Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:23

TARTEA;2008-10-14;Aulkiak eta mahaiak baino gehiago. Donostiako Hiria sariak diseinuzko altzari ikusgarrienak bildu ditu Donostiako Kutxa Boulevard aretoan

Aulkiak eta mahaiak baino gehiago

Donostiako Hiria sariak diseinuzko altzari ikusgarrienak bildu ditu Donostiako Kutxa Boulevard aretoan

Anakoz Amenabar

Izar itxurako kaleko aulkia izan da aurtengo Donostiako Hiria altzari diseinu lehiaketako irabazlea. Lanbide heziketako ikasleek diseinatutako zurezko mahai, aulki eta armairu berezien artean Kordobako (Espainia) Miguel Angel Tejeroren lana izan da garaile. Zeruko izarren isla, «hiriak ederrago egiteko» artelana dela aipatu du autoreak. Hilaren 22a arte izango dira lanak Donostiako Kutxa Boulevard aretoan.

Enpresa nahiz irakaskuntza alorrean lehiaketa nabarmena da Donostiako Hiria. 1991tik, diseinu, maketa eta prototipo ikusgarrienak aurki daitezke bertan. Euskal Herriko lanekin batera, Espainia eta Frantziako artisten lanak ere bildu ditu aurten Donostiako Easo Ikastetxe Politeknikoak antolatutako sariak.

Lehendabiziko saria Kordobara, eta hirugarrena ere bertako eskolara joan da Mari Carmen Marinek diseinatutako aulkiarekin. Puzzle itxurako haurrentzako aulkia aurkeztu du Marinek.

Etxean geratu da bigarren saria. Miguel Mayora iruindarrak lortu du altzari deigarri batekin. Konbinazio aukera askotarikoekin, hiru altzari edo bakarra izan daitekeen kuboa diseinatu du.

Laugarren saria, berriz, Galiziako Josue Beneitez eta Jose Manuel Farok irabazi dute, erlaxatu eta atseden hartzeko aulki modernoarekin. Berez laua behar lukeen pieza biribila izatea lortu dute.

Ekodiseinuak ere tartea izan du sari banaketan. Materialak erabilgarri egin eta ingurumena errespetatzeagatik, Easoko ikasle Ion Burgerak jaso du saria. Osasun etxeko aulkia diseinatu du Burgerak, inguruak, gizakiak eta naturak bat egiten duten obra. Sail bereko bigarren saria jaso du Akitaniako Emile Villettek. Zabor pilaketa handiei erantzuna eman nahi dion altzaria sortu du, forma originalak emanez.

Miguel Melladok Hezkuntza Okupazionala sari berria jaso du. Lanbide Heziketan dabiltzan ikasleen lana saritu nahi dute horrekin. Diseinatzaile berrien lanaren isla da Melladok sortutako mahaia, sendotasuna eta materialen kolore kontrastea nagusi direla.

Hamalau urteren ostean, parte-hartzea gero eta handiagoa da. Ia ehun lan aurkeztu dituzte, eta horietatik hogeita bi bildu dituzte erakusketan. Sariaren antolatzaileek azaldu moduan, beste helburu batzuen artean, lanbide heziketako eskolen kalitatea eta izen ona areagotu nahi dute. Lanbide Heziketako Easo Ikastetxe Politeknikokoak antolatuta, Kutxak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere babestu dute ekimena.

 


DONOSTIAKO HIRIA ALTZARI ERAKUSKETA

Lekua. Donostiako Kutxa Boulevard aretoan.

Noiz arte. Urriak 26.

Ordutegia. Egunero. 11:30-13:30 / 17:00-21:0. Doan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia