Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:31

KULTURA;2008-11-12;Gipuzkoako Urrezko Domina Laboarentzat. Euskal kultura unibertsalaren ikono garrantzitsuenetakoa izateagatik sarituko dute Mikel Laboa

Gipuzkoako Urrezko Domina Laboarentzat

Euskal kultura unibertsalaren ikono garrantzitsuenetakoa izateagatik sarituko dute Mikel Laboa

Erredakzioa

Donostia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen sari garrantzitsuena emango diote abenduaren 23an Mikel Laboa abeslariari: Gipuzkoako Urrezko Domina. Markel Olano ahaldun nagusiak, horrela laburbildu du saria Laboari ematearen arrazoia: «Euskal kultura unibertsalaren ikono garrantzitsuenetakoa da».

1950ean ekin zion Laboak gitarra jotzen ikasteari eta 1958an lehen kontzertua eman zuen Iruñeko Gaiarre antzokian. Ordutik burututako obrak euskarazko ahozko tradizioa zaharberritzen eta suspertzen lagundu du. Haren musika, tradizioaren, poesiaren eta esperimentazioaren arteko nahasketa gisa definitu izan dute musika adituek. «Belaunaldi berrientzat erreferentea da Laboa, eta inoiz ahaztuko ez den abeslaria», Olanoren ustez. Euskal kulturako tradizio bilakatu diren abestiak konposatu ditu Laboak, abangoardia uztartzearekin batera. Ez Dok Amairu mugimendu artistikoan ere lan egin zuen euskararen eta euskal kulturaren alde. Hain zuzen, 2000. urtean Laboak EHUk ematen duen Urrezko Domina irabazi zuen Benito Lertxundi eta Joxean eta Jexux Artze anaiekin batera, guztiak Ez Dok Amairun ibilitakoak.

Saria, abenduaren 23an egingo den ekitaldian emango diote. Laboak Gipuzkoako Urrezko domina «erantzukizun handiz» jasoko duela jakinarazi dute bere ingurukoek.

Aldez aurretik sarituak

Urrezko Dominaren bitartez, gizartearen interes orokorren eta Gipuzkoako balioen alde borrokatzen duten pertsonak edota elkarteak saritzen ditu Foru Aldundiak.

Azken edizioan, Pedro Miguel Etxenike Fisika Katedradunak, Andoni Egaña bertsolariak eta Iciar Astiasaran Nafarroako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko dekanoak irabazi zuten saria.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia