Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:29

KULTURA;2008-10-29;«Sinesten ez dudan diskorik ez nuke egingo». Hil honen hasieran aurkeztu zuen diskoarekin inor zirikatzeko asmorik ez zuela dio Junkerak. «Harrituta» dago zenbait jendek egin dizkion kritikekin. KEPA JUNKERA . Musikaria

Kepa Junkera - Musikaria

Hil honen hasieran aurkeztu zuen diskoarekin inor zirikatzeko asmorik ez zuela dio Junkerak. «Harrituta» dago zenbait jendek egin dizkion kritikekin.

«Sinesten ez dudan diskorik ez nuke egingo»

Irune Berro

Bilbo

Bilboko Zazpikaleetan duen etxean hartu du BERRIA Kepa Junkerak (Bilbo, 1965), itsasadarrera ematen duen sala handian. Plazaratu duen azken diskoaz (Etxea) zenbait hedabidetan argitara eman diren iritziek mindu egin dute musikaria. Eta kazetariak lehen galdera egin aurretik hartu du hitza, sumindurik baino gehiago, tristaturik.

«Banekien diskoa ez zela oharkabean pasatuko, baina harriturik nago zenbait jendek esan duenarekin. Harritu nau, diskoarekin ez bainuen inor zirikatzeko asmorik. Helburu sortzailea besterik ez nuen. Emozio berriak sorrarazi nahi nituen. Eta badago kalean geratu nauen eta diskoa asko gustatu zaiola esan didan jendea. Beste lan batzuekin ez zait halakorik gertatu. Diskoa jendearengana iritsi da, hortaz. Batzuk alde daude, eta beste batzuk, kontra. Bi alde horiez aparte, ondo saltzen ari da diskoa. Ez bakarrik Euskadin, kanpoan ere bai. Beste herri batzuetara bidali dut eta harrera ona izaten ari da. Egin ditudan bidaien ondorioz, jende asko ezagutu dut. BERRIAn argitaratu zen gutunean eta Argia-n atera zuten iritzi artikuluan gauza asko aipatzen dira. Baina batzuk ez ditut ulertzen. Argia-koak joera batez hitz egiten du. Ez dakit nire joera ezagutzen duen, aspalditik dator. 43 urte ditut, ibilbide bat dut, eta herri askotako jendearekin lan egin dut. Esaten du, halaber, herri honetako beste disko batzuek baino promozio handiagoa izan duela nireak. Zer esan nahi du, nirea ez dela hemengoa? Nongoa da orduan? Promozioa izan duela? Hedabideei galdetu beharko genieke zergatik eman duten diskoaren berri. Horretaz gain, disko honetan izen handiak daudela dio. Badaude batzuk, baina bospasei dira gehienez. Lidya Puyol, Carlos Chauen, Ginesa Ortega, Eliseo Parra, Tito Paris, Luis Ramiro, Xabier Diaz, Manuel Luna, Mafalda Arnau, Olga Cerpa... Publiko gehienarentzat ez dira ezagunak».

Minduta zaude diskoaz esan diren gauza batzuekin, ezta? Ez zenuen espero halako kritikarik?

Zergatik ez dute bestela ikusten diskoa? Euskaraz kantatzeko prest azaldu da jende ugari, herri batekoak zein bestekoak izan, ezagunak edo horren ezagunak ez direnak. Azaltzen duten baino sinpleagoa da dena. Ni ez naiz star-system bat, Argia-n esan dutenez. Errekalden sortu nintzen, eta gustatzen zaizkidan gauzak eginez hazi naiz. Era askotako diskoak egin ditut, estilo aldetik arras desberdinak. Eta bakar bat ere ez dut egin joera bati jarraitzeko. Egin ditudan lan guztiak denboragabeak direla esango nuke. Trikitiarekin piezak konposatzen hasi nintzenean, ez dut uste azken joera bati jarraitzen ari nintzaionik. Halako diskoekin erdal industriak euskal kultura irensteko arriskua dagoela esan dute, orobat, nire diskoaz hitz egitean. Baina nik musika unibertsala dela pentsatzen dut. Diskoan jaso ditudan melodiak unibertsalak direla sinetsita nago, euskaraz ez dakitenak ere hunki ditzaketela. Zer du horrek txarra?

Euskal abesti tradizionalekin disko bat egiteko irrika aspalditik zenuen. Nondik datorkizu gogoa?

Umetatik entzun ditut abesti horiek. Gaztea nintzela, Oskorriren jarraitzailea nintzen (orain ere bai). Benito Lertxundiren disko bat oparitu zidaten hamar urte nituenean. 1975eko Errekalden bizi nintzen. Nire lagunek bestelako musika entzuten zuten. Nik, ordea, izugarri atsegin nituen euskal melodia tradizionalak. Koruen munduak ere erakartzen ninduen. Trikitiarekin hasi nintzenean areago hurbildu nintzen abesti horietara. Triste bizi naiz eta makina bat aldiz jo dut ezkontza eta erromerietan. Gustura sentitu naiz haiekin. Bihotzean daramatzat. Eta disko bat egin dudan bakoitzean gogoratu ditut. Buena Vista Social Club eta Bebo Valdes eta Diego El Cigala-ren Lágrimas Negras-en tankerako proiektuak aurrera ateratzen ari zirela ikusirik, gogoa piztu zitzaidan euskal kantu tradizionalekin lan bat egiteko.

Baina beste sonoritate bat dute abestiek, ohiz kanpokoa. Disko berritzailea egin nahi zenuen?

Betiko euskal abestiei beste aire bat eman nahi nien, betikoa edo tradizionala gutxietsi gabe. Eta ez naiz joan kanpora hemen ez dagoenaren bila. Inondik inora ez. Abesti berberekin beste disko bat egin nezakeen, aukera asko baitaude. Disko bat ez da itxirik dagoen zerbait. Niretzat, espiritualagoa da. Hunkitzen nauten abestiak hunkitzen nauten era batera eman ditut. Ez saltzeko helburu bakarrarekin. Jakina, diskoa saltzea nahi dut. Musikaz bizi naiz. Baina ez nuke sinesten ez dudan diskorik egingo, nahiz eta milaka ale salduko ditudala jakin. Saltzea izango balitz nire helburu bakarra, beste azal bat jarriko nioke (ez horren garestia). Disko bikoitza da, eta bi beharrean bat eginda ere, berdin salduko nuke (eta produktua merkeago aterako litzaidake). Beraz, artistikoki lan honetan sinesten dudalako egin dut diskoa horrela.

Euskal Herriaz kanpoko musikari eta abeslariek interpretatu dituzte abestiak. Zergatik pentsatu zenuen kanpoko artistengan diskoa osatzeko? Zeren arabera aukeratu dituzu?

Ezagutzen nituen denak, leku batean edo bestean topo egin dugu. Jende interesgarri asko dago. Eta inoiz batzuekin komentatu dut disko bat egiteko aukera. Miguel Boserekin aspaldi hitz egin nuen gaiaz. Séptimo de caballería telebistan aurkezten zuen programan parte hartu nuen behin. Melodia ederrak genituela esan zidan, eta zerbait egitea gustatuko zitzaiola. Duela urte asko izan zen. Eta orduan ez nuen horretarako aukerarik ikusi. Egin ditudan beste diskoetan ez dut horretarako tarterik aurkitu. Disko honekin desberdina izan da hasieratik. Berezia iruditu zitzaidan kanpoko jendea euskaraz abesten jartzea. Batzuek aurretik ere abestu dute euskaraz; Dulce Pontesek eta Eliseo Parrak, adibidez. Hala ere, Etxea diskoa esparru honetan egiten ari naizen lanaren lehen atala besterik ez da.

Zer esan nahi duzu, Etxea-ren segida izango den beste disko bat egingo duzula? Euskal kantu tradizional gehiago berrinterpretatuko dituzu?

Oraingoz ezin dut gehiagorik aurreratu. Bai, diskoak izango du segida. Baina ezin dut esan zer-nolako lana izango den, ezta noiz aterako den ere. Muga soziopolitikoak gainditu behar zituen lan bat egin nahi nuen. Nekatuta nago betiko kontzeptuez: han, hemen, zu, ni, hangoa, hemengoa... Mugak hautsi nahi nituen, ikuspuntua zabaldu, baina ezer aldarrikatu barik. Soilik ikuspegi artistikotik. Kanpoko jendea gonbidatu nahi nuen. Banekien gogoa izango zutela eta gustura arituko zirela. Gainera, beste timbre batzuk probatu nahi nituen, beste aire batzuk. Gure ekarpena hor kokatzen dut, esparru horretan, nahiz eta batzuek esan duten diskoak ez diola inolako ekarpenik egiten euskal kulturari. Harrigarria benetan! Nire asmoa ez da izan abesti horien azken bertsioa egitea, besteak baino gehiago balio duena. Jolastzat hartu dut, eta begirune handiz egin dugu lana.

Xabier Amurizak lagundu dizu kantuen letrekin, ezta?

Abestien letrak berraztertu zituen, ondo zeudela egiaztatzeko. Eta, horretaz gain, abesti bakoitzaren inguruan testu bat idazteko eskatu nion, kantu bakoitza dagokion garaian eta testuinguruan kokatzeko. Saramagori ez ezik Delibesi ere zerbait eskatu behar niola esan zidan. Eskerrak ez nuen egin. Jende bat horrenbeste sutu bada diskoarekin, ez dut pentsatu nahi nola jarriko zen Delibes ere sartu banu.

Aurreko diskoan ere, Hiri-n, jatorri eta estilo askotako musikariek parte hartu zuten. Beste herri batzuetako jendearekin lan egiteari garrantzia ematen diozu, ezta?

Mugak ditut musikari gisa, eta jendearengandik ikasten ahalegindu naiz beti. Ekoizpena gero eta gehiago gustatzen zait, espazio berrietarako sarbidea ematen baitit, beste ideia batzuk ezagutzeko aukera. Ikusnahia izan naiz beti. Eta diskoak egitean alderdi guztiei erreparatu diet, diseinuari eta gainerakoei. Jendeak interprete gisa ezagutzen nau batik bat, baina niri pentsatzea, asmatzea gustatu zait betidanik, eta, horregatik akaso, jende interesgarriz inguratzea gustatu zait beti. Sortzaileak gustatzen zaizkit, hizkuntza berriak bilatzen dituztenak.

Sarri askotan jotzen duzu Euskal Herritik kanpo, eta diskoak ere atzerriko artistekin egiteko ohitura duzu. Euskal musika kanpora eramateko beharra ikusten duzu?

Trikitiaz batera, alboka eta txalaparta ere interesatzen zaizkit. Ibon Koteron eta Oreka TXrekin lan egin izan dut. Mundu horiek guztiak asko interesatzen zaizkit, berezko nortasuna dutela iruditzen zait. Eta berezko nortasun hori arakatu ondoren atera behar direla kanpora. Atzerrian gure musikak izan dezakeen interesa hortik dator, nire ustez. Tresnen izaeraren bilaketa horretatik. Soinu tresna estandarrak joko bagenitu, beharbada, desberdina izango litzateke dena. Trikitiarekin, bide interesgarria aurkitu nuen jorratzeko. Baita alboka eta txalapartarekin ere. Eta horren aldeko apustua egin dut. Gure sustraiak kanpoan erakusteko apustua. Eta bidean, Michel Camilorekin topo egiten badut, are zoragarriagoa da dena. Camilorekin jatorrizko pieza eraldatzen delako, beste pultsu bat hartzen duelako abestiak. Ez jatorrizkoa baino ederragoa, desberdina baizik. Izugarri gozatzen dut bidaiatzen. Musikariak ezagutzeko aukera ematen dit; ez bakarrik musikariak, hainbat lagun ere bai: oso aberasgarria iritzi diot horri.

Trikitia barik, pianoa dago Etxea diskoko kantu askoren oinarrian. Leku apalagoa hartu duzu diskoan. Zergatik aukeratu duzu pianoa abestien oinarri gisa? Zergatik aldaketa?

Pianoa asko gustatzen zait. Eta txeloa ere bai. Ez nuen disko osoan parte hartzeko beharrik sentitu. Entzule gisa, ahotsa musika oinarri baten gainean entzutea gustatzen zait. Eta ez dut batere atsegin soinu tresna batek -txirulak, esaterako- konponketa bat egitea, eta gero beste batek, eta beste batek ondoren. Denak ahotsari laguntzen. Ez, halakorik ez dut gustuko. Trikitiarekin jo nitzakeen abesti guztiak, aukera bat zen, baina orduan trinkoegiak geratzeko arriskua zegoen. Hala egitekotan, beste nonbaitetik kendu beharko nieke beste zerbait.

Ekoizle lana egin duzu, batik bat, diskoan. Gustura aritu zara lan horretan?

Oso ondo moldatu naiz. Ekoizle lana egin dut, beste aukerarik ez bainuen. Ahotsek dute garrantzia diskoan, timbreek. Jende asko gonbidatu dut. Eta estudiora sartzean denak geratzen dira zuri begira. Zuk esan behar diezu zer nahi duzun, zer-nola egin dezaketen... Zuzendu behar dituzu nolabait. Lan horrek izugarri bete nau. Eta ikasten saiatu naiz. Beti dago zer edo zer ikasteko. Ekoizpenaren esparruan ere bai.

Madrilgo Resistencia eta EMIrekin diskoak kaleratu ondoren, Euskal Herrira itzultzeko gogoa zenuela esan, eta Elkarrekin atera zenuen Etxea-ren aurreko diskoa, Hiri. Etxea, ordea, Warner Music multinazionalarekin argitaratu duzu. Elkarren ez zara uste bezain gustura sentitu? Multinazionalek hemengo diskoetxeek baino bitarteko gehiago dituzte diskoak zabaltzeko?

Berez, nire zigiluarekin ekoitzi dut lana, Hiri Recordsekin. Baina Warner Musicek eman du argitara, eta haiek arduratuko dira diskoa banatzeaz eta zabaltzeaz. Badut babesle bat: Euskadiko Kutxa. Babesle bat edukitzeak aukera eman dit disko hau egiteko. Zeren iruditzen zait multinazional batean ez lidaketela onartuko diskoa. EMIrekin zenbait urtez lan egin ondoren, Elkarrera itzultzeko gogoa izan nuen. Baina, Hiri-ren ondoren, autoekoizpenaren esparrua probatu nahi nuen. Nire taldearekin lan egiteko gogoa nuen.

Gero eta musikari gehiago ari zarete diskoak zeuen kabuz ekoizten eta argitaratzen.

Bai, baina laguntzarekin. Laguntza ekonomikoa ezinbestekoa da diskoak egiteko. Etorkizunean garrantzitsua izango da halako babesa jasotzea. Enpresa pribatuek sortzaileak lagun ditzakete; dirua jarrita, artistak lagun ditzakete horiek nahi duten lana egiteko askatasuna izan dezaten. Gero eta babesle gehiago daude. Ni oso pozik nago nire esperientziarekin. Kezka ekonomikoa ez zaio gailentzen kezka artistikoari. Eskuzabala izan zaitezke disko bat egiteko unean. Estudioan behar adina denbora eman, beharrezko ikusten dituzten musikariak ekarri... Garrantzitsua da niretzat.

Arriagan ariko zara abenduaren 22an eta 23an. Duela aste bi amaitu ziren sarrerak. Zeintzuk musikari eta abeslari etorriko diren aurrera dezakezu?

Ez nuen batere argi diskoarekin kontzerturik egin behar nuen. Haiek eskatu didate. «Egunen batean bildu behar dugu eta zerbait egin», esan zidaten. Banaka egon naiz haiekin. Horregatik, arrastorik ez zuten proiektuaren tamainaz. Geroago jakin dute. Eta orduan izan dute denek elkarrekin zerbait egiteko gogoa. Egia esan, ez dakit ondo zeintzuk etorriko diren. Denak ez bada, gehienak behintzat hemen izango dira. Egun batean ez bada, bestean. Hala eta guztiz ere, ez da ohiko kontzertua izango.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia