Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:15

KULTURA;2007-08-02;Bizipenak hizkuntza naturalera . Duela hamar urte, gaurko egunez, zendu zen William Burroughs eleberrigilea, saiakeragilea eta gizarte kritikaria; egin zituen lan gehienak bere bizitzari lotutako gaien inguruan izan ziren.

Bizipenak hizkuntza naturalera

Duela hamar urte, gaurko egunez, zendu zen William Burroughs eleberrigilea, saiakeragilea eta gizarte kritikaria; egin zituen lan gehienak bere bizitzari lotutako gaien inguruan izan ziren.

Beñat zamalloa

Donostia

Junky (Drogazalea) eta Queers (Gay eta lesbianak) izan ziren egin zituen lehen lanetako bi. Izenburuek azaltzen dute liburu bakoitzaren gaia. William Burroughsen (AEB, 1914-1997) bizitza gidatu zuten gaiak dira biak; drogazalea eta gay baitzen idazle estatubatuarra.

Bi anaietan gazteena izan zen Burroughs, diru arazorik gabeko familia batean. Azken horretan, izan zuen eraginik, izen bereko aitonak batuketak egiteko makina asmatu izanak. Ama, Laura Hammon Lee, ministro baten alaba zen, eta aita, Perry Burroughs, zaharkien eta oparien denda baten jabea zen.

Harvard unibertsitatean (AEB) artea ikasi zuen. Bertan, New Yorkeko gay eta lesbianen mugimendutan murgildu zen. Arte ikasketak amaituta, Harvarden antropologia eta Vienan (Austria) medikuntza ikasten hasi zen; nahiz eta, ez amaitu ez bata zein bestea. Austrian ikasi zuen garaian, Ilse Klapper Alemaniako nazismotik ihesi zebilen judutarrarekin ezkondu zen AEBetan sartzeko baimena lor zezan.

Pearl Harbor gertatu eta gutxira AEBetako armadan aritu zen. Jaioterrira itzuli beharra izan zuen gerrak sortu zizkion arazoengatik. Orduan jaioterrian zituen lagun estuenek New Yorkera jo behar zutenez berak ere hautu hori egin zuen.

New Yorken, 1944an, Joan Vollmer Adamsekin eta bere bi lagunekin partekatu zuen pisua. Garai honetan hasi zen Burroughs drogak kontsumitzen eta saltzen. Atxilotu ere egin zuten drogengatik. Vollmer ere drogak hartu zuen. Idazlea Ilse Klapperrengandik banandu eta Vollmerekin ezkondu zen eta semea izan zuten. Mexikon, mozkor, Vollmerek buruan zuen edalontzia tiroz apurtu nahian zebilela tiroa huts egin eta emaztea hil zuen.

40ko hamarkadatik aurrera munduko hainbat herrialdetik ibili zen bidaian, hala nola, Frantzian, Erresuma Batuan, Mexikon, Marokon.



LEHEN LANETATIK, TRILOGIA GORRIRA. William Burroughsen lehen lanak egiturari linealak izan ziren, berrikuntza handirik gabekoak egiturari dagokionean. Gaiari dagokionean, ostera, berritzaileak izan ziren. Burroughsek Mexiko Hirian eta Hegoamerikan egin zituen egonaldien gainean idatzi zuen. Drogak eta homosexualtasuna dira Junky (1953), Queers (1953) eta The Yage Letters (1963) idazlanen gaiak. Lehen bi lanak 1953an idatzi bazituen ere, hurrenez hurren, 1977ra arte eta 1985era arte ez ziren argitaratu gaiengatik.

Cut-Up aroa izan zuen, 50eko hamarkadaren erditik, 60eko hamarkadaren erdira arte. Aro honetan, esperimentatzen aritu zen, arau sintaktikoak eta semantikoak apurtu nahian. Hori horrela, Tangeren, Parisen eta Londresen idatzitako egunerokotasunaren inguruko idazlanak hartu, zatitu, fikziora bihurtu eta collageak egiten zituen. Teknika horren fruituak dira, besteren artean: Naked Lunch (1959), The Soft Machine (1961), Nova Express (1963) eta The Ticket That Exploded (1962). Liburu horiek ageri diren urteetan idatzi bazituen ere beranduago argitaratu ziren, batzuetan, gaiagatik; eta beste batzuetan, editoreek ez zutelako idazlearen lanak argitaratzerik nahi izan.

Esperimentatzen jarraitu zuen aurreko aroa amaitu eta 70eko hamarraldiaren erdira arte; oraingo honetan, berriz, nahasmendua ere batu zitzaion. Gai politikoen inguruan, gehiago idatzi zuen aro honetan. Idazlanez gainera, filmetan eta soinuen grabazioetan ere aritu zen. Garai honetako lanik entzutetsuena The Wild Boys (1971) izan zen.

Burroughsek hizkuntzaren arauak hausteko ahalegina ibilbide guztian egin zuen. Idazlearen arabera, hizkuntzak pertsonen naturaltasuna apurtzen du, eta beste unibertso bat sortzen du. Ideia horretatik ihes egitean, hizkuntzaren arauak hausterakoan testuak irakurlearentzat ulergaitzak izatea ekarri zuen, hasieran. Helburura gerturatuz joan zen, eta 70eko hamarkadaren erdialdetik 80koaren erdialdera bitartean idatzi zuen The Red Night Trilogy trilogian lortu egin zuen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia