Diputazioak Begoñaren obra zentsuratu duela salatu du Ertibil bekako epaimahaiak
Guardia Zibilaren auto bat mira batean azaltzen den bideoa kendu egin dute Rekaldeko erakusketatik
Xabier Martin
«Nire lanak ez dauka inolako asmo politikorik, ez da alderdikoia, eta ikusle guztienganako begirune handiarekin sortua da». Hitz horiekin «harridura» azaldu dio BERRIAri Khuruts Begoña artista bermeotarrak, Bizkaiko Diputazioak 5 minutos de objetividad ante una escultura verde de Bilbao izeneko bideokreazioa Ertibil 2008-Arte Gaztea erakusketatik kentzea erabaki duelako. 168 artistak aurkeztutako 255 lanen artean aukeratu zuen epaimahaiak Begoñaren lana, beste 16 obrarekin batera Rekalde aretoan ikusgai paratzeko, baina erakusketa zabaldu baino ordu batzuk lehenago Begoñaren lana kentzea erabaki zuten Diputazioko Kultura Saileko arduradunek. Bost minutu irauten duen bideo horretan, besteak beste Guardia Zibilaren auto bat mira baten barruan ikusten dela-eta obra erakusketatik ateratzea deliberatu zuten.
«Nire lanean proposamen estetiko bat egin dut, jendearen ikuspuntu pertsonala sustatzeko. Hori da bideoaren helburua», azaldu du Begoñak. Artistak ez zuen espero horrelakorik, «ezta gutxiagorik ere». Gertaerak «kolpe izugarria» eman diola esan du, eta oraindik zain dagoela, «gertaerak zein bide hartuko duen ikusteko». Khuruts Begoñaren obrarekin jazotakoaren berri eman zuen atzo prentsak, eta artista «harriturik eta mindurik» dago berria politizatu egin dutela uste duelako. «Gainera, lanrengatik 2.000 euro eman dizkidatela esan dute, eta nik ez dut inolako dirurik jaso».
EPAMAHAIKIDEAK, ERABAKIAREN AURKA. Khuruts Begoñaren bideoa Rekalde aretoko erakusketatik erretiratzeko erabakiaren aurka azaldu dira Ertibil 2008-Arte Gaztea bekako epaimahaikideak. «Nola egongo gara, bada, ados horrekin?», galdetu du Xabier Saenz de Gorbea EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak. «Obra horrek erakusketaren barruan egon beharko luke; epaimahaiak hautatu zuen lan interesgarria delako. Saenz de Gorbearekin batera epaimahaian izan ziren Andoni Euba artista, Pilar Mur Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde aretoko zuzendaria eta Jose Mari Herrera EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakaslea. «Begoñaren obrarekin egin dutenaren aurka gaude; epaimahaiak bozkatu zuena errespetatu beharko lukete. Hala uste dut nik, eta uste berekoak dira nire epaimahaikideak; haiekin hitz egiteko aukera izan dudalako diot», esan du Saenz de Gorbeak.
Beste epaimahaikide batek, Jose Mari Herrera irakasleak, Saenz de Gorbearen hitzak babestu ditu. «Ez gaude ados honekin; Khuruts Begoñaren lana erakusketan sartzeko erabakia adostua zegoen, eta han egon beharko lukeela pentsatzen jarraitzen dut». Areago, Herrerak zentsuraz hitz egin du. «Begoñaren obraren epaiketa morala egin dute, ez epaiketa artistikoa. Gu oso ohituak gaude transgresioaren apologia proposatzen duten arte obrekin, fakultatean asko ikusten ditugu. Begoñaren bideoa kentzeko erabakiak beste garai batzuetara eraman gaitu, atzera; noiztik ez da ikusi zentsura artelan bat dela-eta?». Herrerak argi dauka artearen aldagaia dela lehenetsi behar dena. «Obraren balio artistikoarengatik hautatu genuen obra, ez bestelako aldagaien arabera; horrela jarraituz gero, artistek ezingo dute inolako gairik ukitu».
JOSUNE ARIZTONDOREN AZALPENAK. Joan de maiatzaren 23an zabaldu zuten Bilboko Rekalde aretoan Ertibil 2008-Arte Gaztea erakusketa. Inaugurazioaren aurretik Bizkaiko Diputazioko Kultura saileko arduradunek erakusketa behatu zuten, eta Khuruts Begoñaren bideoaren irudiekin egin zuten topo. Berehala erabaki zuten bideo hori erakusketatik kanpo utzi behar zela. «Horrelako irudiak ez dira sekula agertuko Bizkaiko Diputazioaren erakusketa batean, Diputazioaren diruz antolatutako ekimen batean». Hitz horiekin azaldu dute Begoñaren obra zentsuratzeko erabakia.
Edonola ere, Bizkaiko Diputazioak azalpen gehiago emango ditu aurki Rekaldeko erakusketan gertatutakoaren inguruan. Izan ere, Josune Ariztondo Kultura diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako dagokion batzordean agerraldia egitea eskatu du. Ekainaren 4an izango da agerraldi hori, eta han luze-zabal emango du Diputazioak hartutako erabakiaren berri.
Khuruts Begoña
bideoartista
Xabier saenz de Gorbea
Ertibil 2008-ko epaimahaikidea
Jose Mari Herrera
Ertibil 2008-ko epaimahaikidea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
