordeko kideei: «Pieza ezberdinak batu eta ikerketarekin aurrera jarraitzeko modua da. Nola egin behar genuen, ba, bestela?», galdetu zuen haserre. Idazkunen garaiari dagokionez, III. mendekoak beharrean VI. mendekoak izan zitezkeela esan zuen.
Era berean, ikerketa prozesua gaitzetsi zuen. Batzordeko bilerak urtarrilaren 16an hasi zirela eta herenegun plazaratutako ondorioak atera aurretik bost bilera «bakarrik» egin dituztela gogoratu zuen. «Hainbat froga arkeologiko egin behar zituztela aipatu zuten, eta guk oraindik ez dugu berririk izan». Era berean, ikerketari begira, Lurmenek -indusketa egiten ari zen enpresak- proposatutako hainbat azterketa ez direla egin esan zuen.
Ikerketa batzordeak «ez zegozkion funtzioak» hartu dituela salatu zuen eta «bermerik gabe» jokatu dutela. Horregatik, haren enpresak «beharrezko neurri administratibo eta legalak» hartuko dituela iragarri zuen. Hamar eguneko epea du Gilek txostenaren kontrako arrazoibideak aurkezteko; defentsarako, hainbat arkeologo ezagunen babesa ere badutela gogoratu zuen.
Hainbat politikarik euren kargua uzteko galdegitea ere aukeren artean dutela aipatu zuen. Ildo honetan, Iruña Okako alkate Jose Javier Martinezek eskutitz bat igorri dio Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuari, izan duen jokabidea gaitzesteko, «udalerria aztarnategiaren inguruko erabakietatik kanpo uzteagatik».
eliseo gil
Veleiako aztarnategiko arduradun ohia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
