Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:24

KULTURA;2008-10-17;«Gure benetako izaeran, isil-isilean, hor dago itsasoa». Bere ildotik, kantu triste eta hunkigarriak grabatu ditu disko berrian, baina baita hainbat kantu franko alai edo bizi ere. Itsasoaz kantatzen hastea gauza franko berria da beretzat. BENITO LERTXUNDI . Kantaria

Benito Lertxundi - Kantaria

Bere ildotik, kantu triste eta hunkigarriak grabatu ditu disko berrian, baina baita hainbat kantu franko alai edo bizi ere. Itsasoaz kantatzen hastea gauza franko berria da beretzat.

«Gure benetako izaeran, isil-isilean, hor dago itsasoa»

Eneko Bidegain

Orio

Benito Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1942) disko berria plazaratu zuen atzo: Itsas ulu zolia. Sei urte iragan dira kantu berriz osatu azken diskoa atera zuenetik.

Paradoxa badirudi ere, nahiz eta kostaldekoa izan, ez da aspaldi zure kantuetan itsasoa islatzen hasi zinela. Gehiago kantatu ohi duzu lurraz eta barnealdeaz.

Duela urte gutxi galdetzen zidaten, ea oriotarra izanik, nola ez nuen itsasoa hartzen kantu gai gisa. Ez nekien erantzuten zergatik. Gogoratzen naiz esaten nuela: «Agian nire bizitza osoan itsasoa aurrez aurre dudalako, eta horregatik ez dut aipatu beharrik». Badakizu ama maite duzula, baina askotan purrustadarik handienak ere amari egiten dizkiozu. Hurbiltasunak hori du askotan. Ni beti ari nintzen barnealdeko kontuez, nostalgia historikoa sortzen zidaten zenbait gauzez. Disko honetan bi kantu badira itsasoaren lurrina badaramatenak, eta horrek aitzakia eman dit diskoaren izena ere itsasoaren ingurutik egiteko. Hortik topikoak egiten dira: «Benito eta itsasoa» eta hola... Uste dut marratik pasatzen ari garela horrekin.

Orduak pasatzen dituzu itsas bazterrean. Une horiek laguntzen zaituzte sorkuntzarako?

Askotan ez gara kontziente zerk laguntzen digun. Gehiago laguntzen diguna sorkuntza bidean egotea da. Gero, zer gauzekin bizi zaren, horrek oharkabean eragina izaten du. Itsasoa bizitza osoan aurrez aurre eduki dut, eta bistan da, Oriokoa izanik, itsasoaren lurrina beti aurrez aurre izan dudala. Arrantzaleak izan dira nire etxean, arrantzale horiek ikusi ditut herrian, urte askotan. Eragina izango dutela? Hainbeste gauzek izango dute eragina, memento batean edo bestean...

Disko honetan itsasoa aipatzen duten kantuak tristeak dira. Itsasoa beti da tristea?

Itsaso aldera hurbiltzen zarenean, jendea oso pentsakorra edo barea da. Itsasoak badu alde hori, hain da zabala, hain da misteriotsua... Bestetik, itsasoa, bizibide bezala hartu dutenentzat, oso gogorra da. Marinel asko hartu ditu. Kostaldekoak garenok asko ezagutzen dugu itsas tragedia. Itsasoak badu arriskua, bistan da, badu zailtasuna eta gogortasuna. XVI. mendeko Partiada trixtea kantuaren testuak adierazten du guzti horren gogortasuna.

Arrantzaleek itsasoarenganako maitasun izugarri bat erakusten dute. Zergatik hainbeste maitatu hain arriskutsua eta gogorra dena?

Noizbait esan dut ama baten dei isila bezalako zerbait sentitzen dugula. Ez da kasualitatea, bizitza itsasotik datorrelako. Askotan gure bizitzeko moduagatik edo pentsatzeko prozeduragatik, bereizi egiten gara gure benetako naturatik, eta orduan ezezaguna egiten zaigu. Baina gure benetako izaera horretan, isil-isilean, hor dago itsasoa.

Itsasoa amarekin konparatu duzu. Kantuz abestian, Mendiaguek idatzi zuen ea kantuz hartuko al zuen «gure Jainko onak». Eta zuk, horren ordez, «lur ama» kantatu duzu. Zergatik aldaketa hori?

Askozaz ere jainkoagoa iruditzen zaidalako lurra. Beste guztiak guk kontzeptualizatu eta asmatu ditugun konplikazioak dira. Halako mamu baten gisako irudia daukagu Jainkoaz. Pentsatzen dut jainkotasuna geure baitan daramagula. Nondik gatozen eta nora goazen esplikatzeko modu bat dela esango nuke, izate horren inguruan bueltaka gabiltzala. Lurrak hartuko gaitu, azken finean. Ez al gara ba lurperatzen?

Kantu hori aurkeztean, erraten duzu Mendiaguek kantu hori testamentu gisa egin ote zuen: kantuz bizi eta hil nahi duela... Zuk, kantari izanik, zureganatzen duzun testamentua da?

Nireganatu nezake. Ni ikusten naiz ispilu horretan. Niri ere oso egoki datorkit; niri eta edozein kantariri.

Azken urteetan ez zenuen kantu zahar ezagunik berriz hartzen. Oraingoan, abesti honekin, kantu biziki ezagun bat hartu duzu eta bertsio berezia jarri diozu.

Sorkuntzan, oharkabean espero ez zenuen zerbaitekin askotan topo egiten duzu. Eta kasu honetan ere hala gertatu zen. Kantu horren hainbat bertsio ezagutzen ditut, abesbatzek-eta egiten dituztenak. Etxean kantatzen hasten nintzen bakoitzean, egitura horretara joaten nintzen, nahigabe. Halako disfuntzio bat bezala aurkitzen nuen: kantatzeko modu hark zerikusi gutxi zeukala kantuarekin. Kantuak ihes egiten zidan. Egun batez gitarra hartu nuen eta kasualitatezko modu batean akordio bat jo nuen, eta tonu horretan, erdi kantatzen erdi errezitatzen hasi nintzen, tonuak horretara beharturik. Eta hori, memento hartan, ikaragarri gustatu zitzaidan. Pentsatu nuen zein ezberdina gertatzen ari zitzaidan. Orduan aurkitu nion dimentsio hori kantuari.

Kantuaz ari garela, zure kantaldietan, Zergatik utzi kantatzeari kantatzen duzunean, beti aipatzen duzu kantu horren egilea, Pete Seeger oraindik kantuz ari dela, 89 urtetan. Zuk ere zeure burua ikusten duzu adin horrekin plazan kantari?

Bistan da nahiko nukeela, osasun, indar eta gogo aldetik ongi nagoela adieraziko luke .

Kantarientzat ez da erretretarik...

Erretiroa lan gogorra egitea tokatu zaion jendeari dagokio. Lana baino gehiago, hori zigorra deitzen dut. Lanak beste konnotazio batzuk ditu niretzako; lana bizitzearekin, haztearekin, bizkortzearekin eta adimentsu izatearekin oso lotutako ariketa bat dela iruditzen zait. Horrek egunen batean, adin kontua dela-eta bukatu behar duela pentsatzeak barregura ematen dit. Zergatik gelditu behar dut?

Kantatzen jarraitzen duzu, eta gainera kantaldietan beti kantu berriak sartzen dituzu, lehengo diskoekin urteak eta urteak segitzeko ordez.

Publiko mota batek nahiago du kontzertuetan ezagutzen dituen kantuak entzutea. Nire kasuan, disko honetan sartu ez diren kantu bat edo beste kantatzen dut kantaldietan. Eta kantu horrek bere ibilbidea egingo du; egun batez grabatuko dut, baina denboran joango da egiten. Ez dut esperientzia onik, kantaldietan bere ibilbidea egin gabe, kantu bat zuzenean estudioan grabatu izan dudanean. Beti iruditu izan zait ez zirela bukatuak. Kantaldietan ibiltzen diren kantuak, oharkabean, egiten eta bukatzen joaten dira. Askotan kantuak berak eramaten zaitu bere eskutik.

Kantu batzuk ia herrikoi bihurtzen dira nahiko laster, Baldorba bezala. Disko honetako kantu batzuek ere beren bidea eginen dutela uste duzu? Zeinek?

Gertatu izan zait nik baloratu ez nituen eta diskotik alboratu nahi nituen zenbait kanta arrakastatsuenak izatea. Orduan, auskalo jendeak nondik joko duen. Disko honetan badago kantu bat betetzen ez nauena. Niregatik, diskoan ez zen sartuko. Sartu dut besteek bultzatu nautelako. Kuriosoa da, diskoa entzun duten batzuk kantu horrekin gelditzen dira.

Hori da Haizeak jotzen zuen?

Bai, hori da. Lehen mementotik, badut inpresio bat kantu hori ez ote den oso nirea. Eta inguruko jende guztiari gustatu egin zaio.

Zergatik ez duzu zure kantu gisa sentitzen?

Pixka bat trantsizio kantu bat iruditzen zait. Baina ni ibil naiteke oso oker: nik ba ote dudan beste faktura mota bat, eta kantu horrekin ez ote dudan faktura hori egin. Kantu hori arrotza bezala ikusten dut, pixka bat, nigandik. Agian urte batera esango dut ezetz, kantuarekin adiskidetu naizela.

Kantu hori eta diskoko beste hiruzpalau, nahiko alaiak dira, doinuen aldetik. Zure disko honi aurrekoei baino kutsu alaiagoa eman diezu?

Sarritan entzun dut hori, azkenaldi honetan. Litekeena da, nahiz eta nire konstanteak hor diren. Ez dut inongo arazorik tristeziarekin; gustatzen zait, zineman ere bai.

Kantu berriekin, nola begiratzen diozu lehenagoko zure kantagintzari?

Ez dut ariketa hori egiten. Ni oso erraz irteten naiz nire iraganeko lanetatik. Orduan nituen joerak nahigabe ateratzen zaizkit. Nahiz eta konstanteak agertzen diren nigan, ez dut atzera begiratzen.

Orbaizetako arma olaren kantua kantaldietan ematen duzu orain. Zer sentiarazten dizu?

Lagun batek erraten dizu halako batez kantu hori berriz entzun zuela eta oso inpresio polita egin ziola, eta horrek animatzen zaitu kantu hori berriro hartzera. Denborarekin bazterrean utzi nuen, eta berriro berreskuratzean, Orbaizetako kantua oso gustura kantatzen dut, eta kantatzen dudanean nire burua han kokatzen dut, garai haietako zirrara haiek berpiztuko balira bezala.

TB-TB--@Elkarrizketa osorik, BERRIAren edizio digitalean:

TB-www.berria.info

 

«Bakea ez da helburu bat, baizik eta ondorio bat»

E. Bidegain

Orio



Bakea hitzari buruzko kantua aurkezten duzunean, erraten duzu herri honetan hitz batzuek, erabiliaren bortxaz, balioa galtzen dutela. Horietarik bat da bakea. Gogoeta horrek Euskal Herriko gatazkaren luzamendua ulertzeko balio du?

Gehiago ari naiz, orokorrean, gizakiak berarekin daraman gatazkarako joeraz. Hitzen zurrunbilo horretan nahasten eta galtzen gara. Nik uste oso gomendagarria dela une batez baztertzen jakitea, horri guztiari begiratzeko; autoritateak, hierarkiak eta gure balore eta egi borobilen kontzeptuak bazterrean utziz, geure burua edo adimena bihurtuz geure autoritate bakar bezala. Gauzak horrela begiratzen direnean, epaiketarik gabe, beste dimentsio bat aurkitzen duzu. Gatazka ere horri lotuta dago. Kantuak balio baldin badu norbaiten baitan galdera bat sortzeko, ikaragarrikoa da. Galdera egiten dagoena ez dago horren harrapatua. Norbere buruari galdetzen ez diona dago erabat harrapatua.

Kantu horren oihartzunik ukan duzu? Zure helburu hori beteko du, galdera egite horretan?

Mundu honetan agintariak daude, mundua dominatzen dutenak, eta horien helburua da beste guztiek beren ideia horiei men egitea. Beste guztien eginbeharra izango litzateke guzti horri ostiko bat ematen jakitea. Horregatik esaten dut bakea hitzak bere esanahia galdu duela. Nahiago ditut gogoan izan, bakea egon dadin, ezinbestean jorratu behar diren gauzak, bakea ez baita helburu bat, baizik eta ondorio bat.

Kantu hori ETAren su-eten garaian aurkeztu zenuen. Testuinguru hari loturik egin zenuen?

Lehenago egina zen. Bake prozesua zela-eta, mundu guztia bakezale agertzen zen, baina inork ez du behar bezala bideratzen hori egon dadin. Harrigarria egiten zait estatu batek nola proposa dezakeen beretzako bakea. Nahi duena da gehiago domestikatu; hori da bere bakea; atzaparretan daukan horrentzat amildegia da.

Kantu horrek gogora ekartzen ditu Zenbat gera edo Ekaitza bezalako kantuak. Kantu horien gaia oraindik aktualitatekoa izateak zer pentsarazten dizu?

Zirkulu bat egin dugu, eta hortik ezin gara atera. Badira antolatu behar diren gauzak: enpresak, politika... Badira beste batzuk antolatu ezin direnak: askatasuna, amodioa, erlijiotasuna... Hemen dena antolatzeko joera dago. Herri menperatu bat herri menperatzailearen kultura bera jorratzen hasten da, baina izan gabe. Hori egiten ahal duzu, haren baldintza beretan zaudenean, baina ez zaudenean, ezin duzu imitatu, beste eskola bat behar duzu, beste kultura bat, horren kontrakoa. Menpean dagoenak ez baldin badu garbi zer ez duen egin behar - beste gauza bat da zer egin - ez dugu egoera aldatuko. Azken finean, ikusten ez dakiguna ikasi dugun hori da. Hori desikasten ez dugun bitartean, gauza xume hori ez dugu ikusiko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia