Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:13

KULTURA;2006-12-20;ĞEz dago gizartearen parte-hartzerik, gizartea autoantolatzeko gai ez badağ. Karguan 18 urte egin ostean, martxoan erretiratu egingo da Bertsozale Elkarteko idazkaria. Gertutik jarraitu du bertsolaritzaren azken urteetako bilakabidea. KOLDO TAPIA . Bertsozale Elkarteko idazkaria

«Ez dago gizartearen parte-hartzerik, gizartea autoantolatzeko gai ez bada»

Koldo Tapia - Bertsozale Elkarteko idazkaria

Karguan 18 urte egin ostean, martxoan erretiratu egingo da Bertsozale Elkarteko idazkaria. Gertutik jarraitu du bertsolaritzaren azken urteetako bilakabidea

juan Luis Zabala

Donostia

Baserrian ez, baina baserri giroan sortua da Koldo Tapia (Zizurkil, Gipuzkoa, 1946), eta bertsotara amonari entzundako bertso zaharrak entzunez zaletua. Bestelako zeregin batzuetan murgildu zen hala ere gazte zelarik, frankismo beteko garai «konpultsiboan». Herri mugimenduetan aritu zen, kartzela egokitu zitzaion lehenik, klandestinitatea gero, Bartzelonara ihesa... harik eta, kontu haiek guztiak alde batera uztea erabaki eta gero, 80ko hamarkadaren hasieran, Santurtziko euskara arduradun plaza eskuratu zuen arte. Harrezkero kulturgintzan egin duen lana ordura artekoarekin zuzenean lotuta dagoela uste du hala ere, garai hartako eskarmentuan izan baitu oinarria, neurri handi batean.

Francoren aurkako borrokaren garaiko itxaropenak ez ziren bete. Zuk nola bizi izan duzu desilusio hori?

Gure belaunaldiko kideak diktadura baten azpian egoteak sortzen duen konfusioaren eta zurrunbiloaren seme-alabak gara. Formakuntza eta eskarmentu politiko faltaz edo, uste izan genuen diktaduraren ondoren guk amestutako gizarte berri, libre eta sozialista iritsiko zela, baina gero ez zen horrela izan. Nik hala ere ez dut hori erresuminez bizi. Nik bizitza ehuneko ehunean bizi izan dut oraintxe arte. Erneguak eta une txarrak ere asko izan dira, baina batez beste gure belaunaldikook zorte handia izan dugula uste dut.

Nola sartu zinen gero bertsolaritzaren munduan?

Niri bertsozaletasuna amonak kutsatu zidan. Bertso zaharrak kantatzen zituen, Markesaren alaba eta horrelakoak, eta nik buruz mordoa ikasi nuen. Kartzelan egon nintzen garaian Bertsolari deitzen zidaten, bertso zaharrak kantatzen nituelako denbora pasatzeko. 1980an, ordurako euskararen eremura sartuta nengoela, Xabier Amurizaren ikasle izan nintzen, Joxerra Bilbao, Joxerra Etxebarria, Trino Azkoitia, Jon Aurre eta Iñaki Lasarekin batera. 1982an Zu ere bertsolari liburua kaleratu zuen Amurizak, baina aurretik bere bertso eskolaren eskemak nola funtzionatzen zuen probatu zuen gurekin. Santutxuko bertso eskolara joan nintzen gero.

Zer moduzko bertsolaria zinen?

Sebastian Lizasorekin batera aritu nintzen behin bertsotan, eta Sebastianek orduan sartu zidan ezpatak ekarri zuen nire bertsolari ibilbidearen amaiera. Bertsolarien artean oso kontu ezaguna da pasadizo hori.

Bertsozale Elkartearen idazkari gisa, Jaurlaritzako Kultura Sailarekin tira-bira eta gatazka handiko uneak egokitu zaizkizu, Joseba Arregi Kultura kontseilari izan zen garaian batez ere. Zer ondorio ateratzen duzu egun gatazka eta tira-bira haiek gogoratzean?

Nik egiten dudan interpretazioaren arabera, frankismotik irten ondorengo instituzionalizazio prozesuak arazo handi bat izan du herri honetan. Gizarte mugimendu praktika indartsu batekin egin zuen topo. Ez zen beharbada gizarte mugimendu politikoki eta ideologikoki oso kohesionatua eta egituratua, baina bai praktika handikoa eta oso zelula biziz osatua. Instituzionalizazioa, aldiz, goitik behera etorri zen, bat-batean. Legea zer zen ere jakin gabe sortu ginenok mugak ezartzen zituen legearekin egin genuen topo bat-batean. Orduan, Administrazioak, instituzionalizazio prozesuari eusteko, herri mugimenduak baztertu ez, ito egin nahi izan zituen.

Nola eragin zion horrek bertsolaritzari?

Bertsolaritza bere autoerakuntza proiektua ari zen garatzen, eta Administrazioak ez zuen hori kontrolatzen. Horrek tentsio ikaragarria sortzen zuen. Diskurtso politak egiten dira gizartearen parte-hartzea aipatuz, baina gizarteak parte hartzea oso polita da inorentzat eragozpen ez den artean. Inorentzat eragozpen bada, orduan gizarte hori ez da gizartea. Diskurtso hori latente dago gaur egun ere.

Bertsozale Elkarteak asmatu du tentsio horretan iraun eta bere asmoak aurrera ateratzen.

Elkartean planteatu zen gai ginela geure baitatik geure mugimendua antolatzeko, eta gainera uste dugu eredua hori dela. Ez dago gizartearen parte-hartzerik gizartea bera autoantolatzeko gai ez baldin bada. Autoantolakuntza gabe parte-hartza botoa ematea baino ez baita izango, etab hori oso parte-hartze pasiboa da. Gurea bezalako kultura batek ez dauka etorkizunik, nire ustez, parametro estandarretan, Frantziako, Espainiako edo Alemaniako gizarteak dituzten parametroetan. Horiek estatua daukate; guk ez. Gizarte mugimendua estimulatu eta aktibatu egin behar da, baina autoantolatzeko, ez botoa ematera joateko. Gure hizkuntzaren balbulak oinarrian daude, eta horiek artikulatzeko prozesurik sortzen ez badugu gertatzen ari zaiguna gertatuko zaigu: Euskal Herrian gazte guztiek dakite euskaraz, baina ez dute euskaraz egiten.

Egun askoz harreman hobeak ditu Bertsozale Elkarteak Administrazioarekin.

1996an, Mari Karmen Garmendia Jaurlaritzako Kultura sailburu zela, aurreko etapa atzean utzi eta beste etapa bat hasi zen. Etapa horretan elkarrizketa berreskuratu da. Elkarren errespetua bere tokian jarri da. Guk ez dugu inoiz Administrazioa baztertu, beharrezkotzat jo izan dugu prozesu honetan. Eta prozesu horrek elkarlaneko hitzarmena ekarri zuen, 1998an, egun indarrean jarraitzen duena. Horrek bide berriak zabaldu zituen. Diputazioekin ere harremanak normalizatu ziren, eta gaur egun harremanak normalak dira.

Elkartea gizarteko esparru batekin edo batzuekin lotuta ikusi izan du Administrazioak?

Hori Bertsozale Elkartean betidanik egon den eztabaida da, une batzuetan oso modu esplizituan, eta modu inplizituan betidanik. Ez da gai erraza, oso sentsibilitate ezberdinak daudelako. Nik neure ikuspegia baino ez dezaket eman. Nik uste dut guk politika berriak egin behar ditugula, eta kulturgintzak bere bidea egingo badu bere bidea egiteko gaitasun horretan oinarritu beharko duela. Bere barne lanketa egiten ez duen kultur proiektuak, nire ustez, etorkizun koiunturalak baino ez ditu izango. Ez da desagertuko, baina koiunturalki baino ez da izango bizirik.

Bertsolaritzari ez ezik, euskalgintzako gainerako sektore guztiei ere aplikatzeko modukoa da zure iritzi hori?

Bai. Euskalgintzako sektore guztiak gaude bide horiek jorratzera behartuta, leku bat izango badugu. Eta hala ere zailtasun handiak izango ditugu.

Zer esaten ari zara zehazki «barne lanketa» diozunean?

Mugimendu bakoitzak arduratu behar du genero bakoitzak osatzen duen ekosistemaren lanketaz. Euskal Herrian bere sorkuntza lana euskaraz egiten duenarentzat oso zaila da bidea egitea sorkuntza lan horren ekosistema osatzen duten gainerako elementu guztiez batere arduratu gabe. Ez daukagu merkaturik, eta ez dut uste merkatu harremanen planteamendu soiletik etorkizunik daukagunik. Beste zehar-lerro batzuk lortu behar dira.

Bertsolaritzak lortu ditu...

Bertsolariak eta bertsozaleak lotzea lortu dugu, eta sortzaileak inplikatzea. Bertsolariak dira ardatza, eta gainerakook, bertsozaleok, proiektu kultural batean sinesten dugu, eta hortik abiatuta gizartean esku hartzeko proiektu batean. Baina bertsolariaren sorkuntza prozesuak ere dialektikoki lotua egon behar du mugimendu hori egituratzen den prozesuan. Hortik egin daiteke aurrera nire ustez. Horretan sakondu behar da.

Kulturaren beste arlo batzuetako sortzaileen aldean, bertsolariak maiz egoten dira elkarrekin zein beren lanaren jarraitzaileekin. Abantaila da hori?

Bertsogintzak baditu ezaugarri batzuk, eta gure eredua ez daiteke beste inon aplika. Arlo bakoitzak bere estrategia planteatu behar du. Lehen bertsolaritza euskaldun autentikoa-rekin identifikatuta zegoen. Orain eremu identitario horretatik kultur sorkuntzaren eremura egin du jauzi, kultur proiektu bihurtu da, ekintza moderno gisa aurkeztua. Horrekin batera, transmisio prozesu guztiak ere aldatu egin dira. Dantzaren arloan, aldiz, adibidez, ez da pauso hori eman. Bertsolaritza bezala, elementu identitarioa izan da dantza. Baina forma klasikoari horren estu lotzearen ondorioz, azkenean eguneratzeko denbora joan egin zaio. Badira bestelako saio indibidualak, oso interesgarriak, baina ez da dantzari beste dimentsio bat emateko estrategia orokorrik garatu.

Gerora begira zer kezka nagusi ditu Bertsozale Elkarteak?

Hiru arlo nagusi aipa daitezke: transmisioa, ikerkuntza eta euskalgintzako beste esparruekiko elkarlana. Transmisioaren arloan, bertso eskolen mugimendua indartu egin behar da, eta seguru asko elkartearen autokritika garrantzitsuena ere alde horretatik dator. Orain arte bertso eskolek beren dinamika propioa izan dute, eta dinamika hori ahuldua dago. Ikerkuntzari dagokionez, ezin daiteke bertsolaritzaren etorkizuna ikerkuntzaren parametroetatik kanpora jarri. Ikerkuntzak oinarri izan behar du etorkizuneko planteamendu guztiak bideratzeko. Ikerketak bideratzeko barne talde bat sortu behar dela uste dugu, baina errebindikatzen dugu ikerketa horiek gauzatuko diren plataforma bat behar dela, ekarpen akademikoak eta ekonomikoak izango dituen gune bat. Hirugarren puntuari helduta: bertsolaritza kultur esparruan espazio zehatz bat izatera etorri da, baina, etorkizunean, euskal kulturgintzaren ekosistema osoa aintzat hartu gabe bertsolaritzak nekez egingo du aurrera. Beraz, bertsolaritzaren desafio nagusietako bat izango da nola sartu elkarlanean euskalgintzako gainerako kultur esparru osoarekin, eta ez hor zer bidera daitekeen. Gu ez gara prozesu horretan salbatzaileak izango, lankideak baizik. Egundaino ez dugu horri begira lan egin, baina orain, etxeko lanak eginda ditugunean, horri begiratzeko ordua dela iruditzen zaigu. Prozesu horretan ere funtsezkoak izango dira autoantolakuntza eta ikerkuntza.

 

Banan-Banan



Xabier Amuriza: «Bertsolaritza modernoaren aitzindaria».

Jon Sarasua: «Pentsamendua hitz bihurtzeko arkitektoa; izaera konformagaitzeko bihurri maitagarria».

Andoni Egaña: «Bertsolaritza zeharka ulertu duen bertsolaria, bertikalean ulertu beharrean (maisu irakaspen ikaragarria eman du horretan); bertsoaren barneko egituraren artisaua; eta ezetz esaten ez dakien lankidea».

Joxerra Garzia: «Gaur egungo bertsogintzaren ikerkuntza maisua; konformagaitz eraikitzailea».

Jexux Murua: «Inor gutxik bereganatuko lituzkeen lan-zama gaiztoak hartuta, erantzunen bila beti, langile nekaezina».

Imanol Lazkano: «Familia bateko ardi galdu guztiak uztartzen zituen aitajauna; eztabaida handienean ere denak lotzeko gai.

Iñaki Murua: Bertsolaritza maitagarri eginarazten dakien humanista».

Joseba Arregi: «Euskal kulturgintzari merezi ez zituen sufrikarioak eragin zizkion politikaria».

Mari Karmen Garmendia: «Tentsio ezberdinak etenarazi zituen amandrea».

Miren Azkarate: «Euskal kulturgintzaren estrategia politikoa abian jartzea bere eskuetan duen politikaria».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia