Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:24

KULTURA;2008-10-21;UDAZKENEKO LIBURUAK. KIRMEN URIBEREN NOBELAREN AZKEN PUNTUA. Azken puntuaren osteko hunkidura. Duela sei urte erne zitzaion ideia gauzatu du Kirmen Uribek, prozesu luze baten ostean. Eta hunkitu egin da 'Bilbao-New York-Bilbao' nobelaren idazketari azken puntua jarri dion unean.

Duela sei urte erne zitzaion ideia gauzatu du Kirmen Uribek, prozesu luze baten ostean. Eta hunkitu egin da 'Bilbao-New York-Bilbao' nobelaren idazketari azken puntua jarri dion unean.

Azken puntuaren osteko hunkidura

Juan Luis Zabala

Ondarroa

Bart berandu arte idazten aritu den arren, goiz jaiki da idazlea, gauaren erdian, bostak inguruan. Ezin izan du burua loak eskatu ohi duen moduan arindu, sosegatu, kezkagabetu. Jaiki orduko jabetu da bart baino askoz argiago dakiela nola kontatu behar duen kontatzea falta zaiona, nola lotu behar duen lotzea falta zaiona. Idazteari ekin dio, argi eta gogoz, hariari bart utzitako lekuan helduta. Une horretan, bake horretan, idazlearentzat ez dago munduan bere nobela besterik.

Azken paragrafoa berridazten ari da hiru bat ordu geroago. Aise gainditzen ditu arazoak, aise argitzen zalantzak. «Gelditu da azkenik abioia. 'Welcome to New York City'» idatzi du. Eta puntu bat ondoren. Azken puntua. Zortzi etaerdiak dira. Pozik dago idazlea; oso pozik. Eta pozik baino gehiago, hunkituta. Amaitu du duela sei urte buruan erne zitzaion eta harrezkero buruan habia eginda bizi izan zaion nobela.

Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelaren idazketaren amaieraren kronika da hau, baina antzekoak lirateke Durangoko Azokan izango diren liburu berri askoren amaieren kronikak. Obrak gogoa bahitu egiten dio idazleari, gero eta indar handiagoz, obsesio bilakatu arte. Baina ia beti amaiera iristen da, idazleak menpean hartzen du -edo hala uste du bederen- obsesio bihurtua zaion obra hori.

Idatzi nahi zuena idatzi eta gero

Uribek ere lortu duela sentitzen du. Idatzi nahi zuen nobela idatzi duelakoan dago. «Egin dudana egiteko gauza ez izateko beldur nintzen, bide labur edo errazagoa hartu eta harekin etsi beharko ote nuen. Baina ez. Hauxe da buruan neukana, eta gustura nago».

Martxotik urriaren erdialdera arte aritu da idazten Uribe, baina nobela idazteko ideia 2002an izan zuen lehen aldiz. «Azken urteetako emaitza da nobela. Nik ikusten nuen nobela barruan neukala, buruan, eta paleontologoek lur azpian dauden dinosauroekin egiten dutena egin dut. Lurra kentzen hasi eta bat-batean aurreko hanketako bat agertzen da; lurra kentzen jarraitu eta atzeko hanka agertzen da; gero burua... Dinosauroa osorik agertu arte. Ez da burutik buztanera egindako nobela, puskak bilduz eta lotuz egindakoa baizik».

Aitonaren txaluparen izena izan du abiapuntu Uribek: Dos Amigos (Bi adiskide). Aitonaren adiskide hura nor ote zen ikertu nahi zuen... Urteekin aldatu egin da egitasmoa idazlearen buruan. «Hasieran itsasoari buruzko lan nostalgikoa zena, iraganari begiratu ordez, etorkizunari begira jarri dut».

Aurki sinatuko du kontratua Uribek Bilbao-New York-Bilbao argitaratu eta Durangoko Azokara eramango dion argitaletxearekin.

 


Ez da burutik buztanera egindako nobela, puskak bilduz eta lotuz egindakoa baizik»

Kirmen uribe

Idazlea



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia