Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2008-01-31

'Nora', norabidea aurkitzeko

Euskarazko lehen bidaia aldizkaria kalean da; kalitate handiko testu eta argazkiak ditu

AMAIA ELIZONDO

Andoain

«Xumea baina edertasunez josia da Nora aldizkaria», adierazi zuen atzo Imanol Agirrek, Nora aldizkariko zuzendariak. Izan ere, euskarazko lehen bidaia aldizkaria aurkeztu zuten atzo, Sua edizioen eta EKT Euskarazko Komunikazio Taldearen elkarlanari esker. Gonbidatu guztiak aldizkariaren lehen alearekin erabat harrituta geratu ziren. Eta arrazoiak ez dira falta. Irudi ikusgarriak eta kalitate handiko testuak ditu bidaia aldizkariak. Hilero hainbat norabide erakutsiko ditu bere orrietan, eta askoren bidelagun izango da aurrerantzean.

«Bidaien gaineko hausnarketa egiteko tresna izango da, eta horretarako, hainbat atal izango ditu aldizkariak», azaldu zuen Agirrek. Proposamen praktikoak emango zaizkio irakurleari. Irudiak, fitxak... material grafiko ugari izango du, irakurlea harritzeko. Horrez gain, memoriaren mapa zabalduko du Nora-k, urte askotako tokiek duten magia erakutsiz. Lan talde handia dago aldizkariaren atzean, eta guztiek ahalegin berezia egin dute proiektua aurrera eramateko. Joan Mari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariaren esanetan, euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko erronka handia abian da.



«ITXURA ONA». Aurkezpen ekitaldira etorri zirenen iritzia berdintsua izan zen, guztiek itxura ona zuela esaten baitzuten. «Irakurtzeko erraza da, eta oso itxura ona du», azaldu zuen Ander Izagirre kazetari eta bidaiariak. Bigarren alerako testu bat idatzi du berak, eta oso pozik agertu zen. «Testu praktikoak eskainiko ditu aldizkariak eta jendeak gustura hartuko duela uste dut». Izagirrek bidaia ugari egin ditu eta bere esanetan, kanpoan toki ederrak badira, baina etxetik gertu ere aurki daitezke.

Josu Iztueta bidaiaria ere oso pozik agertu zen aldizkariarekin. «Bost urte behar izan dira Nora sortzeko, baina azkenean kalean da, kalitate handiarekin, gainera. Lehen alea mehea bada ere, gizentzen saiatuko gara». Hurrengo aleetan idazteko prest azaldu zen eta jendeak harrera ona egingo diola uste du. «Jendeak gustukoa ditu aisialdiarekin lotutako lanak».



«IRAKURTERRAZA». Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak itxura ona hartu zion aldizkariari. «Lehendik Euskal Herria aldizkariak lan handia egin du, eta orain, Nora-k bere ibilbidea egin behar du. Euskal kulturan beste pauso bat da, eta jendeak gustukoa izango duela iruditzen zait». Olanoren aburuz, jendeak geroz eta produktu bisualagoak nahi ditu, eta horren aurrean, Nora-k ikusgarritasuna eskaintzen du.

Komunikabideen arloko jende ugari gerturatu zen aurkezpenera. Horien artean, Odile Kruzeta, Euskadi Irratiko zuzendaria zegoen. «Itxura oso ona du aldizkariak, oso polita da. Euskal Herria aitzindari izan zen, eta orain lehen euskarazko bidaia aldizkaria kalean daukagu. Euskaldunok mendizaletasunaren gaia gustukoa dugu, beraz, aldizkariak harrera ona izango duela uste dut».

Aurkezpenean jende ugari bildu zen, arlo ezberdinetakoak, gainera. Bertan izan ziren, Santiago Yaniz argazkilaria, Klara Badiola aktorea, Amaia Agirre eta Mirari Martiarena bertsolariak, Urtzi Urrutikoetxea kazetaria... Guztiek Nora ezagutu nahi zuten. Dagoeneko lehen bidaia egina du Nora-k, baina, aurrerantzean, beste asko egiteko prest izango da.

 


«Bost urte behar izan dira 'Nora' sortzeko, baina azkenean kalean da, kalitate handiarekin gainera»

josu iztueta

bidaiaria





 


«Testu praktikoak eskainiko ditu aldizkariak, eta jendeak gustura hartuko duela uste dut»

ANDER IZAGIRRE

BIDAIARI ETA KAZETARIA





 

nora eusKaL HerrIa



Sortzaileak: Sua argitaletxea eta Euskarazko Komunikazio Taldea SA.

Zuzendaritza eta erredakzioa: Javier Pascual eta Imanol Agirre.

Maiztasuna: Hilabetekaria.

Banaketa: Hileko lehen igandean BERRIArekin batera banatuko da; lehen zenbakia igande honetan, otsailaren 3an. Horretaz gain, aldizkariaren harpidetza ere egin ahal izango da, (00-34) 943-303554 telefono zenbakira deituz, eta kioskoan ere erosi ahal izango da egunkaririk gabe.



 

Imanol Agirre 'Nora Euskal Herria' aldizkariko zuzendaria

«Mendietara igotzeko eta museoetan sartzeko erabilgarria izatea nahi dugu»

jon ordoñez

Donostia



Nora aldizkarian kolaboratzeko Fredy Paiaren baiezkoa jaso berri zuen atzo Imanol Agirrek. Bera da aldizkari berriaren zuzendaria, eta pozik dagoela ageri zuen. Garbi dauka zer izan behar duen Nora-k, eta zertarako sortu den.

Nola definituko zenuke Nora?

Euskaraz egiten den lehen bidaia aldizkaria da. Euskal prentsan aldizkaririk bada, baina ez bidaia aldizkaririk, eta hutsune hori betetzeko sortu dugu.

Nola sortu zen asmoa?

Sua argitaletxean orain dela 5 urte Euskal Herria sortu genuen, El mundo de los Pirineos-en ondoren. Orduan agertu genuen Euskal Herria aldizkaria euskaraz argitaratzeko asmoa. Baina ez genuen lortu horretarako masa kritikorik edo bideragarritasun planik, eta gazteleraz atera zen. Barruan izan dugu asmoa urte guzti hauetan. Iaz Euskarazko Komunikazio Taldea enpresarekin (EKT) harremanak sortu ziren, eta Suak eta EKT-k bat egin zuten. Horren ondorio da Nora. Gure bost urteko esperientzia eta BERRIAk duen bezero euskaldunen masa kritikoa baliatu ditugu.

Zer aldatu da bost urteotan?

Kalitate handiko aldizkari bat plazaratzen denean, arriskua handia da. Abentura neurtzea ez da erraza, eta jokoan diru asko dago. Erantzun handia behar da. Orain dela bost urte erantzun hori izan genuen gaztelerazkoarekin, eta orain hori finkatuta eta bide onean dugu. Suarentzat, gainera, orain dela bost urte zaila zen bezero euskaldunengana iristea. Orain arte gazteleraz aritu gara gehien bat. Mendiari buruzko euskarazko produktuek ez zuten guk nahi bezain ongi funtzionatzen, eta Suarentzat arriskutsua zen. Orain, ordea, irakurle euskaldunengana iristeko zubi bat daukagu; BERRIA egunkariarekin banatuko da Nora, eta horregatik sortu dugu aldizkaria. Suak bakarrik ezingo luke bidaia aldizkaria euskaraz soilik argitaratu.

Zertan ezberdinduko da Nora?

Bai Euskal Herria aldizkariak baita El mundo de los Pirineos-ek ere nortasun propioa dute, eta Nora-k ere izango du berea. Oinarrian bidaiak, edertasuna, ikusgarritasuna eta Kalitate handiko testuak eta argazkiak daude hiruetan. Eta aurreko bietan bezala Nora-rekin ere edertasunaren eta praktikotasunaren bila joango gara. Erabilgarriak izatea nahi dugu, mendietara igotzeko, museoetan sartzeko, hainbat leku ezagutzeko, azken finean, deskubritzeko. Besteekin alderatuta, Nora-k mendi gutxiago izango du eta bidaia gehiago.

Argazkiak eta testuak aipatu dituzu, eta lehen zenbakian jada ikus daitezke sinatzaile ezagunak: Santiago Yaniz argazkilaria, Alberto Barandiaran eta Ramon Olasagasti kazetariak, Harkaitz Cano idazlea, Sustrai Colina bertsolaria...

Bai, ezagunak dira, eta guztiek aurretik gurekin lan egin dute. Esan bezala, gure bost urteko esperientzian oinarrituko gara, eta esan beharra dago, nahiz eta bost urte hauetan gazteleraz aritu, euskaldun idazle askok idatzi dutela gurean. Ohore hori izan dugu, beti esan digutelako baietz. Orain euskal idazle eta kazetari horiek are eta poz handiagoa dute euskaraz argitaratuko dugulako. Edorta Jimenez, Laura Mintegi, Joxemari Iturralde... horiek ere etorriko dira. Harrera oso ona izan da eta ohore handia da guretzat. Jende berria ere izango da.

Igandean BERRIArekin batera banatuko da Nora. Zer erantzun espero duzue?

Guk arrakasta handia izatea espero dugu, jendeak aldizkaria baloratzea. Erantzuna polita izango dela espero dut. Diseinua ausarta da. Eskura izango dute irakurleek, eta material ona denez, baita hezkuntzan aritzen direnentzat, harrera ona espero dugu. Euskaldun kulturan Nora-k toki polita dauka.



 


'Bide historikoak Pirinioetan zehar'. Ramon Olasagasti kazetariak Pirinioak ezagutzeko sei proposamen egin ditu Nora-ren lehen zenbakiko artikulu honetan: Enaren bidea, Agoteen bidea, Zumalakarregiren bidea, Mugalarien bidea, Almadien bidea eta Amaiurko gaztelu beltzaren bideak. Argazkiak Santiago Yaniz argazkilariarenak dira. Bideen azalpenaz gain, bertako hainbat kontu eta istorio biltzen ditu, baita informazio gehiago nahi duenarentzat zenbait webgune ere.



 


'Barrundia. Lazarragaren erresuma'. Alberto Barandiaran BERRIAko kazetariak Joan Perez Lazarragaren sorlekuaz idatzi du Nora-ren lehen zenbakian, eta argazkiak Oscar Fernandez argazkilariak egin ditu. Euskara Bidaide izeneko atalean, Barandiaranek hilero euskararekin harreman estua duen toki bat emango du ezagutzera. Lehen zenbakian, Barrundia eskualdeaz gain, Perez Lazarragaren garaiaz eta horrek idatzi zituen eskuizkribuen berri ematen dute, baita datu praktiko batzuk ere.



 


'Oiasso. Irun, 100. urtea'. Juan Luis Landa marrazkigileak K. o. 100. urteko Irun emango du ezagutzera bere marrazkiekin Nora-ren lehen zenbakian, Oiassoko portua eta bertan bizi ziren hainbat pertsonaia. Testuak, berriz, Mertxe Urteaga Oiasso Museoko zuzendariak egin ditu. Marrazkien bitartez argazkiekin ilustratu ezin diren leku eta garaiak irudikatuko ditu Landak tartean behin Nora-n. Lehen zenbakian garbi utzi du historikoak diren uneak eta tokiak irudikatzeko aparteko gaitasuna duela.



 


'Urdaibain barrena'. Zenbaki eta lur atalean Nora-k hilero leku bat zenbaki batekin lotuko du, eta horri tiraka emango du horren berri. Lehen zenbakian Hunberto Unzueta kazetariak idatzi du artikulua, eta Urdaibai zazpi zenbakiarekin lotu du. «Urdaibai deskubritzeko 7 bide kokatuko ditugu zure mapan», dio aurkibideak: Haran sorgindua, Trenez erreserbaren ertzetik, San Pedro Atxarre, Baleazaleen xenda, Kosta lerroa nabigatzen, Itsasadarretik bizikletaz eta Katilotxu gailurra. Argazkiak Joseba del Villarrenak dira.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia