Zuraren azpian, sua
Jesus Etxebarria zizelkariak egindako obra nagusiak ikusteko aukera dago Baionako Euskal Museoan
Xan Aire
Baiona
Geriza latz eta ilun, haien isiltasuna gorgarria da. Potoloak dira gehienak, iduri eta zerbaitek barrutik hanpatu dituela. Haietarik urruntzean, ordea, zerbait sumatzen zaie, bizia baino gehiago, indarra. Zurezko azalaren sakuetarik su bat jalgitzen balitz bezala. Inpresio bitxia sortzen dute Jesus Etxebarriaren eskulturek. Itxuraz hits, baina energiaz beteak.
Indarra eta biziari lotzeko kemena ez ditu, ez, falta Etxebarriak. 36ko gerran errepublikanoen aldean borrokatzeagatik, 1937an frankistek atxilotu eta heriotza zigorra ezarri zioten lehenik, eta azkenean zortzi urteko gaztigua ezarri zioten. 1944an, askatu orduko, Ipar Euskal Herrian errefuxiatu zen, Kanbon (Lapurdi). Han, Marie-Helene Castigar ezagutu eta elkarrekin ezkondu ziren laster. Emaztea irakasle izanik, bikote gaztea mugitzera behartua zen. Bidaia eta egonaldi horiek pixkanaka-pixkanaka Etxebarriaren inspirazioa piztuko zuten.
Azkenean, Kanbon kokaturik, artistak arteari bizi parte handi bat eskainiko zion. Lan eta lan, etenik gabe, lantegiko errautsean, itzalean. Nahiz eta isiltasunean ari izan egunero, Etxebarriaren zizelkaden oihartzunak lantegiko paretak berak gainditzen ditu, obra goraipatua izateko gisan. 1966an, arte kritikaren saria eman zion Andre Maurois garai hartako frantses ministroak. 1979an, berriz, Parisko Pompidou areto ospetsuan ikusgai ezarri zituzten haren lanak. Berriki, Gasteizen egin duten Orain taldearen erakusketan ere parte hartu du, jakinez bere garaian Jorge Oteizak bere mugimenduan sartzeko proposamena egin ziola Etxebarriari.
Funtsean, Olivier Ribeton, Baionako Euskal Museoko kontserbatzaileak bi artistak konparatu zituen erakusketaren estreinaldian. «Bi gizonen obrak guztiz kontrakoak dira. Etxebarriaren obrak ez dira kontzeptualak, baizik eta oso sentsualak».
HIRU ZIKLO. Baionako erakusketa irailaren 10a arte zabaldua da. Bertan, Jesus Etxebarriaren obra famatuenak ikus daitezke, 1970. eta 1986. urteen artean egindako lanak, hiru ataletan banatuak, hiru ziklokoak.
Hamaika obra polikromizatuk osatzen dute La canción del Mío Cid lehen zikloa. Iberiako joeraren itxura eta koloreak izan arren, Iberiako kondaira batean oinarrituz ere, bere euskal nortasunaren sentimenduaren gaineratzea lortzen du Etxebarriak, erbestea, sententzien injustizia, amodioa, adiskidetasuna zein elkartasunaren indarra adieraziz.
Igor Stravinskiren musikak inspiratu zizkion Udaberriko Sakrua zikloko hamar obrak Etxebarriari. Hor ere, euskal artearen sinbolo nagusiak txertatzen ditu zizelkariak, biribila, laukia, kakotsa, ilargia eta eguzkia agertuz.
Baina Etxebarriaren estiloaren nortasuna, sentikortasuna, azken zikloan baizik ez da nabaritzen. Pertsonaren barreneko indar hura aterarazten die bere zurezko obrei Genesia garaian. Artista bera sortzen ari dela sentitzen da, karisma suhar bat askatzen dutelako zortzi lan horiek beren zizelkadetarik.
Erakusketa honen aurkezleek Jesus Etxebarria itzaletik atera nahi luketela azpimarratu zuten. Vincent Bru, Kanboko auzapezak, areto berezi bat eskaini nahi lioke artistari bere herrian, «egun batez». Egun batez, bai. Geroago, proiektagailuen fokuaren distira ez baitzaio gustatzen Etxebarriari. Bere 90 urteekin, nahiago baitu oraindik itzalean egon, lantegiko argi printzen artean, zurari sua jalgiarazten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
