'Control', Ian Curtisen bidaia
X.M
Donostiako Zinemalditik bero-bero dator Control, Anton Corbijnek Joy Division musika taldeko bokalistak Ian Curtisi ateratako argazkia. Baionako L'Autre aretoan jatorrizko bertsioan ikusteko aukera dago berriro.
Post-punk ingelesaren ikono izandakoaren azken urteak ditu oinarri lanak, Ian Curtisek 1980an bere buruaz beste egin zuen arteko kontakizuna. Taularen gainean Curtisek erakutsitako talentua islatzen du zuzendariak, Sam Riley aktorearen bidez, baita musikagilearen epilepsia krisiak eta bestelako pasadizo ilunak ere. Label Europa Cinema eta Gaztediaren Saria lortu ditu Cannesen, eta Donostian ere (Zabaltegin eman zuten) harrera ona izan du, komunikabideen arreta handirik lortu ez bazuen ere.
GRISARIK EZ CURTISENTZAT. Emazteak idatzitako liburuan oinarritu da Anton Corbijn, punkaren ondorengo ikono izatera iritsi zen abeslariaren arima biluzi, eta gero, jendeari aurrean ahalik eta zuzenen jartzeko.
Corbijnen filmean 1973ra jauzi egiten du ikusleak bat-batean. Koloreek ihes egin dute pantailatik, zuria eta beltza geratu arte. Joy Divisioneko liderrak ere ez zuen grisa ezagutu, bizitzaren edo heriotzaren aukera besterik ez zuen ikusten.
Ian Curtisek gorroto hitza zeraman bizkarrean hizki handiz. Hain zuzen, bere burua da gehien gorroto zuena, eta horren aurka ezin zuen ezer egin. Halaxe islatzen da Control-en.
Beste hainbat musika ikonoren antzera, gazteegi egin zuen dena. Gazteegi ezkondu, eta gazteegi haurra eduki. Alabarekin ez zuen harremanik eduki, kamerak horrela erakusten du. 23 urterekin hil zen, bizitzak itota. Ez zen kontrol hitzaren lagun, eta bidesari garestia ordaindu zuen.
Nolanahi ere, Ian Curtis gogoratzeko lan ederra da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
