Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:14

KULTURA;2007-04-18;SORBIDEAK. Barojarekiko zorra

Alberto Barandiaran

Sorbideak

Barojarekiko zorra

Euskal idazle askok onartu dute Pio Barojarekiko halako zorra. Heziketa sentimentalarekin lotuta dagoela uste dut. Inguruko giza paisaiari ezberdin begiratzeko joerarekin, estilo soil baina zehatzarekin. Eta irakurleak joan eta irakurleak etorri egin dira, eta erakusketak antolatzen dituzte, hitzaldiak ematen, liburuak berrargitaratzen. Agortzen ez den negozioa da, noski. Familia bat hortik bizi izan da beti. Gaur egun, hortik bizi da.

Etxean lan guztiak genituen, azal gogorreko edizioan. Gu guztion eskuetatik igaro ziren. Bi liburuki nire apaltegian daude gaur egun, opari berezi gisa. Bizi guztirako mailegua. Orriak arroz-paperaz eginak daudela ematen du. Azal lizuna dute, hauskorra itxuraz, eta klask egiten dute pasatzean. Mila gau eta bat gehiago-ren beste edizio hura ere txoriak bezala haizatzen zen paper gardenarekin egina zegoen. Bi liburuki ziren, zorro berezi batean gordeta, guretzat ezin iradokigarrigoak ziren marrazkiekin. Xerezaderen zetazko beloekin txoratzen ginen. Biblia bat ere bagenuen estilo horretakoa, gogoan dut. Ikaragarria iruditzen zitzaigun liburu lodi horietan pilatzen zen informazioa, milaka orri.

Duela urte batzuk, bigarren eskuko liburu azoka batean, Pio Barojaren euskal ipuinak biltzen zituen aspaldiko edizio bat topatu nuen. Minotauro argitaletxekoa, 1962koa. Orriak itsatsita zeuzkan, eta azalak horiak ziren. Hau da, liburua ukitu gabe zegoen, sotoren batean gordeta edo. Sekulako aurkikuntza iruditu zitzaidan, beste azoka batean Azkueren hiztegi hirueleduna ia oparituta aurkitu nuenean bezala, edo Maiakovskik Leninen omenez idatzitako poemen edizio kubatar hura salmahai baten eskaintzen artean harro, distiragarri ikusi nuenean bezala.

Euskal ipuinak. Mari Beltza ederra. Txapelandien koadrilaren ibilerak Irunen barna. Berako harakinaren ironia.

Barojarekiko zorra. Eskuetara iritsi zaidan azken altxorra El País Vasco lanaren 1972ko edizioa da. Etxe aldaketetan gertatzen diren sorginkeriak direla eta, Bartzelonako Destino argitaletxeak kaleratutako liburukotea kutxa batean agertu zen, eta maiz lardaskatu dut harrezkeroztik. Liburu anarkiko samarra da, desorekatua. Gipuzkoa eta Nafarroako iparraldeko lurraldeak bizi-bizi zehaztuta daude. Lapurdikoak ere bai. Arabako eta Bizkaikoak, gutxiago. Argazkiak, Ramon Dimasenak, benetako testigantza etnografikoa dira. Liburuak lurralde guztietako mapa tolesgarriak dakartza bere baitan, eta aspaldiko sinesmen eta usteei buruz eranskin bitxia ere bai. Euskal Herriko gida ederra da. Txalapartak berrargitaratu du orain.

Baina liburu dendetan badabil Espainiako argitaletxe baten bertsioa ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zatiekin bakarrik argitaratuta. Zikiratuta. Idazlearekin zorra txiki bat dugunontzako mutilazioa da. Barojaren literaturak hainbat belaunalditan sortu duen lilurari esker bizi izan den familia baten ondorengoen eskrupulurik gabeko marroa.

Uste dut idazleak ez zukeela inoiz onartuko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia