Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:30

KULTURA;2008-11-08;«Ahalik eta 'sound system' ireki eta globalena egiten saiatu naiz». Bidaiatu ahala jasotako ekarpenekin osatzen eta aberasten joan diren kantuekin osatu du Fermin Muguruzak 'Asthmatic Lion Sound Systema' diskoa, ezohiko prozedura batez taxutua eta berrizalea emaitzetan ere. FERMIN MUGURUZA . Musikaria

Fermin Muguruza - Musikaria

Bidaiatu ahala jasotako ekarpenekin osatzen eta aberasten joan diren kantuekin osatu du Fermin Muguruzak 'Asthmatic Lion Sound Systema' diskoa, ezohiko prozedura batez taxutua eta berrizalea emaitzetan ere.

«Ahalik eta 'sound system' ireki eta globalena egiten saiatu naiz»

Juan Luis Zabala

Irun

Asthmatic Lion Sound Systema diskoa (Talka) aurkeztu berritan, ez du atsedenerako tarte handirik Fermin Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1963). Egun mugitua izan zuen atzokoa ere. Bezperan Bartzelonatik etorri berria zen arren, goizean goiz samar hartu zuen elkarrizketa honetarako tartea, gero Aritz Lonbide Lonbi eta Xabier Solanorekin entseatu behar baitzuen, arratsean haiekin batera Trio Akustikoa osatzeko, Euskalerria irratiaren 20. urteurreneko ekitaldian. Ez dira, ordea, Muguruzarenak, hausnarketarik gabeko mugimenduak izaten.

Non kokatuko zenuke Asthmatic Lion Sound Systema zure ibilbidearen barruan, eta zer publiko izango duela uste duzu?

Disko bat egitean, nik ez dut inoiz pentsatzen zer publiko izango dudan. Nik egindako gauza bati lotu eta hurrengoarekin susto handia hartzen dute batzuek, eta beste batzuei, berriz, justu horixe gustatu zaie, eta ez aurrekoa... Baina uste dut badagoela multzo handi bat hain zuzen ere egiten dudana gustatzen zaiena: hau da, gauzak aldatzea, edo gutxienez disko batetik bestera ez errepikatzen eta pixka bat haratago joaten saiatzea. Asthmatic Lion Sound Systema prestatzen hasi nintzenean, Brigadistak Sound System neukan buruan, sound system kontzeptuagatik beragatik: mugimendua, jaia egiteko tresna... Baina disko hartan hiri batean kokatuta egiten nuen lana, hiri horretako talde batekin elkarlanean. Disko honetan, aldiz, kantu guztiak hiriz hiri ibili dira bidaian, amaitu gabe, eta kantu berean egon daiteke abeslari palestinarra, frantziarra edo ingelesa. Ahalik eta sound system ireki eta globalena egiten saiatu naiz.

Hasieratik zenituen diskoko kantuen oinarriak idatziak, edo kantuetako batzuk bidaian sortu dira?

Oinarri instrumental batzuk prestatzen ditut nik beti, eta kasu honetan ere hala izan da. Baina 13 musikari joan ginen elkarrekin biran, eta disko honetako grabaziorik gehienak bira horretan eginak dira. Birako musikari guztiok elkarrekin geundenez, etenik gabe joan nintzen haien ekarpenak jasotzen; eta herri bakoitzean topo egiten genuen musikarienak ere bai, Franklin Waul Bubbler eta Stephanie Wallacerena adibidez. Betiere nik emandako gai baten inguruan.

Kantuaren hitzak aurreko oinarri horretan zeuden, beraz.

Bai. Eta kantuaren edukiaz ere asko hitz egiten nuen musikariekin. Adierazi nahi nuenarekin lotuta, zer motatako sonoritatea nahi nuen azaltzen nien, eta haiek kontuan hartzen zuten.

Beraz, zuk prestatutako onarria bidaiatzen eta aberasten joan da, presarik gabe, hango eta hemengo musikarien ekarpenenik.

Bai, hori da ideia. Eta batzuetan abiapuntutik urruntzen diren elementuak sartu dira kantuan. Ez da oso ohikoa, adibidez, bat-batean kantuaren erdialdean minututik gorako zati instrumentala egotea. Ez pop-rock musikan eta ez beste inongo generotan, ez baldin bada lan esperimental batean.

Angel G. Katarainek prestatutako estudio eramangarriak erraztu dizu ekarpenak jasotzeko aukera.

Ideia berriak abian jartzeko aukera ikusten duenean kontatu egiten dizkit Katarainek, badakielako ni gauza berriekin entusiasmatu egiten naizela. Estudio ibiltariaren ideiarena aurkeztu zidanean, eta diskoa orain egin dugun moduan egiteko aukera zegoela esan zidanean, ideia ona zela esan nion, eta bira aprobetxatu genezakeela ideia hori gauzatzeko. Gero Katarain etengabe egon da kontaktuan nirekin, prozesu osoan, eta oso garrantzitsua izan da berarekin estudioan lan egitea, egiten ari ginenaren ideia orokorra izateko, perspektiba ez galtzeko; baita hona etorri eta bildutako guztia diskoan sartzerakoan ere.

Grabazioa ezohiko moduan osatuz, ohiko kantu tradizionalaren eskemak jarraitzen ez dituzten kantuak sortu dituzue.

Badira kantu tradizionalaren egiturak hausteko beste modu batzuk, askoz ere muturrekoagoak: Gutariko Bat, Lisabo eta horrelakoen bidea. Disko honetan kantuaren egituraren koherentzia apurtu egiten da, kasu batzuetan behintzat, jende asko eta erritmo aldaketa asko sartuz. Sound system-ak horretarako aukera ematen du, eta horretan oso garrantzitsua da beste musikari batek egin duen lana: Zigor Lampre DZ dj-a. DZ ere biran egon zen, eta berak ere etengabe jarraitu du prozesu osoa, hasieratik.

Oinarri nagusia musika beltza da.

Reggearen eragina eta kadentzia beti egon da present nire lanetan, Kortaturen lehen diskotik. Uste dut disko honetan gaurkotu egin ditudala hor dauden erritmo guztiak: soula, hip-hopa, funkya, reggaea... Etengabe ari dira gauza berriak sortzen, betetzen nauten gauzak gainera, eta horiek neureganatzen saiatzen naiz, eta neure burua ere hor kokatuta sentitzen dut, horren inguruan ari naizelako lan asko egiten. Zerbaiti buruz hausnarketa egiten ari bazara, eta konturatzen bazara justu une horretan beste norbait horretaz hausnarketa egiten ari dela, hori oso inportantea da. Gauzak testuinguru batean kokatzen ditu.

Disko berria zuzenean inoiz emateko asmorik ba al duzu?

Nik ez ditut parekatzen estudioko lana eta zuzenekoa. Asthmatic Lion Sound Systema bidaia liburu sonikoa edo bitakora kaiera musikala da. Hori zuzenean beste gauza bat litzateke. Brigadistak Sound System-en kasuan, hala ere, egokitu genuen lana zuzenerako. Asthmatic Lion Sound Systema-ren kasuan... batek daki! Baina oraingoz ez dut inolako asmorik. Bira gehiago ez nuela egingo esan, eta gero iazko bira egin nuen; eta kristorena izan zen gainera! Klimax baten antzekoa izan zen, gailur bat nire ibilbidean. Baina orain beste proiektu batzuk zaizkit erakargarriago. Garbi daukat mugatua nagoela, eta ez bakarrik denbora aldetik, baita fisikoki ere. Emanaldietan neure gorputz osoa eskaintzen dut, oso erritual tribala da niretzat, tentsioaren bidez adierazten ditut gauzak... Eta horrek izugarrizko ondorio fisikoak uzten ditu.

Nolako proiektuak dira orain erakartzen zaituzten horiek?

Soinu banda bat prestatu nuen film luze baterako [Jesus Garayren Mirant al cel], eta itzela izan zen. Ikus-entzunezkoarekin lotura handia izan dut beti, beti eman diot garrantzia gure gauzak aurkezteko moduari. Gero eta argiago dago etorkizunean musika ikusi egingo dela, eta dokumental musikalaren generoak gero eta inpaktu handiagoa duela. Ekintzaile garenok eremu garrantzitsua dugu hor lantzeko, eta ni horretan ere sartuta nago, Palestinako musikari buruzko film dokumental baten proiektuan [Javier Corcuera zuzendariarekin]. Elkartasunezko bidea musikari baten ikuspegitik nola egin daitekeen hausnartzen egon nintzen, eta hor aurkitu dut bidea: ikusezina dena ikusteko leiho bat zabaltzen saiatzea.

 

«Militarismoak kendu behar ditugu gainetik lehenbailen»

J. L. Z.

Irun



Globalaz eta lokalaz, munduaz eta Euskal Herriaz mintzo da Muguruza disko berriko hitzetan. Euskal Herrian «eguraldi ilunagoa» sumatzen du egun, duela bi urte eta erdi - Euskal Herria Jamaica Clash argitaratu zuenean- zegoenarekin alderatuz gero. «Horregatik, disko berriko kantuak askoz tristeagoak dira, hitzak askoz ilunagoak, zalantza pila bat dago... Haserrealdi handia daukat, bai Euskal Herriaren egoerarekin eta bai mundu osoan ikusten dudanarekin».

Ez da etsitzeko garaia, hala ere: «Irudikatzen genuen gizarte berri hura ez da gauzatu eta, ondorioz, hilda ez ditudan lagunetako asko porrotean instalatuta daude. Ni matxinatu egiten naiz horren kontra. Borroka asko gal daitezke, baina, hala eta guztiz ere, egindako borrokek bere emaitza ematen dute. Horregatik, Che Guevararen aurretik Tupac Amaruk eta beste zenbaitek esaten zuten hura gogoratu dut kantu batean: 'Itzuliko naiz eta izango gara milioiak'. Latinoamerikan hori ikusten ari gara orain. Adibidez, Evo Morales egiten ari dena oso interesgarria da...».

«Euskal Herriari begira ere, nahiz eta garai hau iluna izan, egindako lana hor dago, ez da desagertu», dio Muguruzak. «Nahiz eta negu gogorra daukagun, konbentzituta nago hemendik oso gutxira mugimendu zibil bat ikusi behar dugula, militarismoak kendu behar ditugula gainetik ahalik eta azkarren, mugimendu transbertsalak sustatu behar direla. Eta espero dut hori laster izatea, eta nik hori bultzatzea».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia