Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:21

KULTURA;2008-10-08;Veleia: hizkuntzalariek ezetz diote . Azterketa berriak ezagututa, Joakin Gorrotxategik eta Joseba Lakarrak zalantzak berretsi dituzte Behin betiko txostena hil honen amaieran adostu nahi du adituen taldeak

Veleia: hizkuntzalariek ezetz diote

Azterketa berriak ezagututa, Joakin Gorrotxategik eta Joseba Lakarrak zalantzak berretsi dituzte

Behin betiko txostena hil honen amaieran adostu nahi du adituen taldeak

Alberto Barandiaran

Iruñea

Veleiako aztarnategian (Araba) agertutako euskarazko idazkunak, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik behintzat, ez dira onargarriak. Hala ondorioztatu dute aurkikuntzak aztertu dituzten Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra EHUko katedradunek. Bi adituek zuhurtzia eskatu dute publikoki behin baino gehiagotan, eta frogak galdegin dituzte komunikabideetan agertu diren baieztapen erabatekoen inguruan, baina zalantzek indar berezia hartu dute orain. Noiz eta Arabako Foru Aldundiaren ekimenez udaberrian osatu zen jakintsu taldearen frogak eta txostenak lasaitasunez aztertu ahal izan dutenean.

Eta zalantzak, orain, susmoak dira. Eta euskara zaharraren aditu prestigiodunenak, Joakin Gorrotxategik, orain arte inork erabili nahi izan ez duen hitza erabili du azkenean. «Beldur naiz hau guztia ez ote den iruzur lotsagarri eta penagarria izango».

Gorrotxategik atzo egin zuen aitorpena, Euskaltzaindiaren Nazioarteko Biltzarraren lehen egunean, eta hitzak berak, iruzur horrek, garrantzia berezia dauka. Zientzialariak, hizkuntzalariak, arkeologoak, adituak orokorrean, kontu handiz ibili dira Veleiako arkeologoek argira ekarritako ostraka multzoaren gainean iritzia ematean. Eliseo Gilek zuzentzen duen taldeak K.o. III. eta V. mendeetan kokatu ditu idazkunak, «dudarik gabe» kokatu ere, baina ugaritasunak -berrehun idazkun baino gehiago agertu omen dira-, eta, batez ere, berezitasunak -pertsona izenak salbu, idatzitako lehen euskal hitzak lirateke Veleian agertutakoak-, katedradunen prebentzio alarmak piztu zituzten.

Gorrotxategi baina pixka bat lehenago, baina biltzar berean, Joseba Lakarrak Veleiaren idazkien garrantzi filologikoaren maila beheititu zuen. Han aurkitutako materialak ez duela «ezer» ekarri esan zuen. «Gaur ez dakigu duela bi urte [Veleiako aurkikuntzak publiko egin zirenean] baino gehiago».

Hilaren 25ean, emaitzak

Hil honen bukaeran amaituko omen dira Arabako Aldundiak osatutako aditu taldearen lanak. Horko kideak dira Gorrotxategi eta Lakarraz gain, Santos Yanguas historialaria, Agustin Azkarate eta Julio Nuñez arkeologoa, Fernando Legarda eta Juan Manuel Madariaga kimikaria, Pilar Cipres epigrafista, Amelia Baldeon arkeologoa eta Feliz Lopez Arabako Museoen zerbitzuko burua. Han zen ere Henrike Knorr Euskaltzaindiko ikerketa burua. Knorr joan den apirilean hil zen.

Ikerketa taldea osatzea izan zen Arabako Aldundiak jarri zuen baldintzetako bat, Veleiako indusketari bultzada instituzionala emateko. Adituek, orain arte egin diren frogak berraztertu, froga berriak eskatu eta ondorioak ateratzeko konpromisoa hartu zuten. Bakoitzak bere arlokoa, baina hizkuntzalarienak, behintzat, argiak izango dira. Iehsus, Ioshe ata ta Miriam ama, urdin isar, edan ian lo, geure ata zutan, eta gisakoak, ezinezkoak dira filologia historikoaren ikuspegitik.

Horrek ez du esan nahi, inola ere, diagnostikoan ados jarri direla. Hizkuntzalarien artean ere, denbora luzez ez da izan, Henrike Knorrek ia azken unera arte defenditu baitzituen aurkikuntzak. Baita Gorrotxategik eta Lakarrak zalantzak publiko egin zituztenean ere: «Nik argi eta garbi esango nuke ez dagoela ez agertu denaz, ezta dataz ere, zalantzarik». Horren sendo hitz egin zuen, ezeroso bihurtu zela gainontzeko akademikoentzat. Aurkikuntzaren garrantzia euskal hizkuntzalaritzarentzat estrategikoa zela esan zuen. «Atzerapauso bat, orain, izugarria litzateke».

Eta horixe da benetako kezka. Azkenean iruzurra frogatzen baldin bada -Gorrotxategik ere galdera ikurra oraindik hor zegoela nabarmendu zuen, zalantza guztiek «benetakotasuna frogatu arte» iraungo zutela esan baitzuen-, ondorioak latzak izango dira euskal hizkuntzalaritzaren izen onarentzat. Hain zuzen ere, inoizko hizkuntzalari eta filologo talde gaituen osatzea lortu denean.

abarandiaran@berria.info

 

Aitzin euskara berreraikitzeko eredu berria aldarrikatu du Lakarrak



Euskaltzaindiaren Nazioarteko Biltzarra zabaltzeko hitzaldian, Joseba Lakarra EHUko Filologia katedradunak aitzin euskara berreraiki beharra proposatu zuen, «aurreko paradigmaren zenbait akatsa eta baita datu, murriztapen eta orokortasun berri edo ezezagunagoetan oinarrituaz». Azken urteotan, 450 etimologia berri eraiki dituztela azaldu zuen, «horietarik %20-25 Mitxelenak antzeman gabeko mailegu zahar, euskararen ereduetara ia osoki egokituak». Joakin Gorrotxategik, berriz, euskara zaharra izan zuen hizpide bere hitzaldian. Eta, hainbatek esandakoaren aurka, antzinatean euskara Pirinioetako bi aldeetara bizi zela defenditu zuen. Mendi lerroaren hizkuntz egoera bi zatitan bereiztu zituen: ekialdean, Iberiazko testuen eremua, eta, erdialde eta mendebaldean, zeharkako material ugarirekin.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia