Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:15

KULTURA;2007-08-31;SORKUNTZAZ BESTE (IV). «'Hunkigintza' da gure lana». Nondik abiatzen da artista? Zer eragin dute haren sorkuntza lanean sorkuntzaz besteko faktoreek, faktore ekonomikoek, sozialek, afektiboek, sexualek...? Zer eragin du publikoaren erantzunak, arrakastak edo porrotak? Kantu bat sortzean egoera pertsonalak kantu horretan eraginik ez izatea «seinale txarra» litzateke, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko kantariaren ustez. GORKA URBIZU

«'Hunkigintza' da gure lana»

Gorka Urbizu -

Nondik abiatzen da artista? Zer eragin dute haren sorkuntza lanean sorkuntzaz besteko faktoreek, faktore ekonomikoek, sozialek, afektiboek, sexualek...? Zer eragin du publikoaren erantzunak, arrakastak edo porrotak? Kantu bat sortzean egoera pertsonalak kantu horretan eraginik ez izatea «seinale txarra» litzateke, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko kantariaren ustez.

Jon Benito

Lekunberri

Ostiral arratsaldea, Lekunberrin. Argazkilariak trenbide abandonatuaren errailen gainean eserarazi du Gorka Urbizu (Iruñea, 1977). Klik. Berri Txarrak taldearekin Europan zehar egindako bira amaituta, atseden hartzeko asmoa du. Helmugan dago trena.

Aralar mendikatea leihotik. Itoitzen kantuek hartu dute geltoki zaharreko kantina berria.

Gorka Urbizuk zera dio: «Ez gara ezeren enbaxadore, baina hortik zehar gabiltzanean euskal musikaren lagin bat gara. Gure musikak, hemen eta han, jendea hunki dezakeela ikusi dugu».



Nondik abiatzen zara? Letrak bultzatzen zaitu, ideiak, melodiak...

Ezberdina da kantua edo diskoa egitea.

Kantua egiterakoan nahiko musikala naiz, ondorenerako uzten dut letra. Zaila da gero bata eta bestea bereiztea, baina musikaren hezurdura egiten dut lehenik, eta hezurdura instrumentala amaitzean hasten naiz melodia eta letra sartzen. Musikak eramaten nau letrara, eta ez alderantziz.

Ez bada enkarguzko kantu bat. Orduan letra izaten dugu lehenengo, eta letra horri musika jarri behar izaten diogu.

Baina, ohikoan, orain artean behintzat, musikak agindu du.

Kantua egiteko orduan pentsatzen duzu entzuleengan? Gustatuko zaien edo...

Kontuan hartzen ditut, baina gehienetan zirikatzeko, ez euren gustuak betetzeko. Diskotik diskora entzulea zerbait berria entzutera bultzatzen saiatzen gara. Eskatzen dutena ez, beste zerbait eskaintzen diegu. Bide horretatik, musikariak entzulearen aurretik joan behar duela iruditzen zait: musikariak entzulearengan eragin behar du, eta ez alderantziz.

Galdera entzulearentzat idazten dudan baldin bada, erantzuna ezetz da. Hori argi daukat. Behin kantua amaituta, ordea, entzuleek kantua nola hartuko duten pentsatzen dut: erronka modura, kritika modura baino gehiago.

Entzulea behartu egin behar dugula iruditzen zait. Hedabideek entzulea musikalki hain gutxi hezten duten garaiotan, musikariok akuilu lana egiteko erantzukizuna daukagu. Musika sinplifikatu egiten da bestela: jendeak betikoa entzuten du eta betikoa espero du. Apurtu egin behar da dinamika horrekin.

Zer eskatzen diozue kantu bati?

Transmisioa da kantuaren funtsa. Oso zorrotzak gara horretan. Hezurdura instrumentaletik abiatzen garenez, hitzik gabe ere kantuak zerbait esan behar digu, barruan zerbait ukitu. Eta horretan gaudela, adierazten zaila den arren, guk oso garbi ikusten dugu kantuak zerbait esaten digun ala ez.

Sortze prozesua magikoa da. Joaquin Sabinari irakurri nionez, kantu on batek, soinu ona, letra onak, konponketa onak, eta, gero, inork definitzen ez dakien, baina garrantzitsuena den eta arima dei genezakeen zerbait behar du. Baleko kantu asko entzuten dira hortik zehar, baina zaila da arima duten kantuak topatzea. Eta horiek dira kantu handiak.

Lekunberriko tabernetan 40 latino kanala jartzen dute telebistetan. Kantuak edo kantuen melodiak telebista eta irratiek milaka aldiz errepikatzen dizkigutelako ezagutzen ditugu, baina guk 40 latino-ren antzeko azpiegiturarik ez dugunez, jendea hunkituz lehiatu behar dugu irrati eta telebistako kantuekin. Hunkigintza da gure lana.

Alde horretatik, beti egongo gara stablishment-etik aparte dagoen eszena alternatiboarekin zorretan, horiei esker kontzertu asko eta asko eman ditugu.

Kantua egiten amaitzen duzuenean, nola entzuten da kantua?

Kantua bukatutzat emateko, taldekide guztiok gustura egon behar dugu emaitzarekin. Gustura geratu arte bueltak eta bueltak ematen dizkiogu. Baina oso ezberdina da kantua egin berritan eta urtebete edo ehun kontzerturen ondoren entzutea.

Hainbeste aldatzen da kantuarekiko harremana?

Diskoa ateratzen denean, biluzik nagoelako sentipena izaten dut.

Musikaria etengabe galderak egiten ari da, bere ezinegona kantuetan jarriz. Entzuleak kantu bat bere egiten duenean, zuk, sortzaile modura, kantuarekin zeneukan buruz buruko harreman hori galdu egiten da apur bat, baina, noski, horrek badu bere alde ona ere: sentipen berezia da jendeak zure mezuarekin bat egiten duela ikustea. Ez zaudela bakartuta, zerbaiten parte zarela sentiarazten dizu.

Musikari guztiek nahi dute entzulearen oniritzia izan, eta kontrakoa dioenak gezurra dio. Publikoaren oniritzia, entzulearekin duzun feedback-a, beharrezkoa da.

Baina horrek ez du, lehen esan dudan moduan, sortzen duzuna publikoari begira sortu behar duzunik esan nahi.

Disko gehiago edo gutxiago saltzea, ordea, ez da gutxietsi beharreko faktore bat. Salmenta eskasak izateak izan dezake eraginik industrian, eta industriak, sortzeko moduan...

Bai eta ez. Egungo galdera musikan industriarik badagoen da. Oso egoera arraroan gaude: musikaren industria gain behera dator. Egia da salmentak eragina duena. Oso zifra txikietan mugitzen gara Euskal Herrian musika egiten dugun taldeak: bi mila edo lau mila ale saldu diferentzia handia da. Asko-asko saltzen duen talde batentzat bi mila gehiago edo gutxiago saldu ez da ezer agian, baina bi mila saltzen dituen batentzat, berdina ote da bi mila ala bostehun saldu?

Edo, gure kasuan: hamar mila edo bost mila saldu, agian ez dugu dirurik hurrengo diskoko grabaketa nahi dugunarekin nahi bezala egiteko, edo promoziorako... Hala eta guztiz ere, gu behintzat, salmenta kontuez bazterrera geratzen gara.

Joaten zara beste taldeen kontzertuak ikustera? Entzuten dituzu beste musika taldeen diskoak?

Jaio. Musika. Hil. argitaratu genuenean, sarritan galdetu ziguten zer dela-eta jarri genion titulu hori diskoari. Kontzeptua irekia zen, baina musikaren bueltan musikari inolako baliorik ematen ez dion jende asko dabilela esan nahi genuen. Diskorik erosten ez duten, beste taldeen letrarik irakurtzen ez duten, kontzerturik ikusten ez duten musikari dezente ezagutzen ditut.

Musikaria banaiz, musikarekiko pasio bat dudalako naiz. Niretzat, musika egitea ondo dago, baina beste talde eta bakarlarien diskoak entzun eta kontzertuak ikustea ezinbestekoa da.

Eta beste taldeen ondoan, nola ikusten duzu zurea?

Zaila da beste taldeak naturalki edo inozentziaz ikustea. Orain kontzertu bat ikusten dudanean ez nago lehen lerroan saltoka. Ez nago analizatzen ere, baina gauzei begira nago, gozatzen ez ezik, beste taldeek egiten dutenetik ikasten.

Gustatzen zait kanpoko eszena bezala hemengoa ere jarraitzea.

Kantu bat egitean nola eragiten dizu egoera pertsonalak?

Eragiten dit, eta eragiten ez badit, seinale txarra. Kantuek, ez dakit zenbateraino lortzen dugun, gure egoera animiko eta sozialaren ispilu izan beharko lukete. Berri Txarrak taldearen kasuan behintzat, beharrezkoa da ezinegon puntu bat kantuak idazteko.

Sosegutik aldentzen gaituen guztia garrantzitsua da. Gure kasuan, asko laguntzen digu haserre, bakarrik edo triste sentitzeak, ezinegon eta deserosotasun puntu bat beharrezkoa baita sormenerako.

Pertsonalek ez ezik, gertakari sozial eta politikoek ere eragingo dute, ezta?

Rockak behar du ludikotik eta aisialditik ere; baina gu gertuago gaude rockak mezu bat zabaldu eta gauzak ezbaian jartzeko balioa duela uste duen ikuspegitik. Euskal Herrian, gainera, dena oso politizatua dago, eta estigmatizatuta gaude nolabait. Baina hemengo gertakariez abestea bezala, isiltasuna ere hautu politikoa da. Gure ingurukoari buruz aritzen ez denari daukagunarekin konforme dagoela esan nahi ote duen susmoa hartzen diot batzuetan. Alde horretatik, Rise Againsteko Tim Mc Ilrath gure lagunak esandakoarekin bat nator: «If you're not feeling angry, then you're not paying attention» («Haserre ez bazaude, adi ez zaudelako da»).

Inoiz eta behin Bide Ertzean-ek kantu hartan zioena ere - «Gaur ez daukat manifesturik»- sentitu izan dugu, eta horrekin, betiko gaiak ez direnei buruz idazteko beharra. Baina bestetan gure bozgorailuak aprobetxatu behar ditugula uste dut, besterik ez bada gauza askorekin ados ez gaudela esateko, edo egia ofizialaren ifrentzua agerian uzten saiatzeko. Izan ere, geuk esaten ez badugu, nork esango du? Hori da euskal egile askoren barne gatazketako bat.

Baina ageriko konpromiso horrek zentsura ere ekarri du ordainetan. Zenbateraino galarazten du garapen artistikoa aukera politiko baten alde agertzeak?

Euskal Herrian gertatzen denaz iritzi bat izan eta gure kantuetan politikaz aritzen garen arren, gu ez gara talde politiko bat.

Euskal musikariok jasandako zentsura euskal munduari egiten zaion beste zentsura handiago baten atal moduan ulertu beharra dago. Alde horretatik, guk argi dugu ez dugula zentsuraren publizitaterik egin nahi. Jazarpen hau planifikatu dutenek ez dute gure hitz erdirik ere merezi, eta, horrexegatik, guk geurea egiten jarraituko dugu, datorrena datorrela, autozentsurarik gabe.

Dena den, ez duzu Madril, Galizia edo Valentziara joan beharrik. Nafarroan bertan ere zeharkako zentsura pairatu izan dugu: euskara hutsean abesteagatik zenbait hedabidek ez digute sekula kasu zipitzik egin. Nafarroako komunikabideentzat rocka Barricada eta Marea dira, eta egia da, horiena ere Nafarroan egindako rocka da; Berri Txarrak, Leihotikan edo Sexty Sexers, ordea, ez dituzte «eurenak» bezala ikusten. Ghetto fenomeno moduko bat dago, batez ere hizkuntzarengatik, baina, esango nuke hiriburukoak ez izateagatik ere badela.

Euskal kulturan dagoen gipuzkoazentrismoaren antzeko zerbait, nahiz, agian, horren agerikoa ez izan. Euskarazko komunikabide gehienak Gipuzkoan daude, eta batzuetan gainerakoak herrialde sateliteak direla ematen du. Begira bestela zer arreta eskaintzen zaien Lapurdiko edo Arabako taldeei... Lan bikoitza egin behar izaten dute beste batzuen oihartzunaren erdia lortzeko.

 

Adierazi beharra



Berri Txarrak taldeko abeslaria: Gorka Urbizu (Iruñea, 1977). Taldearen izen bereko diskoa kaleratu zuten 1997an. «Horregatik kanta bihurtzen da / barrua kanporatuz /sentimenen komunikabide / hitzen adierazpide / adi eta entzun. // Sentitzen dudana / adierazi beharra / bizitzen dudana / adierazi beharra.//». Bigarrenarekin Ikasten (1999). Hirugarrena xuxurla eta oihu, gozo eta latz: Eskuak / Ukabilak (2001). Gero, Libre (2003).

Mikel Lopez baxuan eta Aitor Goikoetxea baterian. «Eta isiltzen banaiz / ez da hitzik ez dudalako» abesten du Jaio. Musika. Hil., oraingoz azkena duten lanean.

Isilik ez. Elkarrizketan edo kantuan. Oihuka.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia