Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:31

KULTURA;2008-11-08;LIBURU AURRERAPENA. Gau ilunekoak

Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, Bizkaia, 1958) Gau ilunekoak aurkeztuko du datorren astean Elkar argitaletxeak. Fikziozko lana da, ipuin bat, hitzaren zentzu guztietan. Narrazio fantastiko moduan irakur liteke; haurrentzako kontakizun entretenigarria ere izan liteke; alegoria filosofikotzat ere har liteke, interpretazio asko izan ditzakeena, hainbat alorretara zabalik: erlijiosoa, politikoa... Izaki berezi bat daukagu hasieran, Baionako portuan ezkutaturik agertu dena; berak dioenez, beste planeta batetik datorrena, baina agintarien ustez immigrante ilegala, beharbada espioia... Sarreratxoa eta sei kapitulu ditu narrazioak. Honako hauek dira lehendabiziko bi kapituluak.

 

Gau ilunekoak



(I)



HAU, kontatuko dudan guzi hau, lurralde urrun eta zuentzat ezezagunean gertatu zen, beste planeta batean.

Han ez da eguzkirik inguruan, ez da gauaren ondoan egunik. Gaupea da beti, gau ilun eta betikoa, eta zoru ospeletik behelaino kirastuak altxatu eta hedatzen dira airean zehar alde batetik bestera, haize gogorrak ekarri, eraman eta goi-behe nahasten dituela.

Ni umea nintzela, inork ere ez zuen ezagutzen zerk zer kolore zuen. Iluntasun umel hartan bizi ginen, ezer ikusi ezinik, astiro, beldurrez, itsuka eta haztamuka. Eta batak bestea apur bat maite genuen, elkarrekin bizi ginelako, baina apur bat bakarrik, bizimodua iluna eta zurruna zelako denontzat. Jaio, bizi eta hil egiten ginen, ia ezer ikusi gabe, bakoitza bere iluntasunarekin, eta denon iluntasunarekin, iluntasun hori baizik ez baikenuen elkarrekin.

BATZUETAN, baina luzaroan behin bakarrik, moteldu egiten zen haizea, apaldu egiten ziren behelainoak, eta zeruan, gaineko zulo zabalean, izarrak ikusten ziren, txiki-txikiak, urrun-urrunak han goian.

-Begira, izarrak! -abisatzen zuen ume bozen batek.

Hodeiak eta lainoak alboratzen zirenean, izarrak ikusten ziren eta gora begira paratzen ginen. Gain haiek izarrez beterik zeuden.

Kalera ateratzen ginen, ordura arte soto itxietan eta lurpeko gordelekuetan egondakoak, batak besteari izarrak erakusteko.

Zenbat izar eder goi zabal haietan!

Umeek hobeto ikusten zituzten izarrak, begiak garbiago zituztelako. Gurasoek eta aitona-amonek begiak lausoturik zituzten edo guztiz itsuturik. Hala ere, haiek azaltzen zieten umeei izarren garrantzia:

-Hantxe izarretan da argia -esaten zuten boz zaharrek.

Eta umeak harritu egiten ginen entzutean argia izeneko materia hark ekarriko zuela zoriona gure planetara, izarrek ekarriko zutela egunen batean argia eta poza gure lurrera.

Ongi sentitzen ginen, eta gure begiradak ez zuen mugarik.

-Eta zenbat dira ba gure gaineko izarrak? -galdetzen genuen umeek.

Zoli-zoli dirdiratzen ziren eta jakin-minez egoten ginen, harriturik gure lur bel-beltzean, hodeien arteko zulotik, izar urrunei begira.

-Esan ahal baino gehiago!

IKUSPEN ikaragarri ederra ziren, izarrak, begientzat. Jendearen begien diz-diz arraroa ere ikusten zen geure iluntasunean.

Herriko agintariek mintzaldi aproposak prestatzen zituzten izarrak agerian geratzen ziren momenturako, eta izarren himnoa kantarazten ziguten gero, esperantzaren alde.

Apezek otoitz egiten zuten izarren alde, eta sorginak eta aztiak ere baziren okultismo erritu arraroak egiten izar urrun dardaratiak erakartzeko.

Eta jakintsuek, izarren tamaina eta itzuliei buruzko adituek, izarren hurbilera neurtu eta kalkulatzen zuten, beren zientzia ilunez.

-Noiz helduko da argia? -galdetzen zuen jendeak.

-Hamaika mila eta hogeita hiru gizaldi barru hurbilduko dira izarrak -erantzun zuen boz jakitunak zalantza arrastorik gabe- eta orduan hasiko da Argien Sasoia.

-Buufff! -kexatzen ginen gu.

Gizaldia pertsonaren bizitzaren gutxi gorabeherako luzera delarik, nork ikusiko zuen ba argia...

-Orain bi mila gizaldi, begirik ere ez zen ikusten, zohardi izan arren -argudiatu zuen boz jakitunak-, eta orain, jadanik bai.

Eta egia zen, begiak dirdiratzen ziren ilunetan, irribarreak ere erdikusten ziren izarren dirdirapean, eta jakintsuen bizar zuriak, eta zaharren hasperenak, eta gauzen tankera ere susmatzen hasten ginen...

ATSEGIN arraroa sentitzen genuen, izarpean, ongizate fisikoa itxaropen mugagabearekin nahasten zitzaigula. Arraroa zen, ukitu ere ezin genuen zerbaitek ematen zigun arraitasuna.

Baina, halako gaugiro ederrak bakanak izaten ziren, bi edo hiru aldiz gertatzen ziren bakarrik gizaldi bakoitzean. Eta bakana izateaz gainera, izarpeko ikuspena laburra izaten zen.

Izarrak laster estaltzen ziren eta iluntasunak hartzen gintuen berriro bere menpean, gau beltzak harrapaturik bizitzeko eta hiltzeko jaioak ginelako.

Hamaika mila eta hogeita hiru gizaldi, esaten zen. Eta, kalkulua konprenitzeko ere gauza ez ginen arren, ondo genekien gure gau amaigabea oraindik luzea izango zela.



(II)



HALA ERE, hamaika mila eta hogeita hiru gizaldi barru izarrak hurbil izango zirela eta Argien Sasoia hasiko zela, argi-esperantza geroratu harekin bizi ginen gure planeta loak hartuan.

Itxaropen garden horrekin hiltzen zen jende asko, bizitza laburra delako gure bazter itzali eta hondatuan. Eta bizi ginenak ere, sasoi berririk inork ezagutuko ez zuela jakin arren, egonarriz eta mantso bizi ginen gure lokatz eta egurats ilunen artean.

Behin, izarrak ikusten ziren momentu arraro, bakan eta labur haietako batean, denak kanpoan geundela izarrarteari begira, boz gazte bat entzun zen:

-Zein ederrak izarrak! Zenbat argi han geure gainean! Guk, ostera, iluntasuna, hezetasuna eta behelainoa besterik ez dugu hemen. Eta pozgarria da argitasuna hamaika mila eta ez dakit zenbat gizaldi barru helduko zaigula jakitea, gure ondorengoren batzuek izarrak errezibituko dituztela. Baina geuk ere behar dugu argi hori, airea bezala, ura bezala, mintzaira bezala, amodioa bezala, ez milaka gizaldi barru baizik eta orain bertan. Ez ote dago izarretara biderik?

Isiltasuna egin zen, esaera haiek entzunez. Ezohiko zerbait arraildu zen, galdera egitean. Eta bozak arraildura handitu zuen, beste galdera bat eginez gure iluntasunean:

-Ez ote da posible izarretatik argia ekartzea?

Muturik geratu ginen, izar ikaragarri urrun haien argitan. Milaka begiren dirdira ikusten zen izarrarteari begira.

IZARPEA hodeitu, ilundu eta gero hasi ziren erantzunak.

-Nor da hori zoro hori izarretara joatea proposatu duena? -galdetu zuten agintariek, inor ez baitzen gizaldirik gizaldi ordura arte horrela hitz egiten ausartu.

Gaztearena zen boza, baina guk ez genuen batak bestea ezagutzen.

-Ez da biderik! -egiaztatu zuen boz jakintsu batek, beste frogarik edo argudiorik gabe.

-Denok konprenitzen dugu gazteen eta ezjakinen egonezina -onartu zuen boz zahar batek-, baina ez dago beste inora biderik. Arrotza da unibertsoa hemendik kanpora, hutsartea eta amildegia da guzia planeta honetatik at. Ez dago inora joaterik. Gazte horrek azaldu duen kezka eta larritasuna denok sentitu dugu inoiz era batean edo bestean, baina ez dago zereginik. Amore eman behar dugu eta itxaron...

Boz gazteak erantzun zuen, orduan, ilunetik:

-Izarren bila joan behar dugula uste dut. Zuek, atso eta agureok, zuek, ilunbeltzeko agintariok, zuek, izarrerlijioaren zaleok, zuek, jakintsu zaharrok, jada ohitu eta ilunpean itsutuok, zuek ezin duzue. Baina guk bai, begiak ez zaizkigu oraindik lausotu, eta astia dugu...

Eztabaidak zabaldu ziren eta zurrumurruak.

GEHIENAK ez ginen ausartu. Batzuek gurasoei lagundu behar genien, aita edo ama mendratu ondoren, haien begietako ninia eta argi apurra ginelako.

-Goazen izarrerrira... -entzuten zen, ahapeka esana.

Baina, bakoitzak bere bizimodua egin beharra zuen. Gordelekua eraiki eta familia osatzeko asmoa nuen, neuk ere.

-Goazen... -ahapeka esanez abiatu ziren, izarkumeak.

Halaxe desagertu ziren, izarkumeak, gure mundu loak hartutik aienatuz, goazen esanda, adiorik inori eman gabe, izarretarako bidearen bila.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia