Mikel Laboaren ildorik esperimentalaren ondorio diren abestien bilduma, 'Lekeitioak' izeneko diskoa, plazan jarri du Elkarrek, kantuen bertsio argitara gabeak jasota." />

Berria.info

Astelehena, 2014ko apirilak 21 - 01:27

KULTURA;2007-11-23;Mikel Laboa Barnean sortutako zerbait gustatzen bazait, atera behar dudala uste dut. Mikel Laboaren ildorik esperimentalaren ondorio diren abestien bilduma, 'Lekeitioak' izeneko diskoa, plazan jarri du Elkarrek, kantuen bertsio argitara gabeak jasota.

Mikel Laboa «Barnean sortutako zerbait gustatzen bazait, atera behar dudala uste dut»

Mikel Laboaren ildorik esperimentalaren ondorio diren abestien bilduma, 'Lekeitioak' izeneko diskoa, plazan jarri du Elkarrek, kantuen bertsio argitara gabeak jasota.

Irune berro

Lekeitio

Emeki-emeki igo ditu Lekeitioko udaletxeko eskailerak Mikel Laboak (Donostia, 1934). Mari Sol Bastida emaztearekin iritsi da Bizkaiko kostako herrira. Urduri. Zaila egiten zaio jendaurrean mintzatzea. Eta emazteak halako egunetan behar duen babesa eta beroa ematen dio. Laboaren laguntzaile fina da Bastida, aholkulari nekaezina, jarraitzaile sutsua. Izugarri miresten du senarra duena. Eta hark azaldu dizkie Lekeitioak diskoaren nondik norakoak aurkezpenera bildutako kazetariei.

Laboak 1988an ateratako Lekeitioak disko bikoitza CD euskarrira egokitu du Elkarrek. Eta lan hori aurkeztu zuen musikariak atzo, Lekeition. Ekitaldiak «musikari eta lagun handiak» batu zituen: Xabier Montoia, Ruper Ordorika, Josetxo Silguero, Iñaki Salvador...

Lekeitioak diskoko abestiek Laboaren «esentziarik intimoena» jasotzen dute, Anjel Valdes Elkarreko editorearen aburuz. Eta Bastidak adierazi duenez, Laboak jorratutako «biderik esperimentalaren emaitza» dira.

«Mikelek hiru ildori jarraitu die bere ibilbidean», azaldu du Bastidak; «1962an herri tradizioko abestiak berreskuratzeari eta interpretatzeari ekin zion. Eta 1966an, abesti berriak sortzeari, hemengo eta kanpoko olerkarien lanekin. Poema asko kantu bihurtu zituen. Bere faserik esperimentalena, ordea, 1968an abiatu zuen. Orduan egin zituen Lekeitioak bilduma osatzen duten lehendabiziko kantuak. Adierazpide berri baten bila zebilen. Eta ondorioz, kantu horietan, musikak eta soinuak, keinuek eta mugimenduek indar handia daukate. Abesti esperimental horiek osatutako serieari Lekeitioak izena jarri zion. Ziurrenik, hala ere, Mikelek egin ditu esperimentu gehiago beste disko batzuetan».

Elkarrek oraintsu atera duen diskoan, 1988ko lan bikoitzean jasotako kantuak ez ezik, Laboaren beste pieza batzuk ere azaltzen dira. «1988an atera genuen diskoa epez aurrekoa izan zen, eta seriearen ikuspegi osatuagoa eskaintze aldera bildu ditugu beste kantu batzuk lan berrian», argitu du Bastidak. Ohartarazi du, gainera, Lekeitioak disko berrian ez batzekotan, betiko galduko liratekeela piezetako batzuk, «orain arte ez baitira inoiz argitara eman».

Hala, Baga-biga-higa kantu enblematikoaren hiru bertsio sartu dituzte disko berrian: 1974ko grabazioa, 1992an Iñaki Salvadorrek eginiko bertsio instrumentala eta 1999an grabatutako bertsio sinfonikoa. Halaber, Gernika-ren hiru bertsio dakartza Lekeitioak lan berriak. Lehen bertsioaren bi grabazio; sarrerarik gabea bata, 1976an Suediako Telebistak grabatutakoa, eta 1988ko grabazioa bestea, kantua osorik jasotzen duena. 1999ko bertsio sinfonikoa da hirugarrena.

Lekeitioak izenburupean bildutako abestietan, oro har, ohiko moldeak ekidinez, soinu eta melodiekin tartekatzen diren hitzak azaltzen dira, askotan, haien zentzua galduta, eta keinuarekin eta mugimenduarekin bat eginda.

Piezetako batzuk «Lekeitioko hizkeraren musikalitatea» dutela azaldu du egileak berak. Jendetzatik urrunduta, eta ahalegin handia eginda, zenbait galderari erantzun die Mikel Laboak.

Umetako imaginarioarekin lotzen duzu Lekeitioak diskoa. Zer izan zen zuretzat kantua umetan?

Gure etxean musikarako afizioa egon da beti. Aitak Pasai Donibaneko bandan jotzen zuen. Lekeitio beranduago etorri zen nire bizitzara. Baina zerikusia dauka Lekeitiok disko honekin, hemen egon nintzelako gerra hasi zenean. Bi urtez bakarrik. Baina gerra bukatu eta gero, urtero etortzen ginen hona. Ez dakit nola sortu ziren Lekeitioak, ezta zergatik ere. Baina hori ez zait axola. Barnean sortutako zerbait gustatzen baldin bazait, kanpora atera behar dudala pentsatzen dut, jendeari gustatu edo ez. Inoiz ez dakizu zer zorte izango duten abestiek. Eta horrela hasi nintzen, linea batekin. Ez dago lehenengo Lekeitiorik, zeren Baga-biga-higa da Lekeitio 2. Hasi nintzen zerbait egiten, Julen Lekuonaren bi poema onomatopeikorekin. Eta Baga-biga-higa atera zitzaidan. Beldur nintzen jendeak zer esango zuen. Ez dok Amairuren entsegu batean Lekuonak berak barre egin zuen abestia entzuterakoan. «Jendeak zer esango du nitaz?», pentsatzen nuen. Niri gustatzen zitzaidan baina... Lehenengo aldiz Avilan [Espainia], ikasleentzako antolatutako jaian abestu nuen. Salamancan eta Madrilen zebiltzan euskal ikasleak etorri ziren, eta gustura geratu nintzen. Bigarren aldiz, Bakioko festetan kantatu nuen. Orduan oso ekipo txikia genuen; bi foko besterik ez: eta jende guztia ikusten nuen eszenatokitik. «Xirristi-mirristi» kantatzen hasi nintzenean, barrez lehertu ziren. Horrela hasi nintzen Lekeitioekin. Beste batzuk etorri ziren gero.

Baga-biga-higa kantua 1969koa da. Ia berrogei urte igaro dira sortu eta jendaurrean aurkeztu zenuenetik. Ordutik nola aldatu da publikoa? Zure kantaerara ohitu da?

Baietz uste dut. Baina uste dut kritika sakonik ez dela egin kantuez. Batzuei asko gustatzen zaizkie. Roy Hart antzerki zuzendaria ezagutu nuen. Ordurako eginak nituen Lekeitio batzuk. Ahozko adierazmena ikasi zuen berak. Eta gorputzarena. Eta hark irakatsitako lerro horri jarraitu nion abestiak egiteko. Ez nien izenbururik jartzen abestiei. Beranduago jartzen nien. Batzuetan Lekeitio zirenik ere ez nekien. Denborarekin ikusten nuen garbiago. Horrela joan dira sortzen Lekeitioak, poliki-poliki.

Urratzailea izan zara, baina horretarako ez duzu jo Euskal Herritik kanpokora. Herri kulturan oin hartu duzu abestiak osatzeko, hitzak eta haien musikalitatea ikertzeko.

Fonetika eta gorputz adierazmena interesatu zaizkit beti. Horren barruan sartu nintzen. Eta horren barruan sartuta sortutako abestiei izenburua jartzen nien gero; Komunikazio-inkomunikazio abestiari Lekeitio 5, Orreaga-ri Lekeitio 6 eta horrela... seriea osatu arte.

1988an atera zenuen Lekeitioak diskoa. Hogei urteren ondoren, nola bizi dituzu kantu horiek? Zer sentiarazten dizute?

Ez dakit. Entzun ditut behin baino gehiagotan. Baina une honetan galdetzen badidazu zein Lekeitio gustatzen zaidan gehiago, ez dakit erantzuten. Orain famatua da Baga-biga-higa. Baina asko daude. Bat sortu nuen Atxagak El País-en idatzi zuen Un vasco cherokee cuenta su vida artikulua irakurri ondoren. Hor sartu nintzen, artikuluan. Eta abestia egin nuen. Batzuetan kostatzen da, ez da erraza. Nik uste dut hizkuntza bakoitzak bere adierazkortasuna duela, fonetika aldetik eta gorputz aldetik.

Lekeitioak adierazkortasun horren bila egindako serie esperimentala da?

Nik uste dut horren bila nindoala. Tira, bila ez. Seriea atera den zerbait da. Nola ateratzen den beste gauza bat da. Ni ez naiz kritikoa. Kritikak beste batzuek egin behar dituzte. Aspalditik serie batekin nabil, Obabakoak. Baina ez dakit egingo dudan, nola egingo dudan edo ez dudan egingo.

Zure emazte Mari Sol Bastidak diskorako idatzitako testuak dio utopia baten bila eginiko bilduma dela Lekeitioak.

Ez dut uste. Utopian baino gehiago, metahizkuntzan sartzea da, barneratzea. Hizkuntza konbentzionaletik aparte badago komunikatzeko beste bide bat. Dena ez da norbaitekin aurkitu, eta «zer eguraldi polita egiten duen» esatea. «Eup!» edo beste zerbaitekin gauza asko komunika daitezke. Irrintzi batekin, adibidez.

Abentura honetan ere Bernardo Atxaga eta Jose Luis Zumeta izan dituzu bidelagun. Zer dira zure ibilbidean Atxaga eta Zumeta?

Zumeta nire laguna da. Eta disko bat atera dudan aldi bakoitzean, berarengana jo dut, «hau daukat» esanez. Disko honetan bezala, inoiz ez dakizu Zumetak zer egingo duen.

Gizon bakartia gerrontzi batean jarri dio izenburu azalerako egin duen irudiari. Zuri buruz ari da. Zer iruditzen zaizu? Zer esaten dizu izenburu horrek?

[Barre egin du]. Ez dakit. Berak pentsatzen du pixka bat ausarta izan naizela. Ez diot galdetu. Inoiz ez diot galdetzen. «Hau daukat», esaten diot nik, eta berak irudia egiten du horrekin. Batzuetan sustoak hartzen ditu Mari Solek. «Ai ene!», esaten du irudiak ikustean. Niretzako zoragarria da Zumeta.

Zure kantuetan aurki daitekeen giroa Zumetaren obretan nolabait antzeman daitekeen horretatik gertu dago? Lotura dago zure musika eta Zumetaren artelanen artean?

Batzuetan posible da egotea. Ez da lotura hori bakarrik. Berak bere kasa egiten ditu gauzak. Kasu honetan, Gizon bakartia gerrontzi batean egin du. Irudi hori ez nuen espero, inondik inora. Komiki bat ematen du. Indar handia dauka, nire ustez.

Eta Atxaga zer da zuretzat?

Atxaga oso idazle ona da. Bere poemekin kanta batzuk egin ditut. Eragina dauka niregan. Ez bakarrik Atxagak, olerkari handiak daude Euskal Herrian. Bernardo eta biok lagun onak gara.

Sortzen eta kantatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Bai. Ez dut utzi. Ahotsak baimena ematen badit... Momentu honetan impasse batean nago.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia