Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:20

TARTEA;2007-06-23;BLOGARIA. «Gauean zer idatzi pentsatzen ari zaren bitartean, ahaztu egiten zaizu pixka bat mundua ze desastre dabilen». PATXI IRAETA 'TRAPERO'

Patxi Iraeta 'Trapero'

Blogaria

«Gauean zer idatzi pentsatzen ari zaren bitartean, ahaztu egiten zaizu pixka bat mundua ze desastre dabilen»

aritz ibañez

Urretxu

Patxi Iraeta goizez. Patxi Trapero gauez. Drag queen-a? Ez. Udaltzaina ofizioz, blogaria afizioz. Batez ere afizioaren kontura da ezagun. Euskal blogosferaren aitzindarietako bat dugu.

Zergatik Trapero ezizen hori?

«Egunez trapu biltzen, gauean dantzan lehertzen, beti umore onean dugu pasatzen», dio Iparragirreren Trapu zaharrak kantuak. Alegiako Ramon Batista izeneko trapero hark tipo eredugarria ematen zuen.

Eta nolatan trapero bat euskal blogosferako guru?

Bere burua gurutzat daukana, artaburua seguru. Baina edozeinen iritziak oso aintzat hartzen ditut, eta zureak zuhurtasun handikoak iruditzen zaizkit. Nire azpiguru izendatzen zaitut.

Google-n Patxi Trapero idatzi, eta hamar mila sarreratik goiti agertzen dira.

Rolling Stones-en hasierak seguru gogorragoak izan zirela. Laster kamisetak aterako ditut... Egia esanda, arrastorik ere ez zer adierazten duen kopuru horrek. Nire ustez, Google-ko ingeniariek ere ez dakite nondik nora ateratzen diren horrelako emaitzak. Ikertzen ariko dira, seguru.

Zenbat blog kudeatzen dituzu egun?

Dozena erdi-edo baditut, baina oso aita txarra naiz. Mundura ekartzen ditut, baina erdi abandonatuta izaten ditut gehienak. Egunen batean metodiko izatea lortzen badut, merezi adina atentzio eskainiko diet, eta neure buruarekin lasai geratuko naiz.

Sei blog dituzu, beraz. Udaltzaina zara zure herrian, eta horrenbeste lan blogekin. Egia da funtzionarioek aisialdirako tarte handia duten mito hori?

35 ordu astean pagotxa polita da, bai. Nekatu ere tamainan, eta kobratu dezente. Zergatik kexatzen ote gara gu horrenbeste?

Zertarako balio dute blogek?

Gehienbat, zure inguruari begiratzen ikasteko. Beste abantaila asko ere baditu, noski. Adibidez, gauean zer idatzi pentsatzen ari zaren bitartean, ahaztu egiten zaizu pixka bat mundua ze desastre dabilen. Toki askotara heltzeko modua ere eskaintzen dizu. Zeinek esango zidan niri Bernardo Atxagak goizero nire bloga irakurriz gosalduko zuela? Broma da, noski. Broma da?

Blogari izateak ez al dakar ezinbestean exibizionista samar izatea?

Denok exibitzen dugu geure burua etengabe. Blogaren bidez beste dimentsio bat hartzen du kontuak, hori egia da. Esaten duzun guztia zizelkatuta geratzen da, edozeinek edozein momentutan erabili ahal izateko. Bere buruari garrantzia ematen dion jendea entretenigarria da oso, edonola ere. Aspertzea gauza txepela da, blogariok mesede handia egiten diogu gizarteari.

Eta irakurlerik ez bazenute?

Hori tristea litzateke gero. Indiferentzia da gizakiak sufri dezakeen sentimendurik ankerrena. Zorionez, oso berdintsuak gera gizakiok elkarrekin, eta oso erraza da zure moduko espezimen arraroak aurkitzea. Irakurleak beti izango dira. Etsaiek ere oso gustura irakurtzen gaituzte.

Zer zen euskal blogosfera duela 5 urte?

Ba, lau katu ginen. Endogamiarako arrisku handiagoa zegoen. Hala ere, nola gutxi ginen, trapero sastar batentzako jenioen aldamenean sentitzea ----Xabier Mendiguren, Markos Zapiain, Julen Gabiria---- gauza betegarria zen.

Eta orain?

Orain Corte Ingles-en antza handia du euskal blogosferak. Aukera asko, zerekin entretenitu ugari... Blogak ere, gero eta aberatsagoak, kudeatzen errazagoak... Eta hau hasi besterik ez da egin. Gero eta lotsagabeagoak izango gara euskaldunak geure burua erakusteko garaian, eta horrek mesede baino ezin digu egin orokorrean, orain garen baino sueltoagoak izango baikara. Jaiotza tasak gora egingo du, zalantzarik gabe, hemendik gutxira.

Gauez idaztea gustuko omen duzu.

Bai horixe. Gauez zaratarik ez. Isiltasuna, flexoaren argi intimoa... Kostata abiatzen naiz oherantz. Begi zulo handiak erakusten ditut goizean. Eskerrak Anne Igartiburu ez naizen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia