Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:15

TARTEA;2007-05-24;Hoe he é nalu edo arraun surfa. Diziplina zahar eta aldi berean berria da arraun surfa. Euskal Herrian ere praktikatzen hasi dira. LAIRD HAMILTON. Surflaria. 'Ez dut ohol batean gehiago etzan nahi, nire bilakaeran atzera egitea litzeteke eta'.

Hoe he é nalu edo arraun surfa

Diziplina zahar eta aldi berean berria da arraun surfa. Euskal Herrian ere praktikatzen hasi dira.

Marcelo Díaz

Zarautz

Interneten Laird Hamiltonen gaineko informazio bila hasiz gero, datu zaparrada bat agertzen da planeta guztian egin dituen balentriei buruz. Uretako gizona, zernahitan ibiltzen dena: surflaria da, windsurflaria, kite surflaria, tow-in-aren aitzindaria eta abar eta abar, baina gaur egun, arraun surfari emana dago. Euskal Herrian orain dela berrogei urte hasi zen surfaren historia, surf ohol bat Miarritzera heldu zenean. Surfa, Hawaiitik iritsi (AEB), eta berehala zabaldu zen kontinente guztian. Euskal Herriak opari hori hartu zuen Hawaiiko kulturatik, eta hemendik sartu zen Europa zaharrean.

Kasualitatea ote? Berrogei urte igaro eta gero, Laird Hamilton, antzinako kultura horrek XXI. mendean duen enbaxadorerik handiena, Euskal Herrira etorri da hoe he é nalu edo arraun surfari dion maitasuna erakusteko, Oxbow kirol jantzi dendari esker. Iaz, Hamilton arraun surfean aritu zen Lapurdin -Getarian eta Donibane Lohizunen- eta Gipuzkoan -Getarian-. Hotsak honela ziren: superatleta horrek 12 oineko ohola ekarri zuela (3,60 metro), arrunt zabala, eta arraun bat. Europan sekula ikusi gabea.



IPAR-HEGO. Euskal Herrian itsas-hautsi eta magia nahikoa bazegoen horrelako opari batek eragina izan zezan. Segituan, bi kirolarik heldu egin zioten arraun surfari: Peio Lizarazuk Iparraldean, eta Ibon Amatriainek Hegoaldean. Laird Hamiltonek oparia ekarri, eta haiek hartu. Hamilton aurten ere etorri da.

Hemen izan den bitartean, eguraldi txarra egin du, edo udaberriko eguraldia. Galiziako haizea egun batean bakarrik izan da: Hamilton Zarautzera joan den egunean. Haizea nekatu egin da, atertu egin du. Eguzkia atera da, gaur ilargi betea. Marea biziak. Hego haizea dabil, eta olatuak harrotzen ari dira historiako goiz batean. Hamiltonek eta Amatriainek bainu bat hartu dute elkarrekin Zarautzen. Indarra bete-betean dago. Bainatutakoan, hondartzan bertan kontu kontari, Hamiltonek duda asko argitu du diziplina zahar baina aldi berean berri horri buruz. Ibonek surfean segitu du; Hamiltonek ohola preparatu du eta, haur baten gisan, probatzen ibili da, haizea berriz ere jotzen hasi den arte.

 

«Ez dut ohol batean gehiago etzan nahi, nire bilakaeran atzera egitea litzateke eta»

Laird hamilton - Surflaria

Arraun surfaz erabat maitemindu da Hamilton, eta surfari gailenduko zaiola iragartzen du.

marcelo diaz

Zarautz



Noiz ikusi zenuen lehen aldiz hoe he é nalu edo arraun surfa? Nola nahiago duzu deitzea?

Arraun surfa, errazago ulertzen baita. Hoe he é nalu Hawaiin esaten diote. Hoe arrauna da, eta he é nalu surfa. Arraun surfa esaten diogu. Lehen aldiz Waikikin ikusi nuen, orain dela 25 urte baino gehiago. Hura ez zebilen olatuetan; arraunean ari zen, baina surfean egin gabe. Pertsona hura besterik ez nuen ikusi, eta pentsatu nuen neure artean: «Interesgarria izango duk olatuekin saiatzea».

Beharbada, garai batean Hawaiin saiatu izango ziren.

Bai, noski. Milaka urte ditu diziplina horrek, eta, nahiz eta sekula ez dugun ikusi, badakigu izan izan zela, zaude ziur.

Peruko totorazko ontziak izango dira horren jatorria? Haiek ere zutik egiten zuten arraunean.

Tunisian eta Israelen ere zutik egiten zuten arraunean kanoetan, eta Ameriketako aborigenek ere bai. Oso aspaldikoa da, eta naturala.

Uruguain, 20 txarrua -hango amerindiarrak- joaten ziren 40 oineko kanoan , zutik. Oso aspaldikoa da, eta indar handikoa. Hemen, Nafarroan, almadietan zutik jaisten ziren ibaian behera.

Badakigu kultura askotan zutik ibili direla ontzietan, hobeto ikusten delako, goragotik.

Nolatan zaude ia erabat arraun surfari emana? Ez dakit bazter batean utzi duzun tow-in-a, baina orain arraunarekin zabiltza. Zergatik?

Etorkizuna horixe delako. Jende askok egin dezake. Zure aitak zutik jartzea lortu zuen errekan, surfean jakin gabe ere, eta arazorik gabe abiatu zen arraunean. Aintziretan ere egin dezakezu, eta emakumeek oso gogokoa dute, baita haurrek eta nagusiek ere.

Guztientzako modukoa da, baina zu ikusirik esan dezakete: «Tira, Lairdek egin dezake, jakina. Baina nik ere bai?» Tow-in-a ez da guztientzako modukoa, baina arraun surfa bai?

Tow-in-a horretan asko ibilitakoentzat da. Olatu bereziak behar dituzu; oso gauza berezia da. Tow-in-ean egin duguna elite berezi batentzat da. Baina arraun surfa ona da bai asko ibilitakoentzat eta bai amateurrentzat, denentzat. Izugarri gustukoa dut, eta horregatik eman dut horretan ia denbora guztia. Hainbeste maite dut, ez dut beste ezer ere egin nahi. Ez dut ohol batean gehiago etzan nahi, nire bilakaeran atzera egitea litzateke eta. Ohola hartu, arrauna hartu, uretara, eta tzast-tzast; neu aski naiz, surfean ez bezala. Surfaren erroetara itzuli naiz. Oso gauza handia izango da, surfa baino handiagoa. Jende guztiak du gustukoa.

Zu iaz hemen izan eta gero, Zarautzen ikusi genuen lehena Ibon Amatriain izan zen, tandem ohol batekin, arraun egokitua zuela. Iazko ekainean 20 egun izan ziren olaturik gabeak, eta Ibon ez zen batere gelditu: arraunean eta arraunean.

Arraun surfarekin, diziplina asko egin daitezke, eta hori gustatzen zait gehiena. Surf egin dezakezu, bai, baina arraun egin dezaket badian barrena. Colorado ibaian behera jaitsi nintzen (AEB). Ur-lasterretan ibili nintzen, eta joan zaitezte aintziretara, edozein tokitan baita ona.

Esate baterako, manta-arraiak ikusi ditut nik zutik egonda, Uruguaiko harkaitz batzuetan.

Etzanda zaudenean, ura ezin ikusi duzu. Bizi guztian ibili naiz surfean, eta sekula ez nuen ikusi orain arraun surfean ikusten dudana.

Arraun surferako 20 bat ohol izango dituzu.

Eta gehiago ere bai. Diseinu horiek guztiak lantzen aritu naiz jendearentzat, ez surflari onentzat bakarrik, baita arraunean aintziretan ibiltzen direnentzat ere. Zure aita errekan aritu zen bezala.

Eta ni, zera, ez nintzen ausartzen aitarekin ibiltzen meniskoak ez dauzkalako ondo... Baina esan zidan probatu nahi zuela, eta erantzun nion: «Kontuz ibili; proba ezazu». Ur ertzean zutik jarri, eta arraunean hasi zen. Errekan gora joan zen. Sinesgaitza.

Nik ere gaizki nuen belauna. Teahupoon min hartu nuen, Tahitin. Eta honi esker sendatu zitzaidan. Lagun batek arazo bera zuen, eta arraun surfarekin belauna indartu eta sendatu egin zaio. Beste batek bizkarra gaizki dauka, eta hura ere hobera egiten ari da arraun surfak indartu egiten duelako sabelaldea; sabelaldea indartzen bazaizu, bizkarra ere bai. Entrenatzen zarenean, besoak lantzen dituzu, oinak, zangoak, urdail aldea, gorputz guztia. Entrenamendua eta errehabilitazioa: hau sekulako kirola da.

Eta etorkizunaz, zer diozu? Uretan surflarien erdiak emakumeak dira.

Hori hasia da. Mauin, esaterako, emakume asko dabil. Izugarri gustatzen zaie arraun surfa, arrunt maite dute. Oso ikusgarria baita, oso dotorea. Izugarri gustatzen zaie nola sentitzen diren. Zenbaiti ez zaie gustatzen uretan egotea, bizidunak daudela sentitu eta horrek beldur ematen dielako. Goian, ur gainean zaudela konfiantza handiagoa duzu. Oinak ez dauzkazu barrenean. Urarekin beldurtzen den jendea gustura sentitzen da arraun surfean. Hawaiin, gizon adina emakume dabil arraun surfean. Oraintxe bertan. Hori da etorkizuna, zalantzarik gabe. Surfa baino handiagoa izango da, olaturik ez duzulako behar: ura dagoen edozein tokitan egin dezakezu.

Ur gezetan bestelako indar bat dago. Arraunean ibili naiz Uruguaiko erreketan, igel, arrain, suge eta ihi artean, eta behiak beste aldean, beren buruari galdezka bezala: «Eta zertan ote dabil hori hemen?».

Ni ibai askotan ibili naiz arraunean etxean, Hawaiin. Naturaren berdeak badu zerbait ona bururako; meditazioaren antzekoa da. Estatikoagoa da, beste zerbait da.

Nola lor daiteke jendeak itsasoa eta lurra zaindu ditzan?

Gure helburu behinena, itsasoa eta lurra maitatzea. Izan ere, maite baldin badituzu, zaindu egin beharko dituzu. Horrelako diziplinei esker jendeak bere ingurua maite baldin badu, bide horretan doa. Gero, hobeto zainduko dute ingurua, eta errespetu handiagoa izango diote. Alferrik da jendeari esatea itsasoa zaindu eta errespetatu egin behar duela, jendea ez bada sentitzen itsasoari lotua. Apartaturik daude; horregatik botatzen ditu jendeak bere zinkinkeriak uretara. Ez daude uretan; uretan baleude, urarekin baleude, ez lukete egingo. Maite badute, argiago ikusiko lukete. Surflariek zaindu egiten dute ura, uretan denbora asko pasatzen baitute, ura behar baitute. Jende gehiagok ura behar izatea lortzen ez badugu, ez dute arrazoirik izango ura zaintzeko. Beste inolaz ez da lortuko planeta zaintzea.

Gure arbasoek esaten zuten bola urdin honen parte garela, lurrarenak eta urarenak garela. Ura gara: gure gorputza, gure planeta. Baina beste batzuek uste dute planeta guztia berena dela.

Horrelakoa da mundu hau, bai. Loturarik gabeko mundua. Esperantza bakarra hurrengo belaunaldia da. Haurrak, haiek izango dira etorkizuneko helduak. Haurrak eta emakumeak. Emakumeek kontrolatzen baitute etxea.

Eskerrik asko. Zu eta Ibon elkarrekin olatuetan ikustea, a zer-nolako gozatua.

Ez horregatik. Hori ere gustatzen zait arraun surfetik, besteekin egitea. Denok joan gaitezke olatu berean, ez bazaizu inporta. Baina ohol txikian, aldiz, borroketan, denak borroketan «nirea da olatu hau» esaka.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia