Taberna eredu berri baten bila
Gasteizko Aiztogile kaleko 70 tabernak bidezko merkataritzan oinarritutako jaki eta edariak eskaintzen ditu
Lorea Morlesin
GasteizGasteizko Alde Zaharrean dauden taberna guztietatik berezienetarikoa da 70. Han jaten eta edaten diren produktuak bertakoak eta ekologikoak izatea dute irizpide tabernako jabeek, eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen elikagaiak baztertzea erabaki dute. «Elikadura subiranotasuna defendatu nahi dugu, mutazio transgenikoetatik aske dagoen elikadura bermatuz», argitu du Bidezko Bidean kooperatibako kide Nora Silvak. 70 du izena tabernak eta Gasteizko Aiztogile kaleko 60. zenbakian dago. Ostiralean ireki zituen ateak, eta aurretik zegoen tabernaren izena gorde badu ere, bestelako eredu baten alde egin dute.
Bidezko Bidean kooperatibak egin du posible aspaldian zuten amets zoro hori. Batzar gisa funtzionatzen dute tabernan, ez dago zuzendaririk, eta guztiek dute aldi berean langile eta kide kargua. «Hausnarketa eta esperientzia askotarikoak ditugun pertsonek osatzen dugu taldea», laburbildu du Silvak. Hasiera batean, lagun talde bat elkartu zen, eta haietako bati bururatu zitzaion osagai transgeniko, kimiko edo antibiotikorik gabeko elikagaiak eskaintzen dituen taberna bat irekitzea. Ametsak amets zirudien, baina denborarekin errealitate bihurtu dute: «Momentuko gauza izan zen, egin beharrekoa. Zortzi bazkide gara oinarrian, baina kooperatibako gainontzeko kideek ere laguntza eskaintzen dute edozein eginbeharretan».
Ekimenaren bidez, elikadura subiranotasuna eta bidezko merkatu bat aldarrikatu nahi dute. «Askotan produktu asko erosten ditugu jakin gabe zer-nolako ondorioak izan ditzakeen gugan, edota zer-nolakoa izan den haiek ekoitzi dituzten langileen esplotazioa edo animaliek jasandako tratu txarra». Hori dela eta, bertako produktuen salmenta sustatu nahi dute, eta gutxieneko merkatua osatzen dutenei aukera berria emateko. Oso zaila egin zaie produktuok banatzen dituzten enpresa egokiak topatzea, hasiberriak baitira ostalaritza merkatuan. Kooperatibatik kanpo jasotako laguntza ere ezinbestekoa izan dute aurrera egiteko.
Baina Euskal Herrian ekoizten ez diren produktuak -kafea, kakaoa eta txokolatea kasu-, bidezko merkatutik erosi dituzte. Jakiek, esaterako, okelak eta barazkiek jatorri ekologikoa dute, eta baita produktu horiek erabilita prestatzen dituzten ogitarteko eta pintxoek ere. «Zaporea oso ezberdina da, goxoagoak daude elikagaiak eta dastatzean hobeto nabarmentzen da zaporea», dio Silvak. Animaliak eta barazkiak era naturalean haztearen aldekoak dira, naturak markatzen duen erritmoan, eta ez diete inolako produktu kimikorik ematen.
Taberna hutsetik haratago
Baina taberna ekologikoa izateaz gain, aisialdirako gune berri bat ere bada 70 taberna. Nolabaiteko giza harremana bultzatu nahi dute bertan, eta,horretarako, musika kontzertuak, erakusketak eta jardunaldiak antolatzeko asmoa dute. Eta ez dute taberna haien pentsamoldeko jendearentzat mugatu nahi. «Ideologia askotariko jendea etortzea nahi genuke, eta ideiak trukatzea. Edozein izan daiteke gure bezero, denontzat dago hemen lekua», azaldu du Bidezko Bidean kooperatibako kideak.
Ekimen berriaren bidez ez dute moda sortu nahi, eredu bat bultzatu baizik. «Hausnarketa garaia da, batez ere kontsumitzen dugun elikagaien inguruan hausnartu behar genuke. Egungo ideologia kapitalistari alternatiba bilatzea posible dela erakutsi nahi dugu, eta errazenera jotzen dugun garaiotan kalitateko produktuak kontsumitzea posible dela frogatu». Denak ideala badirudi ere, zalantza bat badute: jendearen erantzuna. Eskaintzen dituzten produktuak edozein merkatutan aurki daitezkeenak dira, aldatzen den gauza bakarra bitartekaritza murritza eta produkzio era ekologikoa da. Bidezko Bidean kooperatibaren lehenengo ekimena izan da taberna. Ideia originala eta aldi berean arriskutsua. Euskal Kolara ohitu beharko du freskagarri ezagunaren parekoa nahi duenak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
