Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:29

KULTURA;2008-10-31;Arnasa helburu. 'Asthmatic Lion Sound Systema' diskoa kaleratu du Fermin Muguruzak, munduko 14 hiritan egindako grabazioetan oinarritua Estudio eramangarrri batekin, musikari askoren kolaborazioak eskuratu ditu

Arnasa helburu

'Asthmatic Lion Sound Systema' diskoa kaleratu du Fermin Muguruzak, munduko 14 hiritan egindako grabazioetan oinarritua

Estudio eramangarrri batekin, musikari askoren kolaborazioak eskuratu ditu

Juan Luis Zabala

Donostia

Irunen hasita munduko beste 14 hiritara iritsi den bidaiaren «bitakora kaiera» eta, aldi berean, «ahots ezberdinen topaketa» da Fermin Muguruzaren Asthmatic Lion Sound Systema (Talka) disko berria. Mundu osoko musikari ugariren parte-hartzearekin, musika beltza da nagusi disko berrian -reggae, reggaemuffin, hip hop eta soul nagusiki-, musika tresna, soinu eta ahotsen sanpleatu ugari osagarri dituela.

Angel Gonzalez Katarain ingeniariak prestatutako musika estudio eramangarria erabili du Muguruzak gero diskoa osatu duten grabazio zatiak nonahi eta noiznahi erosotasunez jasotzeko bere bidaietan: Irunen, Berlinen, New Yorken, Tokion, Kuala Lumpurren, Dublinen, Jerusalemen, Parisen, Madrilen, Miameyn, Quiton, Moskun, Okzitaniako Tolosan eta Erroman.

Erraztasun horri esker, diskoko parte-hartzaileen zerrenda luzea eta luxuzkoa izatea lortu du Muguruzak: Dave Hillyard, Stepahnie Wallace, Franklin Bubbler Waul, Ophelia, Dana Leong, Kaori, Rub-a-DUB Market, Bajka, Al Rumjen, Manu Chao, Maria de Medeiros... Euskal Herriko musikari ezagunez gain: BAD Sound System, Sorkun, Xabi Solano, Nerea Olaxa, Mikel Abrego, Xabi Pery, Jon Elizalde, Aritz Lonbide Lonbi, Hedoi Etxarte...

Musika tresna, soinu eta ahotsen sanplerrez Zigor Lampre DZ dj-a arduratu da. Bi ildo nagusi jorratu ditu: tokian tokiko musikarekin zerikusia duten sanpler musikalak, batetik; musikari baino zuzenago mezuari erreparatzen diotenak, bestetik.

Ez etsi, adorea bildu

Maurizia Aldaiturriagak «Aupa Maurizia!» oihu egin ohi zuen tarteka, kantatzen ari zelarik. Muguruzari deigarria egin zaio beti oihu hori. «Bere burua animatzen zuen horrela. Guk ere, hark bezala, geure burua animatu behar dugu; bestela jai daukagu».

Diskoaren izenburuarekin badu zerikusirik ideia horrek. Izenburuko Lion edo lehoiak «ilusioa» adierazten du, aurrera egiteko gogoa eta kemena, eta Bob Marleyren Iron, Lion, Zion kantua eta haren omenezko Irun Lion Zion dakartza, besteak beste, gogora. Asthmatic-en atzean «asma» dago, hots, arnasa hartzeko zailtasuna; baina baita «asmatzea» ere, «errealitate eta mundu berriak sortu eta irudikatzea». «Arnasa hartzeko zailtasuna dugunok elkarrekin hartzen dugu arnasa, eta horrela sortzen da konspirazioa: zenbait jende elkarrekin arnasa hartzen». Sound Systema, berriz, «jaia eta mugimendu parte-hartzailea» da.

Euskal Herria Jamaika Clash (Talka, 2006) kaleratu zuenean dena argitasuna eta eguzkia baldin bazen ere, gaurko panorama askoz ilunagoa iruditzen zaio Muguruzari. Horren aurrean garrantzitsua da ez etsitzea, eta adorea biltzea. «Ziurgabetasunen artean arnasa hartzen ikasi behar dugu».

Horregatik diskoko azken kantua Milaka Bilaka da, «gizartearen inguruan izan den mugimendurik politenetako eta zabalenetako bat» gogora ekartzen duen kantua. Milaka Bilaka mugimenduak «porrot» egin bazuen ere, beharrezkoa izan zelakoan dago Muguruza, eta ziur da haren hazia «loratuko» dela etorkizunean.

Esperantza horren adierazgarri, diskoaren aurkezpena Milaka Bilaka mugimenduko parte-hartzaileek sinatu zuten testu bat irakurriz amaitu zuen atzo Muguruzak, Donostian, «gogoratzeko zer gauza sinatzeko kapazak izan garen»: «Kolpeari kolpeka erantzuteko dinamikak ez du inoiz ezer konponduko. Hori ekiditeko, euskal jendartearen gehiengo oso zabalaren borondateren adierazpena gero eta indartsuagoa izatea lortu behar dugu, horixe baita prozesua babes dezakeen bakarra. Inposizioaren bidez jokatu nahiko lukeen orori marra gorria erakutsiko lioke horrek».

 


Maurizia Aldaiturriagak bezala, geure burua animatu behar dugu; bestela jai daukagu»

«Ziurgabetasunen artean arnasa hartzen ikasi behar dugu»

Fermin Muguruza

Musikaria





 

«Eskema klasikoak» alde batera uzten dituen prozedurarekin egindako diskoa



Asthmatic Lion Sound Systema diskoa gauzatzeko erabili den prozedura ezohikoa da, alde batera uzten ditu «eskema klasikoak», Angel Gonzalez Katarain soinu ingeniariak azaldu duenez. «Mundu osoan zehar jasotako grabazio zatiak nahastu eta deskubrituz joan gara estudioan, pintzelkadak balira bezala. Pintoreek jokatu ohi duten antzera jokatu dugu: grabazio zati bat hartu eta kantura bota; hor ondo zegoela irizten bagenion bertan utzi, ukitu gabe, eta bestela lekuz aldatzen probatu, eta horrela jarraitu zegokion lekua bilatu arte». Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioetan egin dituzte nahasketak eta masterizazioa.

«Euskadin grabatzeko modu klasikoa da nagusi oraindik», Gonzalez Katarainen ustez. «Etxean edo lokalean lantzen da kantua eta gero estudiora eramaten da. Baina etorkizunean beste modu batzuetara joko da, mundu guztian bezala. Orain musika etxeetan eta lokaletan dago».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia