2008-10-31
Maratila
Aurelia Arkotxa
Kattin
Xalbador eguna. Urepele. Arratsalde erdia. Herrira heldu aitzineko errepide, alor eta pentze bazterrak, herriko etxe-aitzin guziak, auto hustuz beteak. Hilerrietan nehor ez. Eguzkia izigarri bero. Zerua izigarri blu. Denbora ederra. Elizaren saihetsean 1914-1918ko harrizko gerlari Poilu deitukoetarik, fusila makilatzat lurrean pausatua : «Urepelek bere haur gerlari hil zaizteneri orhoitze penetan». Justu elizan sartzera nindoala emazte adineko apaindu eta pollit bat handik jalgitzen ari. Ohartzen naiz berehala, zaia artilezko eskoziar tartan berde ilun elegantez duela, eta harekin estetikoki ongi doan pinu-berde koloreko elastiko (jertse) fina. «Ez, ez gaixoa, ez naiz bezperetarik heldu! Aspaldi badu kendu zituztela!... Zure aita zena ontsa ezagutu dut, hemengo 'turnada' egiten zuen Dames de France etxeko, haren kliente onak ginen!... Ni? Orai handienetik beheiti ari... Hemen arrunt pobretuak gira. Ez da tiendarik gehiago. Herri ttipi hauk behera doaz denak. Jakin baginu duela 30 urte hau hola bihurtuko zela, ez ginen hemen geldituko, San Juanera partituko ginen bizitzerat!... 85 urte ditut, eskolako lagunik ez dut gehiago bat bakarrik... Nik sekulako urrikia dut gidatzen ez ikasirik... Badakizu, coup de cafard bat (deprimaldi bat) baduzularik, hartzen ahal zinuke autoa eta parti itzuli baten emaiterat, bainan ez zira nehorat joaiten ahal... Autobusak ere kenduak dauzkigute Donianerat joaiteko... Igual du bai erraitia... ateraia niz ixtant bat eleketa aritzeko lagun baten ikusterat...» Despeditzeko musuan sudur xiloetara heldu zait Kattinen usain goxo loreztatu eta freskoa.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
