Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:36

TARTEA;2008-11-20;Josebe Olarra da DIPCen lehen ongilea . Bere ondarea utzi duen emakumearen izena izango du Donostiako fisika erakundearen areto nagusiak

Josebe Olarra da DIPCen lehen ongilea

Bere ondarea utzi duen emakumearen izena izango du Donostiako fisika erakundearen areto nagusiak

Erredakzioa

Donostia

Josebe Olarra Lizarralde da Donostia International Physics Center fundazioak duen lehen ongilea. Euskaltzalea eta irakasle ohia, jakinduriarekiko interesa agertu zuen Betelun 1920. urtean jaiotako emakumeak, eta aurten bere heriotzean bere ondarea Pedro Migel Etxenikek zuzentzen duen erakundeari uztea erabaki zuen, «zientzia ikerkuntzaren garapenerako». Esker onez, DIPCek haren izena jarriko dio abenduaren 15ean fundazioaren areto nagusiari, eta atzerrian dauden ikerlari gazteak itzultzeko katedretako batek ere haren izena izango du. «Barkamena eskatuz bezala eskatu zidan ordua, ustez eman nahi zigun diru kopurua izan zitezkeen beste batzuekin alderatuta gutxi zelakoan», azaldu zuen atzo Etxenikek.

Olarraren biografiaren zenbait datu ere eman zituen: bi urterekin beso bat galdu zuen, eta gurasoek ez zuten gehiago eskolara bidali, «barre egin ez ziezaioten». Etxean ikasitakoarekin herriko ordezko irakasle izan zen, eta 58 urterekin magisteritza ikasteko ametsa bete zuen; erretiroa hartu arte Donostiako Altza auzoan eman zituen eskolak. «Euskara eta jakinduria maite zituen, eta ongile zerrenda batean lehena izatea espero dugu, mezenasgoak gizarteko sektore guztiak hartu behar baititu. Eredua eman duen makume hau omendu nahi dugu guk orain», esan zuen Etxenikek atzoko aurkezpenean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia