Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:36

KULTURA;2008-11-20;ANALISIA. Hizkuntzalarien alde

Hizkuntzalarien alde

Analisia

Alberto Barandiaran

Veleiako txostenaren ondorioak zein izango diren igartzeko goizegi da oraindik, baina garbi dago euskal hizkuntzalariak lasai egon daitezkeela. Haiek izan dira zalantzak publikoki agertzera ausartu diren bakarrak. Ez arkeologoak, ez epigrafistak, ez historialariak: Joaquin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra izan dira zuhurtasun kritikoa irmoen erakutsi dutenak. Hainbeste aitortu behar zaie.

Ez da erraza izan. Henrike Knorrek euskarazko hitzen benekotasuna defenditu zuen hasieran. Euskaltzainburuordea ez zen edonor, eta behin eta berriro mintzatu zen esaldi eta hitz multzo horien balioaz. Gorrotxategik eta Lakarrak lehen dudak agertu zituztenean, batzuek Knorren alde egin, eta EHUko fakultatea paratu zuten jomugan. Ez zen adituen arteko eztabaida, noski, zaletuen arteko kalaka baizik. Baina hotsak Interneteko foroetan, iritzi artikuluetan, elkarrizketetan zabaldu ziren. Aspaldiko usteak eta teoriak moldatu nahi ez izana leporatu zieten katedradunei. Hau da, erosotasuna.

Neurri batean, sinistu nahi zutenen eta frogatu nahi zutenen arteko borroka izan da. Eta, borroka horretan, zorroztasunaren alde egin dute EHUko irakasleek. Ez bakarrik haiek, noski, baina haiek batez ere. Eta Eliseo Gilen taldeko arkeologoek Europa osoko hainbat laborategitan egindako frogak erakutsi zituztenean ere, ez zuten amore eman. «Ia ezinezkoa da», zioten. Eta Arabako Diputazioak batzordea osatzea erabaki zuenean, han izan ziren hirurak: Knorr, Gorrotxategi eta Lakarra. Knorr aurtengo udaberrian hil zen, baina azken unean atzera egin eta, neurri batean, arrazoia eman zien beste bi hizkuntzalariei.

Orain, ekaitza dator. Euskal Herriko historia ezagutzeko indusketarik garrantzitsuena zipriztinduta dago, eta ardurak argitu beharko dira, eta neurriak hartu. Izango dira marroa euskararen aurka egiteko erabiliko dutenak, baina hizkuntzalariak lasai egon daitezke. Haien eginbeharra, hots zorroztasun kritikoa muturreraino eramatea, ondo bete dute. Zorionez.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia