Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:22

KULTURA;2008-08-26;Uzta onaren mentura . Benito Lertxundik urrian plazaratuko duen disko berriko hainbat kantu abestu zituen larunbatean Hendaian, diskoa agertu aitzineko azken kontzertuan. Kantu ederrak eta giro bikaina nagusitu ziren.

Benito Lertxundik urrian plazaratuko duen disko berriko hainbat kantu abestu zituen larunbatean Hendaian, diskoa agertu aitzineko azken kontzertuan. Kantu ederrak eta giro bikaina nagusitu ziren.

Uzta onaren mentura

Eneko Bidegain

Baiona

Urteekin hobetzen diren arnoen gisako kantaria da Benito Lertxundi. Mahats biltzearen bezperan eman du urrian plazaratuko duen diskoaren lagin bat. Uzta onaren mentura dago, berriz ere. Diskoa ederra izanen dela pentsatzeko arrazoiak ez dira falta joan den larunbateko kontzertuaren ondoren. Hamar kantu berri ukanen ditu Itsas ulu zolia diskoak; horietarik zazpi kantatu zituen.

Jende lerro luzea osatu da Hendaian, Beltzenia pilotalekuko ate aitzinean. Bidasoa Folk jaialdiaren karietara, Benito Lertxundiren kantaldia doan eskaini dute. Ateak ireki eta laster bete da gela guztia. Giroa bero-bero. Jendea txalotzen hasi da, argiak itzali orduko, musikariak oholtza gainera igo gabe ere. Harpa doinu lasai eta ederrez hasi da kontzertua, Euskararen Nazioarteko Egunari Lertxundik irakurri testuaren gainean jarri musika zatia joz.

Isil-isilik sartu da oholtza gainean Orioko artista. Bost kantu berri eman ditu, bata bestearen ondotik. Hitzei buruzko gogoeta bat da lehena. Lehen kantutik beretik txalo anitz ukan du. Bigarren kantuak doinu franko bizia du, lehen notetatik hasirik. Kantu sarkorra da, gainera, «geltokiko agurea» aipatzen duena. Jendeari kantua anitz gustatu zaiola nabari da, txaloen arabera.

Giro bero hori bi ordu pasatxo iraun duen kontzertu osoan sentituko da. Hirugarren kantua bakeari buruzkoa da. Erabiliaren bortxaz zentzua galtzen duten hitzak badirela dio Lertxundik, eta horietarik bat bakea dela. «Mundua aztaparretan duten madarikatu» horiek ageri direla bakezaleenak salatu du kantariak. Kantu ederra hori ere, larritasun zerbait transmititzen duena.

Kantu ezagunak ere bai

Ilargiari eskaini kantu aski labur eta goxo baten ondotik, 18/98 auziaren karietara musikatuko bertso batzuk kantatu ditu. Andoni Egañaren bertsoak dira, ironiaz beteak, doinu alaian horiek ere. Bost kantuko multzo horrekin disko berriaren giroan ezarri ditu entzuleak. Diskoa berantesteko heineko kantuak. Musika zati batetik landa, Baldorba ezaguna eman du, jendea lehen notetatik txaloka eta kantuz hasaraziz. Txaloak ez dira isildu, hurrengo musika zatia hasi arte.

Berehala, beste kantu berri bat: Marinel galduaren balada. Kantu tristea, hitzak berriak izanagatik garai bateko kantuak gogora dakartzana.

Itsasoari begira kantu aski berri baina berehala bere kantu hoberenen lerroan sartu dena kantatu du ondoren. Horrek ere jendearen txalo zaparrada eragin du . Zergatik utzi kantatzeari-rekin giroa gehiago berotu ondoan, Orbaizetako arma olaren kantu zoragarria eman du, kantaldi bat ezin ederkiago janzten duena. Errepertorioko kantu eta musika zati ezagun batzuen ondotik, lehen zatiko azken kantua, disko berrian agertuko dena: Jose Mendiaga baxenabartarraren Kantuz ezagunaren bertsio berezi eta bikaina eskaini du. Abesbatzek ematen dioten arintasunetik urrun, kantuari sekulako balioa ematen asmatu du, bizpahiru tono beherago kantatuz.

Jendea txalotzeko gogoz dago, sekula ez bezala. Gaitzeko giro beroa gela osoan. Berriz hartu du gitarra. Kantu baten lehen notak, eta gelditu da. Jendeak laster asmatu du Atharratzeko gazteluko kantua dela, eta kantuz hasi da. Eltzea lehertzeko zorian; bozkario handia sortzen duen unea. Nere herriko neskatxa maite ere kantatu du jendeak, Lertxundirekin. Jaun Baruak-ekin euforiak segitu du. Gitarra berriz ere utzi du, baina txalo zaparradak berriz hartzera behartu du. Zenbat gera-rekin, jendea zutik, txaloka, oihuka. «Zoragarria, zoragarria», entzun da argia piztean. Bi orenak biziki laburrak izan dira. Laburrak bezain beteak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia