KULTURA;2008-10-09;Euskara bihotz zuen idazlea. Gotzon Garate hil da, literaturaren eta hizkuntzalaritzaren arloetan euskararen zerbitzuan lan asko egindako sortzailea Euskal filologiako aurreneko ikasketak sortu zituen, Deustuko Unibertsitatean
Euskara bihotz zuen idazlea
Gotzon Garate hil da, literaturaren eta hizkuntzalaritzaren arloetan euskararen zerbitzuan lan asko egindako sortzailea
Euskal filologiako aurreneko ikasketak sortu zituen, Deustuko Unibertsitatean
Juan Luis Zabala
Gotzon Garate idazle eta hizkuntzalaria atzo hil zen, 74 urte zituela, Bilbon, minbizi baten ondorioz. Euskararen eta euskal kulturaren zerbitzari apal baina suharra izan da beti Garate, eta oso maitea berarekin harremanak izandako guztien artean. Horregatik, samin handia eragin du haren heriotzak euskal kulturaren munduan. Gaur emango diote lur, Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa), eta 19:00etan meza izango da Deustuko (Bilbo) Unibertsitateko kapera gotikoan.
Hiru arlo nagusitan egin du lan batez ere Garatek, euskararekiko maitasuna gidari zuela beti: marxismoaren eta komunismoaren inguruko saiakerak idazten; polizia eleberri eta narrazioak idazten; eta baserrietako euskal hiztunek hizkuntz arloko altxorrak biltzen eta zabaltzen.
Gotzon Garate Goihartzun Elgoibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1934ko irailaren 1ean. Durangoko jesuiten ikastetxean egin zituen lehen ikasketak, eta han erne zitzaion euskaltzaletasuna, ikaskide zituen bi azpeitiarren eraginez, Garatek berak kontatu ohi zuenez: «Haiekin hitz eginez konturatu nintzen euskalduna nintzela, eta benetako euskalduna izateko euskaltzalea izan behar nuela, euskaraz jakiteaz gainera kontzientzia hartu eta ahal nuen neurrian euskarari lagundu behar niola».
Ikasketak Loiolan eta Bartzelonan jarraitu ondoren jesuita egin zen. Teologia eta filologia ikasi zituen gero, Innsbruck-en (Austria) eta Bilbon; ondoren, Filosofian doktore egin zen Madrilgo Konplutense Unibertsitatean, eta marxismoan espezializatu Freiburgekoan (Alemania).
Lehen idazlanak Jesusen Biotzaren Deia, Euzko Gogoa, Egan eta Zeruko Argia aldizkarietan argitaratu zituen. Aurreneko liburuetan, marxismoa izan zuen gai nagusi: Marx-en marxismoa. Soziologia (1971), Marx eta nazioa (1972) eta Marx-en ondoko errebisionismoa: Rosa Luxemburg (1974). Marxismoarekin zerikusia duten liburu gehiago argitaratu zituen gero.
Garatek sortu zituen euskal filologiako lehen ikasketak, Deustuko Unibertsitatean, 1976an, «ekintza zuzena» erabiliz, berak esan ohi zuenez. Erretoreak ikasketa horiek sortzeko eskariari jaramonik egiten ez ziola ikusita, egunkarietara iragarkia bidali zuen Garatek, euskal filologiako ikasketak abian jarriko zirela eta izena emateko aukera zegoela iragarriz. Ikastetxeko agintariek «xantaia» egin izana leporatu zioten, baina ikasketak martxan jarri zituzten azkenean. Ikasketa planen diseinuan parte hartu zuen Garatek, Alfontso Irigoien, Patxi Altuna eta Mikel Zaraterekin batera, besteak beste, eta Koldo Mitxelenaren oniritziarekin.
Genero beltzean trebatua
Fikziozko narratibarekin lehen kontatua 1977an izan zuen, Donostia Hiria saria irabazi zuenean, Oroitzapenetan ipuinarekin. Urte berean Irun Hiria saria irabazi zuen, Esku leuna polizia eleberriarekin. Genero bereko hainbat liburu kaleratu zituen hurrengo urteetan: Elizondoko eskutitzak (1979), Goizuetako ezkongaiak (1979), Lehortean (Zugaza, 1979), Muskilak (1989), Aldarte oneko ipuinak (1982), Izurri berria (1982)...
60ko hamarraldian hasita, Euskal Herri osoko baserri asko bisitatu zituen, bere euskara hobetzeko eta tokian tokiko hizkeraren altxorrak jasotzeko. Erdarakadak liburua eta euskal atsotitzen bildumak dira lan horrek emandako fruitu nagusiak.
New Yorken egindako egonaldi luzeetan ikusi eta ikasitakoez ere bi liburu argitaratu zituen: New York, New York lehenik, 1988an; eta New Yorkeko kronika beltza gero, 2004an. Oso bestelakoa da Garateren beste liburu baten gaia: Zakurra, zeure laguna (Elkar, 2002).
Egileak euskal literaturaren inguruan zuen kezkaren isla zuzen dira Gotzon Garateren Euskal eleberriaren kondaira osatzen duten hiru liburukiak. Arlo bereko beste liburu bat ere idatzi zuen: Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria (2000).
Euskal Liburu eta Diskoen Durangoko Azokak Argizaiola saria eman zion Garateri 2005eko abenduan. «Leizarragak Itun Berria-n esaten duen bezala, bihotza altxatu egiten zaigu euskaltzaleoi Durangon, horrenbeste euskaldun eta horrenbeste euskaltzale ikusita», adierazi zion orduan Garatek BERRIA-ri.
2006ko maiatzean Deustuko Unibertsitateko auditoriumean omendu zuten, euskal filologiako ikasketen sorreraren 30. urteurrenean. Euskal kulturaren munduko pertsona ezagun askoren omenaldia beroa jaso zuen.
Bibliografia
ELEBERRIAK
'Esku leuna' (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1978)
'Elizondoko eskutitzak' (Mensajero, 1979)
'Goizuetako ezkongaiak' (Zugaza, 1979)
'Aldarte oneko ipuinak' (Mensajero, 1982)
'Izurri berria' (Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1982)
'Alaba' (Elkar, 1984)
'Hades-en erresumarantz' (Elkar, 1986)
'Zilarrezko gazteluaren kronika urratua' (Mensajero, 1992)
NARRAZIO LIBURUAK
'Oroitzapenetan' (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1977)
'Lehortean' (Mensajero, 1980)
'Muskilak' (Mensajero, 1980)
'Nafarroako Ezkurran' (Mensajero, 1981)
SAIAKERAK ETA KRONIKAK
'Marx-en marxismoa. Soziologia' (Mensajero, 1971)
'Marx eta nazioa. Bizitza eta teoria' (Mensajero, 1972)
'Marx-en ondoko errebisionismoa. Rosa Luxembourg' (Mensajero, 1974)
'Maoren marxismoa: maoismoa' (Mensajero, 1977)
'Lenin eta nazioen autodeterminazioa' (Mensajero, 1980)
'Leninen marxismoa: leninismoa' (Mensajero, 1983)
'Euskal eleberriaren kondaira I' (Mensajero, 1983)
'Euskal eleberriaren kondaira II' (Mensajero, 1985)
'New York, New York'' (Elkar, 1988)
'Euskal eleberriaren kondaira III' (Mensajero, 1991)
'Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria' (Elkar, 2000)
'India harrigarria' (Elkar, 2001)
'Zakurra, zeure laguna' (Elkar, 2002)
'New Yorkeko kronika beltza' (Elea, 2004)
'Lauaxeta menderik mende' (Mendebalde Kultur Alkartea, 2005)
HIZKUNTZA ARLOKOAK
'Erdarakadak' (Mensajero, 1988)
'Euskal atsotitzak' (Mensajero, 1995)
'27.173 Atsotitzak, refranes, proverbs, provervia' (BBK, 1998)
'Euskara bikaina ipuinetan' (Mensajero, 2005)
GAZTELANIAZ
'Karl Marx y los nacionalismos separatistas' (San Miguel, 1974)
Gotzon Garateren iritziak
«Independentzia bagenu, eutsiko genioke euskarari»
Gai askori buruzko iritziak eman zituen Gotzon Garatek BERRIA egunkariko
Igandea gehigarriak 2005eko martxoaren 20an argitaratu zuen elkarrizketan. Hona hemen horietako batzuk:
Euskara
«Idatzi ditudan 30etik gora liburuak euskaraz izan dira, bat izan ezik. Nik beti izan dut oso garbi erdaraz asko eta oso ondo idazten dutela, eta nik euskaraz dakidanez gero, euskaraz egin behar nuela».
Kanpoko hizkuntzak
«Durangon bertan izugarrizko zaletasuna hartu nuen hizkuntzak ikasteko. Hizkuntzak ikasten nituen hitz gurutzatuak egiten diren bezala, jolas baten moduan. Hala, bederatzi hizkuntza ikasi ditut. Gainera, zortea izan dut hizkuntzak hitz egiten diren tokietara joateko. Hizkuntza bat ikasteko, behin oinarri bat lortuz gero, bertara joatea da onena».
Marx eta marxismoa
«Marx oso azkarra zen. Ikusten zuen munduan bidegabekeria handia zegoela, langileak zapalduta zeudela. Nire ustez, gauza batean asmatu egin zuen: injustizia azalerazten. Ez zuen asmatu erremedioa ematerakoan, hau da, langileen diktadura aipatuz... Ikusi dugu Errusia eta beste nazio batzuetan gauzak zer bidetatik joan diren. Marxek bi gauzak ekarri nahi zituen: askatasun handiagoa eta ekonomia hobea. Asmo hori gauzatzen ez zuen asmatu bere teorietan. Baina zer gauza ederra esan zuen: bakoitzak lan egingo du bere ahalaren arabera, eta emango zaio bere beharren arabera. Hori egingo balitz, mundua zoragarria izango litzateke, baina hori utopia hutsa da».
Gaurko bizimodua
«Gaurko gaixotasuna da ilusiorik, bizipozik ez dagoela. Bizitzan ilusioa behar duzu, eta hori falta zaigu. Komunistek ilusioa piztu zuten, eta indar handia eman zuten».
Polizia eleberria
«Mundu osoan gehiena irakurtzen den nobela mota da [polizia eleberria]. Hizkuntzak ikasteko oso onak dira, gaiak lotu egiten zaituelako. Irakurri ahala ikasten duzu. Beharbada, horregatik hasi nintzen. Aurrenekoa idatzi nuenak saria irabazi zuen, eta horrek gogoa eman zidan jarraitzeko. Politak dira irakurtzeko. Uste dut literatura aldetik besteak hobeak direla, baina arrakasta, dudarik gabe, haiek dute».
Literatura
«Ipuin edo eleberri bat idazten dudanean, helburu nagusi bat izaten dut: hizkuntza. Hiru alderdi daude: mamia, teknikak eta hizkuntza. Mamiari buruzko kritika onak egiten dira batzuetan; baina, esaterako, hizkuntzari buruz ez dira kritikak egiten. Beti esaten dut idaztea dela biolina jotzea bezala. Hobe da kantu labur bat ongi jotzea, Beethovenen sinfonia, zoragarria izanda ere, gaizki jotzea baino. Gaur egun liburuak hartzen ditut, eta hutsak aurkitzen ditut; eta, jakina, utzi egiten ditut. Neuk literatura lanetan garrantzi handia ematen diot euskarari, formari».
Euskara batua
«Euskara batuak mesede ikaragarria egin digula uste dut, elkar ulertzeko, argitaratzeko. Gure problema da gutxi garela; zenbat eta gehiago argitaratu merkeago aterako litzateke. Hasiko bagina zuberotarrak zubereraz, bizkaitarrak bizkaieraz, bada, oraindik okerrago. Uste dut euskalkiei eutsi egin behar zaiela, eta batuan idazten denean ere, sartu egin behar direla nor bere euskalkiko hitzak eta moldeak. Eta duda kasuetan, etxeko euskarara jo, gurasoek esateko modua erabili. Ni baserrietara, adibidez, ikastera joaten naiz, haiek euskara zoragarria egiten dutelako, eguzkitik eguzkira euskaraz aritzen direlako».
Independentzia
«Uste dut euskaldunok independentzia lortuko bagenu eutsiko geniokeela euskarari. Baina, independentziarik gabe, galdu egingo da. Ni bi gauzatan naiz ezkor samarra: honetan, eta ingurumen kontuetan. Iruditzen zait Lurra hondatzen ari garela».